Teknologia albisteak

Maite ditut… uzkinazoak

Erabiltzailearen aurpegia
Bea Salaberri. cc-by-sa
2014-12-29 : 18:08
Gogoan dut haurra nintzela, zozokeria bat egiten nuelarik, erraten zitzaidala “ze uzkinazoa egiten duzun!”. Konplimendua ez zen ene gustukoena, noski. Uzkinazoa, ezagutzen ez dutenentzat, txori berezi bat da. (jatorrizkoa, Han eta hemen blogean, cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria / Argazkia: Luc Viatour / www.Lucnix.be cc-by-sa)
Diotenez, ez da betere abila ( honen froga zientifikorik ez dut nehun aurkitu). Itxuraz partikularra da, sustut koloretsua baita eta batere ez diskretua eta kantua ere hementxe entzun daitekeen bezala, aski bitxia du, hau ere diskrezio gutxikoa: beste txorien oihuen imitatzeko gaitasuna du, inguruko beste espeziek bota txioak bereganatu eta zabaltzen ditu lau haizetara (seguraski eremu batean konkurentziaren uxatzeko). Horretaz gain e-ten-ga-be ari da, isiltzen ez den xori bat da.

Etxe ondoan bat izanki, bestelako berezkotasunen xerka ari nintzela, txori honen latinezko hitza etorri zait begipera: Garrulus glandarius deitzen da.
Espezien klasifikazioan, espezie bakoitza bi izenekin bataiatua da, hizkuntza desberdinen arteko ulermena segurtatzeko eta bi ahaideren arteko desberdintzea errazteko klasifikazioetan. Artetik, Linné suediarrari zor diogun izendapen sistema da.

Izen hori latinez irakurri dudan lehen aldian, irri egin dut. Frantsesez dakitenek jakinen dute zergatik: glandarius hori ikusi dudanean, gogora etorri baitzait frantsesez erabiltzen dugun “glander”, erran nahi baitu alferkeria edo inultikeriatan aritzea.

Tronpatzen nintzen.

Glandarius izena eman zioten, ohituretan duelako, haitzetan gaindi ibiltzeko eta larrazkenean ezkurrak biltzeko (frantsesez “gland”). Hots bere izenak dio, ez alferra denik, alderantziz, ezkurrak “ekoizten” dituela. Izan ere, anitz jaten ditu eta gormandizaz metatzeko asmoz mokoan eraman ditzake hiruzpalau aldi berean. Baina horra, mokoa seko beterik, hegalka doala, bidean galtzen ditu han hemenka. Eta ez dituenean galtzen, gordetzen ditu nonbait eta ahanzten nun ezarri dituen. Hortik, gisa batez, eskertu behar zaio haitzondoen zabaltzea eremu urrunagoetara, zeren, noizbait, xori honek eraman eta galdu, edo gorde eta ahantzi ezkurretatik pusatzen baitira haitzondo berriak.

Maite dut xori hori. Azken batean ene buruari pentsarazten baitit alde desberdinetarik, batez ere maila profesionalean.

Haren kantan: ezagutzak eta gauzak leku bat edo bestetik errekuperatu eta imitazio hutsez, daitort, berriz botatzeko joera horretan.

Haren aho-handi joeran: ezin isildua izana akatsa dut. Zorionez bakarra da.
Haren joera zabaltzailean: lau haizeetara hedatzen ditudan informazioengatik edo ikastaldeetan diseminatu jakintzarengatik.

Haren gormandizarengatik: ez baitakit ene buruaren mugatzen gai bakarrean, luze eta sakon, beste batera pasa aitzin.

Haren joera amnesikoan ere: maiz gauza bat egin, zabaldu, bildu … bezain laster, ahanzten baitut nik ere.

Haatik, uzkinazoaren kasuan bezala, erein, galdu, ahantzi gauza guzi horietarik, gerta daiteke, noizbait, nonbait, zerbait pusatzen dela.

Ez dirudi gauza handia, inportantea, mundua alda lezakeena. Ez da gauza kontrolatu eta segurra, emaitza aurreikusia. Agian, onartu beharko da, besterik gabe den gisan eta poztu milaka aldiz hausnartuak, errepikatuak, ehunka lekutan utziak, segurtamenik gabe eta neke kotsiaz, araiz, egun batez fruituak emanen dituela.

Totema duket. 

Ene baitan barna uzkinazo sentitzen naiz. Bai.

Jatorrizko testua: Bea Salaberri, Han eta hemen, cc-by-sa.
Argazkia: Luc Viatour / www.Lucnix.be cc-by-sa Wikipedia.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago