Teknologia albisteak

Aitor Luna: "Indibidualtasuna errotuegia dugu"

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO
2012-06-07 : 12:06

Kameren aurrean Aitor Luna da. Nortasun Agirian, Aitor Gonzalez Luna. Eta, gurekin, ongi pasatzeko gogoz datorren mutil gaztea. Askok ezagutzen dute, baina inor gutxik daki bergararrarekin ez dagoela elkarrizketa serioa egiterik.

Antzeztaldeko Aktore Onenaren Saria jaso zuen iaz Espainiako Aktoreen Elkartearen eskutik, baina "ospetsuz beteriko estreinaldiak eta gaualdiak" ez ditu gustuko. Azken bi telesailetan prestakuntza fisiko handiko pertsonaiak gorpuztu ditu, aldiz, ez du kirola egitea gehiegi atsegin eta gimnasiora joatea eginbehartzat hartzen du. "Ez naiz goapoa", dio arduragabe. Beste behin ere, azala eta hondoa, irudia eta nortasuna, urrun daude elkarrengandik, eta aukera edukita, sakoneko Aitor horren bila abiatu gara. Erantzun ironiko eta broma sorta amaigabea lortu dugu.

Superman edo aktore izan aukeratu behar izan zenuen. Erabaki zaila!

Haurra nintzela handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, "Superman" esaten nuen, bai! ­–barrez–.

Baina, bi aukeren artean, antzezpenarena egingarriagoa iruditu zitzaizun. Noiz eman zenuen pausua?

Hamabost urterekin piztu zitzaidan bonbila, eta geroztik oso argi izan nuen. Hala ere, bi urte geroagora arte ez nuen mundu honetan muturra sartu; badakizu, lagunen komentarioak entzuten nituen, eta nire amak ere zerbait finkoa bila nezan nahi zuen. Baina hamazazpirekin hartu nuen erabakia: "Antzerkian hasiko naiz, edo Fagorren amaituko dut". Kasu egin zidaten, eta begira non nagoen!

Bilbon hasi zinen antzerkian.

Produkzio etxe modukoa zen, eta kafe-antzerkia, kale-antzerkia eta halakoak egiten genituen.

Zure eskola izan zen.

Nire oinarria, bai. Etapa bat gehiago izan zen, mundu honetan halakoak izaten baitira.

Eta hortik Goenkalera. Guk orduan ezagutu zintugun.

Goenkalekoa ustekabekoa izan zen. Nik ez dakit euskaraz hitz egiten, eta horregatik ez nuen uste hartuko nindutenik. Baina hautatu ninduten, eta abuztu osoa barnetegi batean pasatu nuen, hizkuntza praktikatzen. Handik irtendakoan, euskaraz nekiela zirudien!

Orduko oroitzapenik gordetzen al duzu?

Oso gogorra izan zen, egunak eskas geratzen zitzaizkidalako. Goenkaletik 15:00etan irteten ginen, eta arratsalde osoa ikasten pasatzen nuen, eskolako lanak egiten eta testuak ikasten. Azkenerako orriak buruan fotokopiatzen nituen: lokartu aurretik pare bat aldiz irakurri eta listo. Baina zoragarria izan zen! Nire lankideekin harreman bikaina nuen, eta asko lagundu zidaten.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun

Sartu