Mugimenduen hizkuntza unibertsalak apirilaren 29an du egun handia. Teknika, esfortzua eta grina falta ez duten makina bat euskal dantzari dabiltza mundu mailako ballet sonatuenetan beren onena ematen, "Euskal Herrian ez baitago eguneroko ogia irabazteko modurik". Aiara Iturrioz, Asier Uriagereka, Gabriela Gomez eta Allister Madin dira exodo horren lau aurpegi.
Atzerrira atera berri den dantzari gaztearen eredurik garbiena da Aiara Iturrioz. Gasteizen prestatu ostean, hobetzen jarraitzeko asmoz, Stuttgarteko Ballet konpainian sartzekotan da hemezortzi urterekin.
Ballet dantzari gehienak bezalaxe, zu ere oso gazterik hasi zinen dantzan. Zergatik balleta?
Ballet dantzariak oin puntetan ibiltzen dira eta horien gainean bueltak ematen dituzte; hori ikustea ikaragarri gustatzen zitzaidan haurra nintzenean.
Balletaren ikusgarritasun horrek, aldiz, badu alde txarrik, ezta? Esfortzu handia egingo zenuen iritsi zaren lekura heltzeko
Bai, oso diziplina gogorra da, eta lan handia egin behar izan dut. Hamabi urterekin eskolaz aldatu nintzen, dantzako ordutegia eskolakoarekin moldatu ahal izateko; asko kostatu zitzaidan, nire lagunak bertan utzi behar izan nituelako. Lehen egunak latzak izan ziren, baina pixkanaka moldatu nintzen, eta lagun berri asko egin nituen.
Baina horren guztiaren gainetik, balleta zure pasioa da. Nola sentitzen zara taula gainean?
Zaila da sentitzen dudana azaltzea! Baina oso ongi pasatzen dut. Dena den, oso neska urduria naiz, eta ikuskizunen aurretik ezin geldirik egon. Eszenatokiak errespetu handia ematen dit, eta oraindik ez diot beldurra galdu.
Denborarekin lortuko duzu! Orain lau urte Bilbao Hiria Dantzari Gazteen Txapelketa irabazi zenuen. Horrek hainbat ate zabalduko zizkizun.
Lehiaketa hartatik aurrera dantza serio hartzen hasi nintzen, eta zaletasun hutsa baino gehiago zela ikusi nuen. Sariari esker aukera berri asko lortu nituen, hala nola, Euskaldunak eta Dantza ikuskizunean parte hartzea, edota dantzari profesional eta zoragarriak ezagutzea.
Uneotan Stuttgarteko eskolan prestatzen zabiltza, Alemanian, eta datorren urtean konpainian sartuko zara.
Bai, iragan urte amaieraz geroztik eskolako hainbat lagunekin batera konpainiaren entseguetara joaten naiz dantzak ikastera. Horrela, dantzariren batek lesioren bat badu edo gaixo jartzen bada, guk ordezkatuko dugu. Egia esan behar badut, oso gogor egiten dute lan bertan, baina giro ona dago, eta profesional apartak dira.
Beraz, haien dantzak ikasten ariko zara.
Hiru koreografia prestatzen ari dira: La Sylphide, Gaite Parisienne eta The Lady and the Fool. Gu dantzarien bigarren zerrendan gaude, eta gure paperak ikasten ditugu, haiek bezalaxe, ordezkapenak egin ahal izateko.
Etorkizunera begira, zein da zure ametsa? Egia esan, Stuttgarteko Balletarekin Zisneen Lakua dantzatzea sinestezina izan zen; futbol talde bateko filialean dabilen jokalari batentzako lehen mailan debuta egitea bezalakoa! Sekula ez nuen pentsatuko konpainia batean ariko nintzenik. Horregatik diot nire ametsa bete dudala dagoeneko. Hala ere, eskola amaitu eta graduatu egin behar dut, datorren urtean konpainian ikastun moduan hasteko. Ikasten eta gogor lan egiten jarraituko dut, gero eta teknika hobea lortu eta hobeto dantzatzeko.
Irakurri dantzari gehiagori buruz gaztezulo.com-en
Erantzun
Sartu