Teknologia albisteak

Rikardo Arregi sariak 2013

Erabiltzailearen aurpegia
Rikardo Arregi sariak
2013-06-29 : 16:53
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 25 urte bete ditu aurten, eta gaur jakinarazi dituzte aurtengo sarituak Andoainen. Sari nagusia izan da Berria egunkariko kirol saila eta Interneteko edizioarentzat 2012ko Olinpiar Jokoei egindako jarraipenagatik. Kazetari berria saria Alex Gurrutxagak jaso du. Epaimahaiaren sari berezia, Ainara Argoitia Barren aldizkarikoari eman diote. Ohorezko bi aipamen izan dira Euskalerria Irratiarentzat eta Berria egunkariarentzat; eta epaimahaiaren aipamen berezia ere bai Lander Arbelaitzi.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 25 urte betetzen ditu 2013. honetan, eta gogo onez hartu dugu ospakizun hau. Batetik, hogeita bost urteotan aukera izan baitugu euskaraz egindako kazetaritza lan bikainak saritzeko; bestetik, urtez urte horrelako lanak ugariagoak direlako, eta epaimahaien lana zailagoa; azkenik, zenbait kazetari gazteren ibilbide oparoaren lekuko izan garelako. Sari honen helburua euskarazko kazetaritzan kalitatea, bikaintasuna eta etengabeko berrikuntza sustatzea izan da, 1989. urtetik gaurdaino, eta irizpide hauek hartu ditu kontuan aurtengo epaimahaiak ere 2012ko maiatzetik 2013korako tartean kazetariek euskaraz egin dituzten lanak aztertzeko.

Epaimahaiak, bereziki, eskerrak eman nahi dizkie beren lanak igorri dituzten kazetari eta medio guztiei. Idatzizko hedabideetan, zein irrati, telebista, nahiz agerkari digitaletan oso lan interesgarri eta txukunak aurkitu ditu, bai aurkeztutakoen artean, bai gainontzekoen artean ere. Horretaz guztiaz, jardun dute eztabaidan epaimahaikideek arratsalde luzeetan, eta emaitzak ondorengo kazetariak eta lanak dira. Zorionak irabazleei, baina baita egunero kalitatezko kazetaritza euskaraz egin daitekeela frogatzen duzuen profesional guztioi.

1.-OHOREZKO AIPAMENA.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXV. urteurrena ospatzen ari garen honetan, Sariaren Epaimahaiak beren urteurrenetan dauden bi hedabideri nahi die ohorezko aipamena egin:

Euskalerria Irratiak mende laurdenez dihardu Iruñerriko uhinak euskaraz hornitzen. Jakin badakigu zeinen baldintza gogorretan egin duten aurrera lankideok, eta oztopo eta eragozpen guztiei aurre eginik irrati duin eta eredugarria eskaini dute sortu zenetik. Programazio zabala ez ezik, kalitate handikoa eskaintzen du, tokiko irratia eta hurbila izanagatik, ikuspegi zabalekoa, bertan goxo egotetik urruti dabilena, bizia, askotarikoa eta ausarta. Gainera, garaian garaiko euskarrietara egokitzeko ahalegina egin dute: uhinetan ez ezik, Internet bidez ere hedatzen dute beren ekoizpena, eta horri esker Nafarroatik kanpoko euskaldun askok jarraitzen dute/dugu Iruñerriko gertakarien berri.

Epaimahai honen iritziz, Euskalerria Irratiko 25 urteko ahalegina aipagarria izateaz gain, euskal hedabideen sisteman egin duen ekarpena ere goraipatzekoa da guztiz. Egunkaria proiektutik jaiotako Berria egitasmoak ere, 10 urte bete berri ditu aurreko astean. Sariaren XV. Edizioan Euskaldunon Egunkariak ohorezko aipamena jaso zuen, historian zehar euskara hutsean kaleratu ziren egunkariekin batera, Eguna eta Egunerorekin batera, eta oraingoan Epaimahaiak ohorezko aipamen hori bera Berria kazetari egitea erabaki du. Aipamen honen arrazoi nagusiak honako hauek izan dira: batetik, egunez egun euskararen normalizazioan egiten duen ahalegin sendoa, euskaldunon babes eta onarpenarekin. Eta bestetik, euskal kazetaritzaren erreferenteak saritzea bada kontua, ezin erreferenteagorik aurkitu, Epaimahai honen ustean.

Beraz, aurtengo ohorezko aipamena, konpartitua:

Euskalerria Irratiari, 25 urte betetzen baititu udazkenean eta Berria kazetari, 10 urte bete berri dituenari.

2.-EPAIMAHAIAREN AIPAMEN BEREZIA.

Informatzeko eginkizunarekin konpromiso sendoa erakutsi du, bere burua arriskuan jartzeraino.

2013ko apirilean Donostiako AskeGunetik kazetari gazte honek euskal gizarteari informazioa helarazteko egindako lan zehatz eta zuzena goraipatu nahi du Epaimahaiak: bertatik bertara kontatuta, minutuz minutuko jarraipena eginda, eta hainbat euskarri baliatuz iritsi baitzen irakurle eta ikus-entzuleengana; eta informazioa bildu eta zabaltzeko abagune estu-latzetan egin ere. Agintari, instituzio eta era guztietako eragileen prentsa bulegoen informazio uholdearen menpe kazetarien jarduna hain otzanduta ageri den garai hauetan, erredakzioetako epelean goxo, informazioa bere lekukotasunetik, ikuspegi propioarekin -kritiko eta zorrotz- lantzeko ahaleginari eutsi dio, agintarien kontrol- saioari aurre eginez. Eta lanbideak behinola izan zuen egiteko ohoragarria inoiz baino beharrezkoagoa dela gogorarazi digu.

Honengatik denagatik, Epaimahai honek Aipamen berezia egin dio Lander Arbelaitz kazetariari Donostiako AskeGunearen inguruan egindako lana eta erakutsitako jarreragatik.

3.-EPAIMAHAIAREN SARI BEREZIA.

Euskal Hedabideen Esparruan, tokiko hedabideek bete duten eta oraindik betetzen duten funtzioaren eredu ezin hobea dira kazetari honek BARREN aldizkarian argitaratutako lanak: erakusten digute profesional bikainak daudela eta lan eder askoak ekoizten dituztela, nahiz eta, beharbada, oihartzun apala izan. Lan hauek Debabarreneko ikuspegitik idatziak izan dira, eta bertako irakurleei zuzenduak, baina eskualdeko eremutik harago doazen gaiak nahiz lanketa eta dokumentazio zorrotza oparitu dizkigu, batez ere, “Txillarre” eta “36ko gerra elgoibartarren ahotan” piezetan.

Elgoibarko belaunaldien arteko transmisioan egindako ekarpena ezin da aipatu gabe utzi; izan ere, herriko eta eskualdeko nagusiek 36ko gerra nola bizi izan zuten eskueran jarri die belaunaldi gazteei, zaharren ahotik egindako kontakizunarekin. Euskal Herrian bizi dugun memoriaren berreskuratze eta bakeranzko garaiotan, gogoangarria da halaber bere ahalegina, gai korapilatsuok lantzeko hartu duen tonu serio eta estridentziarik gabekoagatik; beti ere azpimarratuz gertaera historikoen atzean pertsonak daudela. Haiei jasotako testigantzei dagokien neurria emanez, gertaerei lotu eta bestelako liskar biderik gehitu gabe jardun du.

Azkenik, kazetariaren idazkeraren dotorezia azpimarragarriak direla iritzi dio Epaimahaiak.

Sariduna: Ainara Argoitia

Saritutako lana: Barren aldizkarian argitaratutako “Txillarre”, “Otegi”, “36ko gerra elgoibartarren ahotan”, eta “Asisko Urmeneta” lanengatik. Saria: 4.000 euro eta diploma

4.-KAZETARI BERRIA SARIA.

