Teknologia albisteak

Sarearen neutraltasuna ezbaian, Europar Batasunaren azken erabakiaren ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-10-29 : 11:50

Sarearen neutraltasunak Interneteko abiadura berdina ziurtatzen du Interneteko zebitzu guztiak erabiltzeko orduan, berdin delarik zer ari garen ikusten (egunkari baten webgunea, blog bat edo pelikulak deskargatzeko zerbitzu bat). Estatu Batuetan ondo lotuta daukate neutraltasuna, eta legez ondo babestuta. Europan, ostera, Europar Batasunak atzo hartutako erabakiaren arabera, zalantza asko sortu dira eta, neurri handi batean, komunikazio konpainien esku geratuko da, zer abiaduratan ikusten dugun zer eta nola. Kezkatzekoa. Sarea guztiona izatetik, Internet Zerbitzu Hornitzaileena (ISP, Internet Service Providers) izatera igaro da.

Internetek sekulako aurrerapena ekarri du gizakiontzat, orain dela belaunaldi bat guztiz pentsaezinak ziren ateak irekiz. Eta guzti horren oinarrian sare-neutraltasuna egon da, ingelesez "net neutrality" bezala ezagutzen dena, eta funtsean ondorengoa ezartzen duena: bit guztiak berdinak dira. Berdin da zer webgunetan ari zaren nabigatzen, informazioa (bit-ak), abiadura berean iritsiko zaizkizu ordenagailura. Berdin da zer ari zaren ikusten eta jaisten (egunkari bat, torrent bat, edo ikastolako webgunea), guztia abiadura berean helduko zaizu ordenagailura. Sarearen neutraltasunak, beraz, abiadura berdina ziurtatzen du kontuan izan gabe hartzailea, igorlea edo bidalitako informazioa. Sustatun lehenago ere aipatu izan dugu, 2010eko honetan, esate baterako.

Esan bezala, Interneta sortu zenetik funtsezko kontzeptua izan da. Orain arte. Izan ere, Estatu Batuetan oinarrizko eskubide hori legez ondo babestuta duten bitartean, atzo Europar Batasunak hartutako erabakiak oinarrizko eskubide hori urratseko ateak zabaltzen baititu. 

Atzoko erabakia

Azken bi urteotan, Europako Parlamentua testu bat lantzen aritu da, besteak beste Roamingaren inguruan, baina Neutraltasunaren aldeko neurri batzuk ere ezarri nahi ziren horrekin batera. Onartutako testuaren helburu nagusia roaminga kentzea zen (telefono mugikorren operadoreek ezartzen dituzten gain-kostuak atzerritik deitzerakoan). Hori bai onartu zen eta 2016an ezarriko da prezioen jaitsiera Europar Batasuneko herrialdeetan. Testu berean baina, sare-neutraltasuna babesteko proposamenak ere aurkeztu ziren. Bat baino gehiago, gainera, eta guzti-guztiak baztertu zituen Euroapako Parlamentuak, Alderdi Popularraren, Sozialisten eta Liberalen kontrako botoekin.

Azken batean, neutraltasunaren inguruan "ezer ez erabakitzea" erabaki zuen Parlamentuak, horrela ezbaian jarriz sare-neutraltasunaren eskubidea. Izan ere, ezer erabaki ez, eta erabakiak telekomunikazio enpresen esku utzi dituzte, egoera arriskutsu eta zalantzaz beteriko bati ateak irekiz. Komunikazio enpresek erabaki ahal izango dute zer zerbitzu sartzen diren euren bideetatik, eta zeini eman lehentasuna, trafikoa diskriminatuz, abiadura aliritzira aldatuz, eta abar.

Enpresa eta ekintzaile txikiei ere zuzenean eragingo die (edo eragin diezaieke). Adibidez, etorkizunean norbaitek YouTuberi konpetentzia egiteko zerbitzu bat sortuko balu, YouTubek dirua ordain dezake zerbitzu berri hori YouTube baino polikiago joan dadin sarean. Zerbitzua ez litzateke kalitatearen arabera merkaturatuko, aukera ekonomikoen arabera baizik.

Albiste txarra gehien-gehienontzat, Ekonomia Digitalerako Komisario Günther Oettingerrek aurkakoa esan arren, erabakia ñabarduraz jantziz: 

(...) There will be no "fast lanes": we have banned paid prioritisation and all traffic has to be treated equally. Our rules allow under the strict supervision of national regulators to treat the data traffic other than the access to internet, such as for example data generated by a medical sensor as specialised services provided that the open internet is not negatively affected".

Egia da, ez da Neutraltasunaren "aurkako" erabakirik hartu, baina behin atea irekita... korrontea sartuko da. Eta ziur sartuko da, gainera, politikoek Internet Zerbitzu Hornitzaile handien eskaera guztiak onartu baitituzte. 

Aldekoak eta kontrakoak

Goiko grafikoan laburbilduta ageri dira sarearen neutraltasunaren aldeko eta kontrakoak. Neutraltasunaren alde daude herritar eta kontsumitzaile elkarteak, Interneteko enpresa handiak, zein Lawrence Lessig edo Sir Tim Berners-Lee bezalako teknologiaren munduko pertsona ezagunak. Azken horrek World Wide Web Fundazioaren webgunean artikulu hau publikatu zuen botazioaren aurretik, esanaz "orain idatzi diren moduan, arau hauek berrikuntza, adierazpen askatasuna eta pribatutasuna mehatxatzen dute, eta Europak ekonomia digitala gidatzeko gaitasuna ezbaian jarri".

Interneteko hainbat eragilek sinatu dute Europako Parlamentuari zuzenduriko gutun bat Sarearen neutraltasunaren aldeko emendakinak onartzeko eskatuz. Tartean daude sarean diharduten hainbat enpresa handi Google, Microsoft, Amazon, BitTorrent, Etsy, Foursquare, Kickstarter, Netflix, Tumblr, Reddit, Soundcloud, Twilio edota Vimeo.

Aldiz, sarearen neutraltasunaren kontra daude telekomunikazio enpresak eta sarearen azpiegitura fisikorako lana egiten dutenak. Aspalditik dabil Cesar Alierta Telefonikako burua esanaz Google eta Facebooki bere azpiegitura teknologikoa erabiltzearren kobratzea nahi diela.

Neutraltasuna galtzearen ondorio nagusiak

Barbara van Schewick Stanford-eko unibertsitateko irakasleak lau ondorio ikusten ditu atzoko erabakiaren ostean:

  1. Internet zerbitzu hornitzaileek (ISP ingelesez) linea azkarrak sortu ditzakete diruaren trukean zerbitzu berezien salbuespenari esker. Salbuespena "zerbitzu berezientzat" dago pentsatua (adibidez, osasun-datu edota bakarrik gidatzen diren autoentzat), baina salbuespena zer den ez dago ondo definitua, eta Internet zerbitzu hornitzaileen esku geratuko da linea azkarrak eskaintzea zerbitzu bereziak balira lez.
  2. Arauak Internet zerbitzu hornitzaileen esku uzten du eduki jakin batzuk (webgune batzuk, adibidez) azkarrago zerbitzatzeko aukera. "Zero-rating" edota zero-balioa bezala ezagutzen diren edukiek ez dira konputatzen erabiltzaileen hilabeteko kontsumo mugan (banda-zabal edota deskarga-kuota mugan). Beraz, enpresa batek ISPei ordaindu ahal die bere zerbitzua zero-balio gisa kontsideratu dadin, eta ondorioz abiadura desberdineko Interneta sortuko litzateke. Ordaintzen duten zerbitzuak azkarrago ikusiko genituzke gure ordenagailuetan; ordaintzen ez dutenak (edo ISPak nahi ez dituenak), askoz motelago.
  3. Arauak ISPen esku uzten du trafikoaren eta webguneen abiadura igo edo jaistea, nahiz eta trafiko-pilaketarik ez egon. ISPen esku geratuko da zenbait trafiko motaren aurka egitea (adibidez torrent bidezko trafikoa motelduz). Eta, zenbait kasutan, enkriptatutako datuak ezin direnez identifikatu, linea geldoan jarri ditzakete ISPek. Honek enkriptaketaren erabilpenaren aurka egingo du, eta sarea arriskutsuagoa bilakatu daiteke.
  4. Arauak aukera ematen die ISPei datuen trafikoa kudeatzeko pilaketak ekiditeko helburuarekin. Honek esan nahi du edozein momentutan moteldu dezaketela trafikoa, eta ez soilik pilaketak daudenean. Praktika hau trafikoa diskriminatzeko erabiliko dela uste du Van Schewick irakasleak, pilaketak egongo diren aitzakian.

Laburbilduz: Internetak oinarrizko zeukan eskubide bat galdu dugu europarrok atzo. Hemendik aurrera, Telefonica moduko zerbitzu hornitzaileek agindu ahalko digute zer, noiz eta nola ikusi.

Informazio gehiago:

Erantzun

Sartu