EGA azterketa, Cantabriako erdaldun baten ikuspegitik
Ni Kantabriako neska bat naiz eta duela 7 urte hasi nintzen euskara ikasten zerotik abiatuz (19 urte nituela etorri nintzen Bilbo aldera). Ikasteari ekin nion, bai gustukoa nuelako, bai nire etorkizun profesionalean beharko nuelako.
Jadanik, EGA mailara heldu naiz, baina ez dut berez titulua lortu. Hainbatetan saiatu ondoren, ez dut oraindik helburua gauzatu.
Segidan azalduko dut zein den, EGA azterketari buruz dudan iritzia eta baita nire ikaskideen ikuspegia jasotzen duen iritzia ere. Sustatu.com-en idaztera animatu naiz eta espero dut, irakasle edo beste ikasleen erantzunik jasotzea (agian, nire ikuspegia aldaraziko didate).
Lehenik eta behin, azalduko dut EGAren siglek zer esan nahi duten, zeren, antza, askok ez baitakite zer esan nahi duen. EGA "euskararen gaitasun agiria" da. Baina, askotan, euskarari berari ez diote ematen garrantzia handirik eta bai, ordea, ematen diote denborari. Urteak joan urteak etorri, beti kexa bera errepikatzen da ikasleen aldetik, hau da, azterketa egiteko izaten dugun denbora ez dela nahikoa gure ezagutza ondo demostratzeko, eta zoritxarrez, azterketa irizpideak aldatu gabe jarraitzen dute.
Urtero, jende piloa azterketara aurkezten da, lehenengo proban erdia kanpoan geratuko dela jakinik. Atariko proba bahe edo kriba bat baino ez da, zeren ez baitut uste gure ezaguerak horrelako proban adierazten direnik. Askoren ustez, atariko probako galderak buruz ikasi daitezke, eta euskara benetan ezagutu gabe, test hori gainditu daiteke. Zenbat eta atariko proba gehiago egin, orduan eta errazago aterako zaizu. Kontua da, item-ak buruz jakitea. Eta, ez dugu esan beharrik, beste proba batzuetan bezala, denbora oso eskasa dela. Orduan� zein da proba honen helburua? Antza, bere helburua da hainbeste jende idatzizkora ez heltzea. Oso helburu didaktikoa, ezta?
Atariko proba behin gaindituta, idatzizko proba dago. Zertan datza, baina, idatzizkoa? Ba, azkarrena izatean. Idatzizkoak ematen du azterketa izan beharrean, erlojuaren kontrakoa dela. Azterketa egiten duzun bitartean, hamaika aldiz so egiten diogu erlojuari, nola ez, urduritasunez beteta, denbora nahiko izango dugun ala ez pentsatuz.
Egoera horrek, kalkulu asko egitera eramaten gaitu: �hemendik, ez dakit zenbat minutu aurreztu beharko dut, ez dakit non denbora izateko�.
Idazlan luzea egiteko, 40 minutu baino ez ditugu!! Ikaragarria iruditzen zait, are gehiago, HABE3 azterketan (EGAren baliokidea), idazlan luzea egiteko 90 minutu ditugula jakinik Baina, nik galdetzen diot neure buruari ea gaztelaniaz (nahiz eta hautagai askoren ama-hizkuntza izan) gai izango garen hori egiteko, eta gainera akatsik gabe.
Beno ba, demagun gainditzen dugula idatzizkoa eta ahozkoa egiten dugula. Azterketaren eguna, loteria eguna dirudi; gai batzuk oso errazak dira, beste batzuk, ordea, �egingarriagoak�.. Ez da bidezkoa hainbeste gai espezifiko ipintzea. Akaso denok, gai guztiei buruz, jakin behar dugu? Hainbat gairi buruz, ezta gaztelaniaz ere, ez genuke jakingo. 45 urteko neska bati bost axola smartphoneak eta arlo honetan topatzen dugun hiztegiak txineraren antza hartuko dio, baita gaztelaniaz ere! Azken urteotan, biologiako testu konplexuak ere sartu dituzte; edonola ere, nahiz eta testua ulertu, gero azaltzean� nola hitz egingo zenukete ezagutzen ez duzun gai bati buruz?
Mesedez, nik eskatuko nieke horrelako probak prestatzen dituztenei, adin ezberdinetakoak egongo garela eta ikasketa-maila guztietakook egingo dugula, kontuan har dezatela. Eta gai bati buruz ez badaukagu ezagutza nahikoak, lagun diezagutela, edo� akaso haiek jainkoak dira eta badakite edozein gairi buruz??
Erantzunak kargatzen...