Urte osoko lan sorta sendoa eta anitza aurkeztu die epaimahaikideei, ondo idatzia:argi eta zehatz. Egiazko testu analisiak eginez, idazleen obrak ezagutzen dituela frogatu du. Bistan da jakintza handia duela, baina ez dio irakurleari jaulkitzen, errespetua erakusten du kritikagaiarekiko zein irakurlearekiko. Testuinguruak, aipuak, konparazioak oso ondo azaltzen ditu, bere burua irakurlearen gainetik jarri gabe. Nobelagile zein olerkarienganako erakusten duen enpatia azpimarratzekoa da. Letra ederrak eta idazleak zinez gustukoak dituela sentiarazten dio irakurleari. Gainera, literatur genero oro aztertzen du, jatorrizkoa nahiz itzulpena izan. Azkenez, bere kritikak zinez arrazoitzen ditu. Iritzi mailan dabilela argi uzten du beti: merituak nahiz demerituak jartzen ditu mahai gainean, beti ere argi utzirik esaten duena ez dela egia borobil eta bakarra.

Sariduna: Alex Gurrutxaga.

Saritutako lana: 2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean Berrian argitaraturiko literatur kritikak. Saria: 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

5.- SARI NAGUSIA.

Joko Olinpiarretako proben emaitzak argitaratzetik harago joan dira kazetariok, kirol sailetako orrietan ikustera ohituta gauden berriak baino askoz gehiago eskainiz: eguneko jarduerei zegokien testuinguru soziala eta ikuspegi zabala eman baitute: gizarte-plataformak, zenbait kirolariren herrialdeko egoera, etab. Alde horretatik, kazetarion eta hedabidearen ausardia eta ikuspuntu berritzailea saritu nahi dira. Alderik nabarmenena errealitate ezkutuak azalera ekartzeko saioan egon da.

Batetik, Euskal Herrian ardaztuta landu dira Olinpiar Jokoak, informazioa lortzeko eta lantzeko horrek dauzkan zailtasunekin. Esaterako, Hego zein Ipar Euskal Herriko kirolarien jarraipen orekatua egin da. Bestetik, normalean hain ezkutuan geratzen diren emakume kirolariak, eta, oro har, emakumezkoen kirola, guztion begi bistara jartzeko ahalegina egin dute, azken finean, kirolaren ikuspegi askoz ere zabalago eta osoagoa eskainiz. Ildo beretik, kirol nagusiez gain ohikoetan itzalean geratzen diren beste kirol jarduera batzuen berri eman dute, eskertzeko ahalegina hori ere. Formari erreparatuta, papereko produktuak eskaini dituen idazkera eta diseinu zaindua ere saritzekoak dira. Gainera, Olinpiar Jokoek iraun zuten bitartean jarraipen berezia egin zuten sarean hartarako egokitutako diseinu eta tresnekin, eta Londresen gertatzen ari zena etengabe kontsultatzeko modua eskaini zuten. Ikus-entzunezko euskarrietan isla izan zezan ere egin zuten ahalegina eguneroko zuzenekoaren bidez, eta hori ere kontuan hartu da.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 25. urtemuga honetan, kirol saileko lanaren merituen ezagutzea, iragan den mende laurdenean euskal kazetaritzak ezaguturiko eboluzioaren adierazgarri da. Hots, arazo guzien gainetik, aurrera egin duela, indarrez eta talentuz eremu guztiak jabetuz. Heldutasunaren seinale.

Sariduna: Berria egunkariko kirol saila eta Interneteko edizioko arduradunak

Saritutako lana: 2012ko Olinpiar Jokoei egindako jarraipena. Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

*****

Aho batez harturiko Azken Erabakiaren akta hau epaimahaikide guztiek sinatzen dugu gaur, Andoainen, bi mila eta hamahiruko ekainaren 5ean.

XXV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria epaitzeko helburuarekin Andoaingo Udalak izendaturiko epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Mahaiburua: Ainara Rodríguez, Andoaingo alkateorde eta Euskarako zinegotzia.
  • Mahaikideak: Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Joxe Rojas, eta Beatriz Zabalondo.
  • Idazkaria: Arantza Aguado.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago