Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko irekiera ekitaldirako Mathieu Kassovitz frantziarraren L'ordre et la morale (Ordena eta morala) hautatu dute. Kassovitz aktore eta zuzendariak, La haine (Gorrotoa, 1995) gordin hura egin zuzenetik erakutsi zuen zinema ona eta konprometitua egiten badakiela, eta harakoan banlieu-etako gazte deserrotuen etorkizun beltza erakutsi zuen bezala, ausardia berberaz edo handiagoz egin du orain Kanakiarren zapalketarekin.
Hauteskunde presidentzialak ziren Frantzian 1988ko udaberrian, oraintxe bezala. Berrautaketara aurkezten zen Mitterrand sozialista eta lehen ministro Chirac gaullista ziren lehiakide nagusiak. Kontestu horretan, mende luze bateko kolonizazioa jasaten ari ziren kanakiarrek (Ozeano Bareko Melanesiako uhartedi ttipi bat da frantsesek Kaledonia Berria izendatu zutena) zapalkuntza amaitzeko armak hartu zituzten. Jendarmeen kaserna bat okupatu zuten, presiozko ekintza baketsua izan nahi zuena baina zenbait jendarme hil ziren eta beste mordoxka bat bahiturik hartu. Parisek armadako talde handi bat bidali zuen bahituak askatzeko, eta talde horren barruan zen Legorjus kapitaina, negoziatzailea izateko izendatua.
Legorjusek aurre egin behar dio kanakiar matxinoen mesfidantzari (traizio eta gezurren tradizio zaharra dute frantsesek haiekin, nonbait) eta militar batzuen basakeriari (usoak eta belatzak daude haien artean); hala ere, espero ez zuen hirugarren zailtasun bat ageri zaio: politikariak; Paristik 25.000 kilometrora, bertakoen etorkizuna axola ez baina joko politikorako piezatxo bat bihurtzen dira hauteskundeen atarian. Ondorioa ez da zaila asmatzen: berriz ere traizionatuak izango dira kanakiarrak, eta kolonizazioak berdin jarraituko du.
Egiazko gertakariak dira filmean jasotakoak, eta hogeita lau urte iragan badira ere oso gaurkoak; izan ere, FLNKSren borroka armatua iragan arren eta autodeterminazio erreferendum bat 2014rako iragarria dagoen arren, guztiz ezagunak egiten zaizkigu herrialde kolonizatzaileek kolonizatuekin erabili ohi duten jokabidearen pautak eta gatazka armatuetan ordenazaleen obsesioak.
Film indartsu eta sendoa egin du Kassovitzek, Coppolaren "Apocalypse Now"ri keinuak egiten dizkiona (off-eko ahots narratzailea, helikopteroa ) baina hortik aparte ere nortasuna eta kalitatea sobera dituena. Iaz estreinatu zen, baina ez omen du lortu banatzailerik gure inguruan, eta Frantzian bertan ere ez omen du arrakastarik izan: zoritxarrez ez nau harritzen ez gauza batek ez besteak, filmaren salaketa zuzena ikusita. Harritzen nauena da nola izan den posible halako film bat egitea, aurrekontu handia eskatzen duena eta frantziarren inperialismoarekin hain kritikoa dena. Espainiako zinemagileek antzeko zerbait egin ahal izatea, ametsetan ere ezin imajinatu liteke: kalitateagatik, batetik, baina bere buruareen kritikagatik, batez ere. Frantziaren jakobinismoa beste edozein inperiorena baino bortitzagoa den arren, adierazpen askatasunari errespetu gehixeago diotelako edo. Baina noski, kanako batek militar frantses bati botatzen dion bezala, hau ez da Frantzia.
Ez ei da Espainian komertzialki banatuko, baina hemen dago, Torrentetan.