Teknologia albisteak

EUS domeinuetan aitzindari bihurtzeko: baldintzak eta prozedura

Erabiltzailearen aurpegia
PuntuEUS
2014-04-28 : 14:27
Jada abian da fase hau. .EUS domeinuak 90 aitzindari izango ditu, 90 webgune, 6 hilabetez ikusgarri izango diren .EUS domeinu-izen bakarrak izango direlarik. Hortaz, 90 domeinu-izen horietako bat eskuratu eta aitzindari izan nahi duten norbanako, elkarte, instituzio publiko eta enpresek proposamen bat bidali beharko digute.
Aitzindarien Programaren helburu nagusia .EUS domeinuaren sustapena da. Aitzindari izateko interesa dutenei lehen 90 .EUS domeinu-izenen artean egoteko aukera eskaintzen die. Fase esklusibo honetan parte hartzeak ekarpen ekonomiko berezia suposatuko du, ekarpen hori finantzarioa edo espezietan egin ahalko delarik (edota bien konbinazio bat). Honek, bide batez, .EUS domeinuaren proiektua ekonomikoki laguntzea ere ahalbidetuko du.

Horretarako, 4 multzo ezberdin definitu ditugu eta multzo bakoitzaren izaeraren arabera, ekarpen ekonomiko minimoa ezarri dugu. Zehazki, hau da jarraituko dugun eskema:



Proposamenak bidaltzeko epea gaur ireki eta maiatzaren 30ean bukatuko da eta info@domeinuak.eus helbidean jasoko ditugu.

Jarraian, baldintzak zehatz-mehatz:

Noiz eta zergatik


.EUS domeinuaren Aitzindarien Programak ekainaren 21etik aurrera .EUS domeinua eskuratu eta erabiltzen hasteko aukera eskaintzen du. Data horretan aktibatzen diren .EUS domeinuak .EUS Domeinu-izen Aitzindariak izango dira eta 6 hilabetez aktibo egongo diren .EUS domeinu-izen bakarrak izango dira.

.EUS Domeinu-izen Aitzindarien Programak .EUS domeinuaren erabileran lehenen artean egoteko aukera eskaintzen du, eskatzailea, bere eduki, produktu edota zerbitzuak Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatera bideratzen aitzindari bilakatuz. Bide batez, .EUS Domeinuizen Aitzindaria eskuratzen duen orok, batetik, .EUS domeinuaren sustapenean lagunduko du eta, bestetik, proiektua ekonomikoki ere bultzatuko du.

Jasotako proposamen baliagarri guztien artean, PuntuEus Fundazioak, gehienez, 90 .EUS Domeinu-izen Aitzindari hautatu eta aktibatuko ditu ekainaren 21ean.

Zein dira .EUS Domeinu-izen Aitzindariak hautatzeko irizpideak?


PuntuEus Fundazioak, gehienez, 90 .EUS Domeinu-izen Aitzindari hautatu eta aktibatuko ditu. .EUS Domeinu-izen Aitzindariak jaso diren proposamen baliagarrien artean hautatuko dira, ikusgarritasun eta aniztasun irizpideetan oinarrituz eta .eus domeinuak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea sustatzeko duen konpromisotik abiatuz. Era bereran, PuntuEus Fundazioak, Aitzindarien Programaren baitan eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateko eragileen artean, .EUS domeinuaren aitzindari izateko aukera bultzatuko du.

Nork har dezake parte .EUS domeinuaren Aitzindarien Programan?


Edonork, izan norbanako edo entitate juridiko, har dezake parte .EUS domeinuaren Aitzindarien Programan, beti ere Hautagarritasun-baldintzak (3. galdera) bete eta euskara eta euskal kulturaren komunitatearen sustapenerako konpromisoa eta dinamismoa erakusten baditu.

Zein dira .EUS Domeinu-izen Aitzindarien Hautagarritasun-baldintzak?

.EUS Domeinu-izen Aitzindariek .EUS domeinu-izen guztiek bete behar dituzten hautagarritasun-irizpide orokorrekin bat etorri behar dute, hau da, euskarazko edukiak izan edo euskal kulturaren gaineko edukiak bildu beharko ditu (kultura hitzaren adierarik zabalenean).

Hautagarritasun-baldintza orokor horiek dira: .EUS Domeinu-izen Aitzindariak Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateko kideek eskuratu ahalko dituztela. Komunitate hori osatzen dute:
  • Internet bidezko komunikazioak euskaraz dituztenek (edota euskaraz izateko konpromisoa hartzen dutenek);
  • euskal kultura Interneten bitartez sustatzen dutenek;
  • eta Internet bidezko komunikazioak eta zerbitzuak bereziki komunitate horretara bideratu nahi dituztenek.
Era berean, .EUS Domeinu-izen Aitzindariak Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen onurarako sortua izan behar du.

