Sustatu logoa Teknologia albisteak

Windows 8 eta Office 2013, euskaraz

Sustatu
2013-05-28 15:02
Aurreko eguneraketen kasuan bezala, Microsoft-ek finantzatu du euskaratze lana. Produktuak euskaratzeko paketeak hemen lor daitezke: www.microsoft.es/eus

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikareko sailburuorde Patxi Baztarrikak bere hitzaldian adierazi duenez, Jaurlaritzak garatzen duen hizkuntza politikaren helburu nagusia, euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da, baita IKTetan ere, eta teknologia horiek euskararako baliatzea "oso garrantzitsua" delako. "Garrantzitsua da, ez teknologia horietan nolabait egotea komenigarria delako, baizik eta nahitaezkoa duelako euskarak teknologia horietaz ere baliatzea. Etengabeko berrikuntzari lotu behar zaio euskara, eta teknologia nagusi duen gizarte honetan berrikuntzaren uretan ibiltzeko nahitaezkoa du euskarak produktu teknologikoez baliatzea. Bai edo bai jakin behar dute euskaraz hitz egiten teknologia horiek", esan du Baztarrikak. "Euskararen osasunarentzat garrantzitsua da tresna teknologikoak hizkuntza horretan izatea, baina garrantzitsuena eta erabakigarriena ez da hori: garrantzitsuena eta erabakigarriena da eskura ditugun tresna eta produktu horiek erabiltzea. Euskarak benetan behar duena erabilia izatea baita. Hiztunak eta erabiltzaileak behar ditu".

Microsoft Ibérica-ko Erakundeekiko Harremanetarako gerente Montserrat Pardok adierazi duenez, Microsoften helburua da "pertsona bakoitzak lan egin nahi duen hizkuntza hautatzeko aukera izatea". Horrez gain, Windows 8 inguruneak app edo aplikazioen bidez garapenak eta negozio-aukerak egiteko bidea ematen duela azpimarratu du Pardok. Ekitaldia erakusketa praktiko batzuekin amaitu da, Windows 8 euskaratuaren erabilpen batzuk erakutsi ditu Arrasateko Microsoft-en Berrikuntza Zentroko Natividad Herrastik zenbait tresna erabiliz: mahai elkarreragileak, Kinect eta W8 tabletak, Surface direlakoak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu