Segi gazte erakundeak "agortutzat" jo du bere burua tresna gisa. Garai berriek "molde berriak" galdatzen dituztela argudiatu dute eta "aldaketaren parte" izateko "berregokitu" beharra dagoela. "Arduraz hartutako erabaki hau" gazte mugimendua bizirik dagoenaren seinale dela aldarrikatu dute eta, batez ere, urte luzez "Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialaren defentsan egindako lana" ekarri dute gogora.
2009an abiatutako barne hausnarketa baten ondoriozko erabakia da hau. Zerk bultzatu zuen berdefinizio prozesu hau?
Aipatu duzun garai hartan somatzen hasia zen 2003ko Segiren biltzarrean adostutako gazte estrategia hura topea jotzen ari zela. Sei urte iragan ziren sorreratik, gizartea eta testuingurua bera aldatzen ari ziren maila guztietan eta, beraz, argi zen moldatu beharra zegoela. Eztabaida oso autokritikoa izan zen, eta ondorio nagusi bat ekarri zuen: Segi, tresna gisa, agortuta dagoela.
Nolakoa izan da edo nola gauzatu da eztabaida hau?
Herriz herriko eta nazional mailako eztabaida izan zen, 2009an hasi eta urtebetez luzatu zena. Tartean atxiloketa saio latzak izan ziren Ipar zein Hego Euskal Herrian, besteak beste 30 lagun baino gehiago kartzelara eraman zituen sarekada handi hura; hain justu horren ostean amaitu zen hausnarketa garai hau. Epe beretsuetan Ezker Abertzaleak bere estrategia berdefinitu du, eta gu ere honetan berresten gara. Izan ere, urte luzeetan zehar, gazte antolakundeak, existitzen denetik, bere burua berregokitu du fase berri ororen aurrean; garai bakoitzak badituelako berezko proiektuak, erantzukizunak, funtzioak eta betebeharrak.
Ondorio nagusi modura Segi tresna gisa agortutzat jotzea aipatu duzue. Zergatik uste duzue hala dela?
Agorpen horren kausen artean bat azpimarratuko genuke; Segik ez ziola jada bere xede nagusiari erantzuten, alegia, ez zuela gazte problematikari erantzutea lortzen. Erakundearen eta gazteriaren artean halako amildegi bat zegoen, hainbat faktorek eragindakoa: barne antolamendua eta funtzionamendua agian ez ziren egokienak, eraso errepresiboei erantzuten ari ginen eraikitzen baino gehiago, gure jarduna robotizatu egin zen hein batean, perspektiba laburrez ari ginen... azken batean, estrategiaren helburuak bete ordez, Segi eta bere biziraupena bera bilakatu ziren helburu. Gainera, belaunaldi berriek lekukoa hartzearekin batera jabetu ginen gazteriaren joerak, jarduteko moldeak eta militantzia ulertzeko modua nabarmen aldatu direla.
Azken urteetako errepresioak existitzea bera bihurtu du helburu, eta ziur asko horretatik eratorri dira ahulguneetako asko, ala?
Errepresioak gure funtzionamenduan eragin zuzena izan du, ezin dugu ukatu, eta aipatzen genuen amildegia elikatu du. Gogoratu datua: 200 bat gazte atxilotu dituzte azken lau urteetan. Hegoaldean ilegalak izan gara, horrek gure jardun publiko eta normalizatua oztopatu du, dakartzan ondorio guztiekin. Eta Iparraldean ere, beste modu batera baina kriminalizatuak izan gara, atxiloketen bidez besteak beste. Dena den, gure irakurketa ondorengoa da: botere hegemonikoak bere burua mehatxatuta sentitzen duenean eta mehatxu horri ezin dionean beste modu batera aurre egin, errepresioa da erabiltzen duen azken-azken tresna. Hortaz, erantzun hauek estatuen ahulezia utzi dute agerian, eta, neurri batean, Segik bere funtzioa betetzea lortu duela berretsi dute, mehatxua izan garelako botere faktikoentzat. Gainera, sarekadak sarekada, ez dute sekula lortu mugimendua geldiaraztea. Beti iritsi da gazte belaunaldi berri bat lanerako prest, gazteriaren konpromisoaren erakusle, faktura latza izan den arren.
Nazional mailako aldaketa da, nahiz eta jakin Bidasoaren bi aldeetan eta probintziaz probintzia ere errealitatea oso ezberdina dela, ezta?
Segi antolakunde nazional modura sortu zen, aitzindari izan zen egituraketa molde horretan eta hamar urtez horrela funtzionatu du, izan dituen oztopo guztiekin, batzuetan harreman nazionalak erabat mugatuak izateraino, errepresioak eta ilegalizazio prozesuek ez baitute batere lagundu horretan. Baina lortu dugu, hala ere, hori gainditzea, eta nazio egituratze honek lehendabizikotz permititu digu gazte askok Euskal Herri bezala pentsatzea eta eragitea, permititu digu justuki elkar ezagutzea, eta ezagutzea baita ere gure arteko desberdintasunak. Azken batean, permititu digu ulertzea Euskal Herria bat dela, baina badirela honen baitan ezberdintasun aunitz aintzat hartzekoak, baldin eta gure problematikari erantzun nahi badiogu. Gaur egun gai gara esateko ez duela izenak egiten izana, eta filosofia behar dela, Euskal Herri bezala behar dugula pentsatu halaxe eragiteko.
Bizia duen orok ezagutzen ditu ziklo aldaketak, eta inflexio puntu hau, beste ezeren gainetik, gazte mugimendua bizirik dagoenaren sintoma dela aldarrikatu nahi duzue.
Mugimendu oro da ziklikoa; zikloak beti izaten ditu puntu gorenak eta gero behera egin behar izaten du berriz altxatzeko. Gazte antolakundeak 33 urteko ibilbide honetan autokritika erabili du tresna iraultzaile gisa eta honako hau bide horretan eman beharreko beste pauso bat da, ezinbestean. Bestela ez ginateke norabide zuzenetik joango.
Garaiak eta testuinguru politikoa aldatu direla diozue; gazteak ere bai. Nola ikusten duzue gaurko euskal gazteria? Honetaz modu kolektiboan hitz egiterik badago bederen...
Gaurko gazte jendea orain dela urte batzuk baino indibidualistagoa dela esaten da, uste zabaldua da hori; eta guk konpartitzen dugu, hein batean. Dena den, gizartea modu orokortuan ukitu duen joera da hau, ez dio modu berezian eragin gazteriari. Bestalde, era berean, ikusten ari gara mundu mailako gatazka gordinenetan gazteek hartu dutela gidaritza, gazteak izan direla altxatzen lehenak eta mantentzen dutela, hortaz, berezkoa duten izaera errebelde hori, hemen bezala beste toki batzuetan ere. Atzean geratu nahi ez badugu, berehalako erronka inportantea borrokan jarraitzeko baliabide edo molde berri horiek identifikatzea eta indartzea da, belaunaldi berrien nolakotasunarekin bat etorriko direnak, eta gure mezua ahal bezain toki ainitzenetara helaraziko dutenak.
Gazte mugimenduaren baitan belaunaldi aldaketa nabaria egon da, hortaz. Zein dira belaunaldi berriek eginiko ekarpenak?
Bai, beti izan da hala. Oraindik, agian, denbora falta zaigu aldaketa horiek nolakoak eta zenbaterainokoak izan diren baloratzeko. Nolanahi ere, argi dago lehen gailentzen zen militantzia ulertzeko modu zurrun hori, astean hainbeste orduko dedikazioa galdatzen zuena, dela gehien aldatu dena. Orain konpromiso maila desberdinak uztartzen asmatu behar dugu, bakoitzak gustuko duen horretatik lan egin dezan, ahal duena emanez. Horretaz gain, borrokaren parte humano edo pertsonala indartu dela ikusten ari gara. "Bai, X mugimenduren parte naiz, baina ni neu ere banaiz" pentsatzen eta sentitzen dugu; iraultza norberaren baitan hasten delako. Esan nahi dugu gehiago baloratzen dela borrokak gugan duen eragina ez ezik, gutako bakoitzak borroka horretan duen eragina ere.
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en
Erantzun
Sartu