Horrez gain, Hautagarritasun-baldintza espezifikoak. Irizpide orokorrez gain, .EUS Domeinu-izen Aitzindari izateko proposamenek, jarraian agertzen diren multzoen artean egon behar dute:
  • Euskara eta euskal kultura sustatzeko bokazioa duten norbanako eta mota guztietako entitateentzat (ikus 6. galderako taula), Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatean ezagunak direnak:
    • izen propioa edota ezagun egiten duen izen-artistikoa (laburdura edota bariazio nabarmenak barne hartuz), edota
    • eskaintzen d(it)u(z)ten online zerbitzua(k); edo
  • Euskara hizkuntza propioa den lurraldeetan konpetentziak dituzten erakunde publikoentzat (edozein mailatakoak):
    • Erakunde publikoaren izen propioa, laburdura eta bariazio nabarmenak barne hartuz, edo
    • Erakunde publiko horren ardurapean dagoen zerbitzu publiko baten izena, esaterako, ingurumena, hirigintza, osasuna, kultura, hezkuntza, turismoa, hedabideak eta abar.
  • Euskara hizkuntza propioa den lurraldeetako eremu baten izen geografikoa, erreferentzia-puntu lokalak, maila lokalean esanguratsuak diren izen eta ikonoak, laburdura eta bariazio nabarmenak barne hartuz; beti ere erakunde publiko horren ardurapeko lekua edo tokiko araudiaren araberako erreferentziapuntu lokala bada; edo
  • Aurrez euskarazko komunikazioak dituzten mota guztietako entitateak (norbanako, elkarte edota enpresak), webgune, postazerrenda, blog edota bestelakoen bitartez:
    • Entitatearen erregistratutako izenak edo markak (laburdura edo bariazio nabarmenak barne hartuz); edo
    • Izenak edo ezizenak.

Horren gain, eskatzaileak, asko jota, Aitzindarien Hitzarmena sinatzen den egunetik .eus domeinuaren abiarazte-aldia hasi bitarte, euskarazko bertsio oso edo partzial bat izango duen webgunea argitaratzeko gaitasun teknikoa erakutsi beharko du.

Nola erabili behar dira .EUS Domeinu-izen Aitzindariak?

Hautatuak diren .EUS Domeinu-izen Aitzindariak .EUS domeinuaren garapen eta sustapenean laguntzeko esleituko dira. Helburu hori betetzeko, .EUS domeinuaren Fase Irekia hasi bitarte, .EUS Domeinu-izen Aitzindariak dituztenei honakoa eskatzen zaie:

  • Hautatutako .EUS Domeinu-izen Aitzindaria martxan dagoen webgune aktibo bat izatea.
  • Webgune horrek .EUS Domeinu-izen Aitzindariarekin lotura duten eduki, zerbitzu eta produktuen promozioari erantzutea. .EUS Domeinu-izen Aitzindaria duen webgunea ezin da beste web-orri batzuetara birbideratu.
  • Webgune horren edukien zati esanguratsu bat euskaraz egotea.
  • Domeinu-izena mantentzea eta ez transferitzea Aitzindarien Hitzarmenean agertzen ez den hirugarren bati, .EUS Domeinu-izen Aitzindariaren eskatzailearen afiliatu edo kidea ez bada.

Egin beharreko ekarpen ekonomikoa.


.EUS Domeinu-izen Aitzindarien titularrek .EUS domeinuaren garapenean euren ekarpena egin behar dute. Ekarpena bi modutan egin daiteke:

  • Ekarpen Finantzarioa: Aitzindarien Kuota aurre-ordainduz, .EUS Domeinu-izen Aitzindari bakoitzeko; edo
  • Espezie-ekarpena: Ekarpen mota honetan interesatuak daudenek aurkezten duten proposamenean adierazi beharko dute. Espezie-ekarpena zehaztasun nahikoarekin azaldu beharko da, inbertsioa zein arlotan egingo den argituz eta inbertsio horrek .EUS domeinuaren ikusgarritasun edo garapenean duen eragina azalduz. PuntuEus Fundazioak erabakiko du, diskrezioz eta kasu bakoitza aztertu eta gero, espezieekarpen zehatz bat onartzen duen edo ez. Onartzen ez bada, eskatzaileari Aitzindarien Kuota aurre-ordaintzeko aukera eskainiko zaio.

Aitzindarien Kuotak eskatzailearen izaeraren arabera banatu dira, lau multzotan (goian koadroa duzue, hemen berriro):

  • Norbanakoak. Norbanakoen webguneak, oro har. 300€
  • Euskara eta euskal kulturaren sustapena aktibitate nagusi duten entitateak.  Euskararen sustapenerako elkarteak, euskal kulturaren sustapenerako elkarteak, editore eta liburu-dendak, idazleak, itzultzaileak, interpretariak, entitate artistikoak, kultura herrikoia/tradizioa sustatzen duten entitateak, museoak, kirol-elkarteak, herri mugimendua, sektore akademikoa eta abar. 500 €
  • Instituzio publikoak eta hauengandik eratorritako erakundeak. Autonomia, komunitate, herrialde, herri eta udalerriak. Erakunde politiko eta sozioekonomikoak. Partidu politikoak (kargu nagusienak betetzen dituzten pertsonen izenak barne), sindikatuak, patronalak, profesionalen elkargoak eta elkarteak. 3.000€
  • Enpresak eta hedabideak. Mota guztietako enpresak eta hedabideak 5.000€

Nola erregistratuko/eskuratuko dira hautatu .EUS Domeinu-izen Aitzindariak?


Behin PuntuEus Fundazioak .EUS Domeinu-izen Aitzindari bat hautatu duenean, domeinuizen horren behin-betiko eskuratzea eta erregistroa burutzeko honako baldintzak bete behar dira:

  • Aitzindarien Hitzarmenean biltzen diren baldintzak onartzea.
  • .EUS Domeinu-izen Aitzindari bakoitzeko dagokion Aitzindarien Kuota ordaintzea edo PuntuEus Fundazioak .EUS domeinuaren sustapenerako espezie-ekarpena onartzea (gutxienez dagokion Aitzindarien Kuotaren parekoa). Hautatu .EUS Domeinu-izen Aitzindarien erregistroa baimendutako erregistradore baten bitartez burutuko da.

Bidal iezaguzu zure .EUS Domeinu-izen Aitzindarirako proposamena


PuntuEus Fundazioak dei egiten du .EUS domeinu-izen Aitzindarien proposamenak helarazteko. Proposamenak posta elektronikoz jasoko dira, info@domeinuak.eus helbidean eta jarraian aipatzen den informazioa jaso beharko dute:
  • Eskatzailearen izena. Eskatzailea euskara hizkuntza propioa den lurraldeetako Erakunde Publiko bat bada, hala dela argi eta garbi azaldu beharko da.
  • Proposatzen d(ir)en .EUS domeinu-izen Aitzindaria(k). Atal honetan azaldu beharko da proposatzen d(ir)en domeinu-izen aitzindiaria(k) jarraian agertzen direnen laburdura edo bariazioa d(ir)en:
    • Eskatzailearen marka erregistratua: legedia eta erregistro zenbakia.
    • .EUS Domeinu-izen Aitzindaria eskatzen duen Erakunde Publikoaren izena.
    • .EUS Domeinu-izen Aitzindaria eskatzen duen Erakunde Publikoak eskaintzen duen zerbitzu baten izena.
    • Euskara hizkuntza propioa den lurraldeetako izen geografikoa.
    • .EUS Domeinu-izen Aitzindaria eskatzen duen norbanako edo entitatearen izena.
    • Tokian-tokiko legediaren arabera .EUS Domeinu-izen Aitzindariaren eskatzaileak erabiltzeko eskubidea duen izena (adibidez, jatorrizko deiturak).
  • .EUS Domeinu-izen Aitzindaria izango duen webgunean eskainiko diren eduki, produktu edota zerbitzuen gaineko deskribapen laburra eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearekin edota euskara eta euskal kulturaren sustapenarekin duen loturaren argipena.
    • .EUS Domeinu-izen Aitzindaria izango duen webgunearen edukiak osoki edo zein neurritan izango diren euskaraz.
    • Espezie-ekarpenak: eskaintzen den diru kantitatea eta ekarpenaren balorazioa eta zehaztapena (dagokion multzoaren araberako minimoa errespetatuz).

Eskatzaileak aipatu informazio guztia helarazten ez duen kasuetan, PuntuEus Fundazioak informazio gehiago eskatuko du. Eskatu informazioa jasoko ez balitz, PuntuEus Fundazioak proposamena baliogabetu egingo du.

.EUS Domeinuaren Aitzindarien Programa dokumentu honetan azaldutakoaren arabera garatuko da eta baita ICANNek Qualified Launch Program-ean ezarritako baldintzen arabera ere.

Zalantzak eta proposamenak: info@domeinuak.eus

Erantzun

Sartu