Teknologia albisteak

Ikasgelako debate bat Parisko atentatuez

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Azkarate / egunsentiederra / cc-by
2015-11-17 : 10:12

Irakasle batek (Amelia Barquin) bota zuen erronka (Irakasle, nola tratatuko duzu Pariseko sarraskia zure ikasle musulmanarekin?) eta beste batek, Gorka Azkaratek, enbidoa onartu: egin egin du debate hori, eta kontatu egin du bere blogean. Handik ekarri dugu hona, CC-by lizentziari esker.

Ikasgelako "debatea"

Zaila (askotan ezinezkoa) izaten da 26 pertsonez osaturiko taldean (25 ikasle + irakasle 1), solas lasaia egitea… Batez ere, talde hori DBH3 Duiderra taldea bada arratsalde eguzkitsu batean, azken saioan.

Debaterako arautegia ez dirudi oso konplikatua:

  1. Txanda eskatu behar da. Txandaka hitz egin behar da.
  2. Euskaraz egin behar da. (Baten bati gure saioari ‘Euskara eta literatura’ izena jartzea bururatu zitzaiolako).
  3. Euskaraz egiterakoan, beharrezkoa denean, irakasleak lagunduko du falta zaigun hitza edo esamoldea esanez. (Guztiok laguntzen badugu: zalaparta. Gainera, batzuen ‘laguntzak’ iseka doinua izaten du).
  4. Ez diogu lagunari bote-prontoan zuzenduko. (Irakasleak ez badio zuzentzen, ez da hain garrantzitsu izango akats txikitxo bat edo beste).
  5. Ez dugu bi pertsonek batera hitz egingo. (Berrikus lehen araua).
  6. Ez dugu hiru-lau-bost pertsonek batera hitz egingo. (Berrikus lehen araua).
  7. Irakasleari moderatzaile lanak utziko dizkiogu.  Debatean trebatuko bagina rol hori ikasleren bati esleituko genioke.
  8. Debatea formalagoa izan dadin grabatuko dugu. Horrela geroago aztertzeko parada izango dugu eta zer hobetu ikusi ahal izango dugu.

Gaur ikasle batzuek ondo prestatuta zeukaten debaterako gaia. (Edozein aitzakia ona da ‘klasea galtzeko’): Asteburuko Pariseko gertakizunak.

Nahiko ondo hasi gara asteburuan entzundakoaren berri ematen; albistea gure hitzekin laburtuz. Ikasle bakar batek ia-ia lan guztia egin du. Zer gertatu da, noiz, non, nork, nor... Atentatua, hildakoak, tiroak, lehergailuak… Hildakoen kopuruaren zenbakiaren zehaztasuna eta beste gora-behera batzuk kenduta, bikain.

Gertakizunen kontakizun laburra egin eta gero, albistea laburtu eta gero, gertatutakoaren analisia egin behar zen. Iritzia emateko aukera zegoen. Zergatik, zertarako, zer dela eta…

Hortxe hasi dira hainbat ikasle denak batera txanda eskatzen, iritzia botatzeko asmoz. Iritzia, baina, ezagupen batzuen gainean eraiki egiten da. Eta dena esan behar, ikasle batzuek irakasleak kontu hauetan dauzkan hutsuneak baino handiagoak, nonbait.

Lehenengo araua, bosgarrena, seigarrena etengabe haustea ez zaio irakasle honi harrigarri iruditu. Harrigarriak izan dira, ordea, ikasleei entzundako esaldi batzuk: “Al-Andalus birkonkistatu nahi dute”, “Gu lasai, zeren ETAkoak eta ‘horiek’ lagunak dira eta guri ez digute eraso egingo”… “… gure urtegiak pozonduko dituztela…”, “Gaur, oraintxe bertan, Guggenhein-Bilbao inguratu dute Frantziatik ihes egindako terrorista hortxe dagoelako arma eta lehergailuz josita…” (Azken hau telefonoz, gizarte sare baten bidez-edo, jasotako “notizia” berri-beria, bero-beroa, larrialdi, estualdi!!!).

Iritzi horiek guztiak horrelako oinarri sendoa zuten: … “esan dute”, “ba nik entzun dut”, “telebistan esan zuten”, “ba oraintxe bertan bidali didate mezu bat non…”

Ikasle askok erakutsi nahi zuten “terrorista” baten zabaldutako erretratua, debatea aberasteko edo. (Edozein aitzakia ona da telefonoa patrikatik ateratzeko irakasleak ez duela errekisatuko pentsatzen denean).

Entzun diren astakeria batzuk entzun eta gero, “Euskara eta (ahal dugunean) Literatura” irakastea norainoko zentzua ote duen, berriz ere, itaundu behar gure buruari. Agian, halako batean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin hasi beharko, atalez atal. Edo geoestrategiaren oinarriekin… :-(

Jatorrizkoa: Gorka Azkarate, egunsentiederra, cc-by-sa.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu