Teknologia albisteak

Iruri Knorrek mugikorretako jokoen mundua azaldu zigun Betor topaketan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-03-22 : 12:03

Iruri Knorr-ek eman zuen atzo Betor hitzaldi sortako hirugarren jarduna, Ideateca enpresaren norabidea azalduz eta joko-aplikazioak mugikorren kontestuan esplikatuz adi-adi egon zen audientzia bati. Aurrekoak bezala, CodeSyntax, Berria eta Miramon Enpresa Digitala izan dira antolatzaileak. Hitzaldia Berriak eman zuen streaming bidez, eta gaur hemen geratu da gordea.


Argazkiak.org | Iruri Knorr, Betor hitzaldia © cc-by-sa: sustatu

Interneten 20 urte da dabilela Iruri Knorr, eta 15 bat ere bai marketin kontuetan. Anaia Enekok Hostalia garatu eta saldu ondoren, Ideateca sortu zuen, eta han marketin arduradun da orain Iruri.

Enpresaren nondik norakoak azaldu zituen. Beren espirituaz jabetzeko, beren bulegoak ikustea dela onena, eta lantalde heterogeneoa daukatela. Bezeroentzat barik, proiektu eta produktu propioekin egiten ari dira aurrera, nahiz eta orain CocoonJS deritzon garapen plataforma merkaturatuko duten. Javascript ingurune batean HTML5 garatu eta plataforma anitzetan bertsioak egiteko azpiegitura da CocoonJS, eta horrela, behin kodetu, eta izango duzu aplikazio baliagarri bat Android edo Apple gailuetan (iPad, iPhone) zein web inguruan ibiliko dena. Nola salduko duten CocoonJS, hori oraindik ez dute argi, baina laster zabalduko dute tresna baldintza batzuetan edo besteetan. Beren hautu teknologikoaren ondorioa da CocoonJS, ze hasi zirenetik zenbait tresna erabili izan dituzte (Java, Unity plataforma, etab.) baina azkenean argi dute HTML5 estandarrean kodetzea dela praktikoena.

Era berean, jokoetan dauden arren buru-belarri, gauzak saiatzen eta proiektu paraleloak bultzatzen ere lan egiten du Ideatecak. Beren laborategietatik irten dira horrela Makefan, Teleleo Anuncioteca edo Filesocial. Azken hau, zerbitzu itxi berria: eta, Iruri Knorrek esan zigun bezala; porrot egiten dugunean gauza bat ixteko, lotsa gutxi, segi aurrera eta seguru zerbait ikasi duzula. Joko mugikor ezaguna, Angry Birds, egin duen enpresak ere 51 joko garatu zituen oihartzun eskasarekin txorienarekin goia jo aurretik. Beste ekimen bat bultzatzen ari direna da ekintzaileentzako accelarator edo zerbitzu bizkortzaile bat, eta horren ildotik, mutil bat hasi da proiektu propioarekin, Workmunity.

Baina distrakzio eder horietatik haratago, joko garapenean ari da indarra jartzen Ideateca. Beren produktu nagusiak dira, une honetan, Videopuzzle, iBasket (milioika deskarga, beren arrakasta nagusia), Sumon (ikusi web ingurunean HTML5ean dotore garatua) eta Slide Soccer duela gutxi kaleratua eta deskargatuenen Top-etan kokatu izan dena.

Produktu hauen marketina ez da erraza, ehundaka mila app edo aplikazioko merkatuak baitaude Apple eta Android merkatuetan, eta haietan kokatzeko, lehenbailehen top faboritoetara igotzea da koxka. Galdera txandan, Akting enpresako Nagore Guarretxenak galdetu zion ea ez dagoen mundu horretan deskarga erosketarik, eta bai, ba ei dago, konfirmatu zuen Iruri Knorrek, baina jada desagertu da hori Apple ingurunetik, Android-ean badagoen arren. Izan ere, marketin esparru berri bat dago hor, kokapena, web orokorreko SEO tekniken parekoa.

Marketinean eragina izateko ere, non eta nola mugitu ere inportantea da. Eta horregatik Kaliforniara salto egin du Ideatecak, eta San Frantziskon (Silicon Valley ez bada zehazki, tira, ondo-ondoan dago) hartu dute tokia, coworkig espazio ondo antolatu batean, SpaceRokcet izeneko toki batean. Kontaktuetarako-eta, aurrez aurre jendearekin egotea eta mugitzea oso inportantea da, eta negozio digital hauen muina hantxe dago.

Mugikorretako jokoak nolakoak dira? Sinpleak behar dute izan, casual games esaten diote kategoriari, eta horrexetan dabil Ideateca (jokoen merkatuan, egia esan, Ludei marka ari dira bultzatzen). Hala ere, mugikorretan instalatzen diren gauzarik ohikoena dira gaur egunean, eta etorkizunerako joera batzuk ere pronostikatu zituen Iruri Knorrek:

  • Doako jokoak dira gailenduko direnak: irabaziak, in-app salmentetatik (aukera extrak edo txanpon birtualak jokoan bertan erosarazten saiatzetik) edo publizitatetik.
  • Oinarri fisikoko jokoak desagertzera doazela, eta baita Game bezalako denda-kateak ere. Deskargen mundura goazela.
  • Mugikorretarako garatuko diren beste aplikazio batzuk: social network osagai bat dutenak, ligatzekoak, ordainketarekin lotuak (interesgarria Square ordainketak egitekoa; bideoa ikus). Eta baita bideorako ere: laster sortuko da bideorako Instagram erako zeozer.

Horra, bada, gure laburpentxoa. Ekitaldian iragarri zen hurrengo Betor hitzaldia prest dagoela: Javier Etxebeste Interneteko enpresaria (gaur egunean Nestoria bultzatzen Londrestik) izango da hizlari, apirilaren 26an, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean.

Erantzun

Sartu