Teknologia albisteak

Aisia eta nekazal ingurunea (Quad txikitzaileen kontra)

Erabiltzailearen aurpegia
Kalamuaren Aldekoak
2014-11-17 : 10:06
"Garai batean belarrezko bide goxo zirenak motorren eta quaden pista bihurtzen ari dira, pertsona talde txiki baten probetxurako, eta modu honetan eibartar izpirituarekin hain lotuta dagoen inguru naturala galtzen ari gara..." (Kalamuaren Aldekoen idazki hau Eibarko medio batzuetan azaldu da, baina hainbat tokitan bizi den egoera bati buruzkoa da, eta baimenarekin dakarkigu hona. Harremanetarako: kalamuarenaldekoak [a bildua] gmail.com)

Eibarko nekazal ingurunea oso mugatua da, hori badakigu. Hegoaldea, laiotza eta malda handiekin, ekialde eta mendebaldean ezertxo ere ez dugu, errepide nazionala. Baina iparraldean, Eibar bezalako herri batentzat benetako harribitxia dugu kokapen, orografia, paisaia eta lurzoruaren testurari begiratzen badiegu, nahiz eta hango zuhaitz gutxiak galtzen doazen.

Inguru horretan gabiltzanok, bide guztiak hondatzen ari direla ikusten ari gara azken urteotan. Garai batean belarrezko bide goxo zirenak motorren eta quaden pista bihurtzen ari dira, pertsona talde txiki baten probetxurako, eta modu honetan eibartar izpirituarekin hain lotuta dagoen inguru naturala galtzen ari gara, hain ederra dela eta ia daukagun bakarra dela kontutan hartzen badugu.

Gaur arte, eibartarroi pasealeku naturalekin zer ikusia duen edozer galarazi zaigu. Hainbat herritarrek eskatutako (sinadura eta guzti, 10.000 baino gehiago) bidegorria oraindik kimera bat da, Euskadiko eta (zergatik ez?) Espainiako edozein herrik daukanean. Orografiagatik kostu altuak direla esaten zaigu eta abar, baina errealitatea da, eibartar batek hiritik kanpora ibilaldi bat egin nahi badu errepide jeneralera atera behar duela ingurune egokiagoen bila.

Gauzak horrela, gutako askori Arrate-Kalamua-Akondia-Urko da gelditzen zaigun gune bakarra. Jatorrian ingurune zoragarria, baina zaintzen hasten ez bagara galduko duguna (bagoaz bidean).

Kontua ez da inbertitzea, dagoena babestea besterik ez. Nekazal ondare bat ahalik eta modu onenean kontserbatzea, praktikan ia gelditzen zaigun bakarra. Edonola ere, toki hau ezin dugu pertsona talde txiki baten eskutan utzi, hauei inguruaren egoera (gaur egungoa edo etorkizunekoa) bost axola zaienean.

Arazoa dozena bat pertsona dira, ez gehiago, baina beraien makinekin parean harrapatzen duten guztia txikitzen dute. Ez dira konturatzen (edo ez zaie axola) eragiten duten kalteaz.

Idatzi honekin dagokien erakundeei dei egiten diegu (udala, aldundia eta abar) gaiaren ardura har dezaten eta behingoz aisialdiko ibilgailu hauen erabilera erregulatu dezaten.



Erantzun

Sartu