Langabezia kooperatibetan, argibideak Fagor kasuaren harira
Etxera bueltan, Fagor Etxetresnetako bazkideren baten hitzak entzun ditut, langabeziara joango direla esanez. Beste txokoren baten irakurri dut, berriz, egutegi mugikorra aplikatuko zaiela bazkideei negoziazioek iraungo duten 4 hilabeteko gehienezko epean. Langabeziara joango direnak ebentualak izango direla. Ea ba, uste dut merezi duela tarte bat hartu eta azaltzeak.
MONDRAGON Korporazioaren elkartasun tresna gakoetako bat Lagun-Aro dugu, borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundea. Orokorrean, korporazioko kooperatibetako bazkideak mutualistak dira bertan. Hala ere, badira kooperatibak Lagun-Aron ez daudenak (Mapsa kooperatiba, esaterako), eta badira Lagun-Aron MONDRAGONekoak ez diren kooperatibak ere (Irizar, esaterako). Halaber, bazkide-mutualista izateko baldintza batzuk bete behar dira, eta baliteke mutualista ez diren bazkideak egotea kooperatibetan. Beno, zehaztasuna egin behar nuen, badaezbada ere. Fagor Etxetresnen kasuan, Lagun-Aroko kooperatiben artean dagoenez gero, bazkideak mutualistak izango dira, orokorrean.
Lagun-Arok hainbat mekanismo ditu kooperatibetan enplegua mantentzeko, langabezia egoerak ekidin edota eragina murrizteko. Horietako bat da egutegi mugikorrena. Berau aplikatuta, kooperatibak dituen produkzio beharretara egokitzen dira lan-orduak. Bada ERE de reducción izeneko bat, bestelako erakundeetan aplikatzen dena, eta parekoa dena. Lan egin gabeko ordu horiek, laburbiltzeko, Lagun-Arok ordainduko lituzke, eta geroago kooperatibek ordu kopuruak “ordaindu” beharko lituzkete: ordu gehigarriak lan eginez edota aurrerakinen (soldaten) zati bat Lagun-Arora bideratuz. Tresna hau erabiliko dela esan duten komunikabideei kasu egiten badiegu, behin-behineko neurri gisa definitutakoa aplikatuko litzateke bazkideen artean, eta ez lirateke langabeziara joango.
Hala ere, badute bazkideek aukera kooperatibetan langabeziara joateko. Langabeziari behin-behineko irteera topatzeko neurrien artean, mutualista 2 urtez joan liteke langabeziara (langabetuen prestazioa jasoz). Gehienezko epe horren ondoren, lanera itzuliko lirateke (posible balitz). Langabezia “errotatiboa” deritzaio.
Azken-azken-azken eta behin betiko neurria (aurre-erretiroak edota birkokapenak baztertu edo gauzatu ondoren) kaleratzea litzateke. Baina ondo justifikatu beharko litzateke, Lagun-Arok baimena eman behar baitu. Kasu horretan, bazkide-mutualistak kalte-ordaina jasoko luke.
Neurriok guztiok Lagun-Aroko Enpleguari Laguntzeko Fondo-tik elikatzen dira, kooperatibetako mutualistek beren aurrerakinen zati batekin osatzen dutena.Jatorrizkoa: Naroa Elortza, Ilunkaran. CC-by-sa
Erantzunak kargatzen...