Teknologia albisteak

Amonarekin paseatzen Google Street View erabiliz

Erabiltzailearen aurpegia
Anna Codina
2012-10-25 : 11:44

Anna Codina blogari eta tuiterlari katalana da. Besteak beste Betes i clicks eta ElGiroscopi webgune eta proiektuak kudeatzen ditu. Joan zen asteburuan esperimentu interesgarria egin zuen bere amonaren laguntzarekin: Google Street Views aplikazioa erabilita, amonak (90 urte) gerra zibilean Euskal Herrian bizi izandakoak gogoratu dituzte (1936ko altxamenduak Araban harrapatu zuen, 14 urte zituela), eta amonak kontatutakoa sarean argitaratu du, Passejant amb l'avia per google street view. Amonaren bizipenak eta ilobaren teknologia berriak, eskutik oratuta. Annak katalanez idatzitakoa euskarara itzuli dugu Sustaturako. Moltes gràcies, Anna.

 

Nire amonak 90 urte bete ditu ekainean eta, bere hitzak erabilita, "primeran" dago. Sukaldean lanean ari dela pixka bat nekatzen da eta Bilbon euria ari badu alperraldia ematen dio etxetik irtetea (orain gutxira arte zirimiriak ez luke geldi araziko). Asteburua bere etxean igaro dut, sukaldatzeko orduan dituen sekretutxoak ikasten (legatz frijituarena ikasita itzuli naiz etxera), eta bere bizitzaren inguruan hitz egiteko aprobetxatu dugu. Tira, berak hitz egiten zuen, argazkiz eta paperez betetako kutxak ateratzen zituen bitartean, eta nik xehetasunak galdetzen nituen eta entzun egiten nion.

Beti gustatu izan zaidan pasarte bat gerratekoa izan da, 1936ko uztailean gertatutakoaren bere bertsio pertsonala. Amonak 14 urte zituen eta Bilbon bizi zen, baina uda garaian bere familiak etxea alokatzen zuen arabako herritxo batean, Larrazubin. Herrian zubi bat dago, Ebro gurutzatzeko, eta beste aldean Burgos dago. 1936ko oporraldiak 14 hilabete iraun zuen: Gasteiz eta Araba gehiena hasieratik frankisten esku geratu zenez, amonaren familia ezin izan zen Bilbora itzuli hurrengo urteko irailera arte, Bilbo 37ko ekainean "jausi" ostean.

Hautsitako oporraldi haien kontakizuna beste hainbeste bezalakoa da, baina baita oso pertsonala ere. Amona eta bere ahizpa bikiarekin batera, eskolako beste bi lagun ere Larrazubin harrapatu baitzituen gerrak, eta urte bete baino gehiago behar izan zituzten euren senideekin berriro elkartzeko. Lagun horietako bat, gainera, amonaren anaiarekin ezkonduko zen geroago, pelikula bateko gidoia izan zitekeen istorioa biziz. Inozentziaren galera, gaztaroko maitasuna... Gerrek eragiten dituzten istorio horietako beste bat.

Ni amona baino 61 urte geroago jaio nintzen (ez egun bat lehenago, ez bat beranduago) eta, gizartea horrenbeste aldatu denez, 14 urterekin ez zen nire bizitzara gerra iritsi, modem bat baizik. Eta modem horrekin, Internet. Netscape, Altavista, Geocities-eko lehenengo orrialdea, eta deiak egin ahal izateko saretik deskonektatu beharra. Gaur egunera heldu arte, Google, iOS, web 2.0 kontuak, eta teknologia berrien inguruan hitz egiteko erabiltzen dudan Betes i clicks. Amona erizaina izan zen eta laborategi batean egin zuen lan, 1987an erretiroa hartu arte. Berak dio, bera jubilatu arte, eta analitikak egiteko tresnak berritzen ziren arren, ez zuela sekula ordenagailu bakarra ikusi anbulatorioan. Hau da: ez da ez duela Twitter edo Google ezagutu; ez du ezta sagua ere ezagutu. Hortaz, ulertuko duzue ez dela erraza amonari kontatzea zertan egiten dudan lan.

Eguerdiko errepaso historikoaren ondoren, arratsaldean bera izan da galderak egin dizkidana. Twitter erakutsi diot, handik iristen zitzaizkigun komentarioak errepasatu ditugu (Twitterren azaldu dudalako zertan nenbilen amonarekin). Facebook-eko profila ere erakutsi diot eta Youtubeko bideo batzuk ere ikusi ditugu. Eta orduan pentsatu dut: "Amona, goazen Larrazubira!".

Eta horixe egin dugu, Larrazubira joan gara. Bilaketa azkar baten ondoren, Ebro ibaiaren gaineko zubia aurkitu dugu (orain ez da erabiltzen, errepidea beste zubi berriago batetik igarotzen delako). Eta Google Street View-eko panpintxo horia Larrazubiko kaleetan zehar paseatzen ikusi dugu, nire amonak 70 urtean zapaldu ez dituen kaleetan barrena. Oporraldietan alokatzen zuten etxea hantxe da; Googlen autoa igaro zen egunean konponketak egiten ari ziren. Orduko bere lagun gehienen etxeak ere ezagutzen ditu amonak. Click eta clik artean kale nagusian zehar paseatu dugu, amonak orduko kontuak gogoratzen dituen bitartean, nor bizi zen non, ukuilu eta zalditegiak nolakoak ziren, eta non zeuden duela 70 urte eliza, dendak, autobus geltokia.

Une batez, bere munduak eta nireak bat egin dute; bere hitzak ere nire egingo ditut, "zoragarria izan da". Zoragarria izan da, bai, eta pozarren joan gara ohera. Pozarren eta nekatuta, nahiz eta egun osoan ez garen etxetik irten.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago