Teknologia albisteak

Justizia txistulari

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-04-27 : 11:04

Giza Eskubideen zinemaldiko pelikula irrikatuenetako bat zen, filmaren esanahiagatik, batetik, eta haren arduradun eta protagonistak guztiz borondatetsu etorri direlako. Give up tomorrow (Etsiko duk bihar) da filma, Paco Larrañagaren kasua azaldu eta salatzera datorrena.

Paco Larrañaga eta Pablo Ibarren kasuekin etengabeko sentsibilizazioa bizi izan dugu azken dozena bat urteetan, gutxienez, eta badirudi denoi tokatzen zaigula haien alde egotea. Hiru argudio edo hiru maila ditu haien defentsak: bata, heriotza-zigorraren kontrako jarrera, biak egon baitira korridore letal horretan (horretan, nik uste arazorik gabe egin genezakeela denok bat); bigarrena, haien epaiketan irregulartasunak egon direla salatzea (hori, noski, xeheago aztertu beharko litzateke kasu bakoitzean, modu objektiboan); eta hirugarrena, nola "hemengoak" diren (edo hemengoen semeak, bederen, hemen hori Espainia edo Euskal Herria den gehiegi zehaztu gabe), ba, irudi luke haiek babestea tokatzen zaigula (ingelesek dioten moduan, "My country, right or wrong"), eta horretan ni behintzat ez nator bat.

Larrañagaren kasura etorrita (eta hartaz bakarrik mintzatuko naiz hemendik aurrera), bi neska bahitu, bortxatu eta hil izanaz akusatu zuten orain dela 15 urte, edonorenganako elkartasun aberkoia ahazteko moduko salaketa, dudarik gabe.

Familiak beti aldarrikatu izan du mutilaren errugabetasuna, kanpaina luzea daramate haren defentsan, eta horren barruan dator dokumental hau ere, Marti Syjuco produktorea Larrañagaren ahaidea baita, eta haren laguna, berriz, Michael Collins zuzendaria. Filma partziala dela esan liteke beraz, baina hala ere oso ondo egina, interes osoz ikusten dena eta ikuslea bere kausaren alde konbentzitzen duena.

Hamabost urte hauetako historia kontatzen digu kamerak. Atxiloketa hasten denetik, dena irregulartasunez betea; errudun bat behar-eta, noizbait liskarretan ibilitako gazte batzuk atxilotzen ditu poliziak (tartean Larrañaga); hedabideek zigorraren alde xaxatzen dute; politikoek kondena bultzatzen; poliziak frogak asmatzen; epaileak zorakeriak egiten; biktimen familiak mendekua esijitzen... Guztia giro histeriko, krudel eta ustel batean, ez zuzenbidearekiko, ez justiziarekiko, ez egiarekiko begirunerik gabe. Filipinak urruti egongo dira, baina gure errealitatean ere ezagunegiak egiten zaizkigu horko jokaera guztiak (urrutira joan gabe, gogoratzen Gurutz Agirresarobe, Joseba Pagazaurtunduaren hilketagatik 32 urtera zigortua?); horrenbestez, guztiz sinesgarria gertatzen da filmak azaltzen diguna.

Larrañaga eta beste sei akusatuak bizi arteko espetxera zigortu zituzten lehen epaiketan, eta heriotzara gero, epaitegi gorenean; ondoren, heriotza-zigorra abolitu zen Filipinetan, eta, Espainiaren presioei men eginez, zigorra Martutenen ari da betetzen orain (marka da gero, Bono bezalako sujeto higuingarri bat heroi gisa ikustea filmean). Familiak nahiko luke baldintzapeko askatasunean gelditzea, baina Espainiako Zigor Kodea eta kartzela-sistema ez dira, nonbait, haiek espero bezain malguak.

Hala ere, ez genuke ahaztu behar, Larrañaga kaleratuta ere, hura bezain errudun edo errugabe diren beste sei gizajo geldituko direla oraindik Filipinetan preso.

Erantzun

Sartu