Javier Etxebeste Nestoria etxe-bilatzailearen sortzaileak hartu zuen hitza joan den ostegunean laugarren Betor hitzaldian, Deustuko Unibertsitatean (Donostia, Gipuzkoa). Londresen du Nestoriak egoitza nagusia, baina Espainian, Alemanian, Italian, Australian, Frantzian, Brasilen eta Indian ere lan egiten du. Yahoon ibili zen Nestoria sortu aurretik, eta bietako esperientziak partekatzeaz gain, egungo krisia eta etorkizunera begirako ikuspegi baikorra eskaini zuen Etxebestek.
Argazkiak.org | Betor. Javier Etxebeste © cc-by-sa: codesyntax
Negozioen munduan aritzeko enpresariak bi jarreren artean aukeratu behar zuela esan zuen Etxebestek: defendatzailea ala erasotzailea. Hala, defentsan dabilen enpresa batek erosi eta bere egingo ditu beste proiektu arrakastatsu batzuk; erasoan dabilenak, eraiki egingo du, sortu. Bigarren talde horren aldeko aldarria egin zuen Etxebestek hitzaldian.
Argazkiak.org | Betor, UD-ren Donostiako kanpusean © cc-by-sa: codesyntax
Behin lagun batek aholku bat eman zion: "zure etorkizuna erabakiko den gelan egoteko, enpresak zurea izan behar du". Hau da, gela horretan ez bazaude, beste batzuek hartuko dituzte erabaki horiek zure partez, zure gainetik daudelako. Horrela, bere enpresa propioa sortu zuen 2006an, Nestoria start up-a, sektore inmobiliarioko bilatzailea, eta erasotzailea.
Oro har, etorkizunera begirako ikuspegi baikorra nabari zen Etxebesteren hitzetan: "Gaur egungo egoera ez da ona, baina duela 40 urte ere ez. Tunelaren erdian gaude, eta luze eta iluna izan arren, bukaeran argia dago". Historian eman diren iraultza teknologiko guztien inguruan sortu da burbuila: haiei esker batzuek diru asko irabazten dute, eta beste batzuek asko galdu. Nolanahi ere, iraultza teknologiko guztiek aldatzen dituzte gizartearen ekoizteko, bizitzeko, lan egiteko eta kontsumitzeko moduak. Gaurkoa, ez da momentuko krisia, ziklikoa baizik, eta beraz, egoerak hobera egingo du halabeharrez.
Krisi garaian sekulako langabezia tasak izaten dira. Gazteen langabeziari dagokionez, azken 20 urteotan Espainiako datuei begiratuz gero, beti izan ditu indize maila altuak, ez soilik krisia etorri den honetan.
Etengabeko aldaketa eta berrikuntzen garaian, esperientzia gutxien dutenek izango dute gaitasun gehiago garai berrietara egokitzeko, hain zuzen, jende gazteak. Izan ere, orain arte, errepikatzearen ohituraz barneratzen zituen jendeak bere egitekoa; egun, atzo ikasitakoa gaur bertan zaharkituta gera daiteke.
Gazteei buruz hitz egiteko, igelaren metafora erabili zuen Etxebestek: "Igela irakiten dagoen uretan sartzen baduzu salto batez aterako da; baina ur hotzetan sartu, eta pixkanaka, gradu bat gehituz gero, egosi egingo da". Etxebestek ez daki ausardia faltagatik, ala guztia egina lortzera ohituta daudelako den, baina bere buruari galdetzen dio ez ote dauden gaurko gazteak gaizki ohituta, eta ez ote den beranduegi izango ekintzaile izateko grina pizten zaienean.
EAEri erreparatuta, Etxebesteren ustez, egoera txarra da, baina ez Espainian bezainbeste, balore sendoagoak dituen lurraldea delako, eta kultura industrial eta industria sare errotuagoak dituelako. Etxebesteren hitzetan, hemen negozio gizon gutxiago eta ekintzaile gehiago dago: "Negozio gizonak eta enpresariak/ekintzaileak bereizten jakin behar da; enpresari batek sekula ez dio begiratzen enpresa jarri nahi duen herrialdean ordaindu behar dien zergei".
Eta, azkenik, Interneteko hurrengo ekimenek izango dituzten arrakasta-faktoreetako batzuk azpimarratu zituen, batez ere ideia baten inguruan: disrupzioa. Etxebesteren iritziz, disrupzioa eragingo du Internet ez-anonimo batek, konfiantza eskasian oinarritzen diren hainbat ekimenetan (hotelen munduan nola eragiten duen AirBNBk, hori izan zen bere adibideetako bat). Ildo horretatik, adibide misteriotsu batekin amaitu zuen, Zestapunta.com, bere ezagunen baten proiektua omen... izena eman daiteke bertan, eta laster jakingo da gehiago.
Hona, jarraian, Etxebestek hitzaldiari laguntzeko erabili zuen aurkezpena:
Erantzun
Sartu