Teknologia albisteak

Hizkuntza efektibo baterantz

Erabiltzailearen aurpegia
Andoni Urzelai
2012-03-23 : 11:03

Azken egunotan euskararen erabilera eta elebitasunaren inguruko eztabaida interesgarria dabil sarean (Sustatun eta El Cementerio de los Ingleses blogean, batez ere). Erabilera eza da kezka nagusia. Hitz egiten jakin arren, ez dugu, antza, euskara behar beste erabiltzen. Efektibotasun arazo batean gaude nire iritziz. Euskara ez da hizkuntza EFEKTIBOA. Nahiz eta esparru intimoetako hartu-emanetan (lagunartea, auzoa) normaltasunez erabiltzen dugun, hortik kanpora, eta batez ere zeregin potoloak edo garrantzitsuak tarteko daudenean (administrazio kontuak, lan eskaerak…) erdarara jotzen dugu. Hau da, modu praktiko, azkar eta eraginkorrean KOMUNIKATU nahi dugunean erdara erabiltzen dugu.

Zera esan nahi dut: kostaldeko trena oso ondo dagoela patxadaz eta presarik gabe bidaiatu nahi duenarentzat baina berehalakoan helmugara iritsi nahi duenak abioia hartu beste erremediorik ez duela. Hizkuntza bat ez da eraginkorra ez bada efektiboa, eta ez bada efektiboa nekez gailenduko zaio alboko beste hizkuntzari. Kontuak hola, nola egin efektiboa euskara?

Hasteko eta behin, garbi dago hizkuntza ez duela borondateak efektibo bihurtzen. Borondateak maitekorragoa egingo du akaso, edo errespetagarriagoa, baino ez efektiboagoa. Hizkuntza baten eraginkortasuna espresuki hori bideratzeko egindako araudi batekin baino ezin da lortu. Erdara kaltetuz euskara diskriminatuko duen legedi ausart batekin, hain zuzen. Laguntza publikoak jasotzen dituzten hedabide erdaldunei euskara kuota serio batzuk exijituz, esaterako.

Kirol, politika, administrazio eta mundu judizialean derrigorrezko hizkuntz betebehar batzuk ezarriz, adibidez. Nola liteke, esate baterako, "Euskararekin bat" leloa janzteagatik Erreala diru publikoz laguntzea erabilpenari dagokionez konpromiso zehatz eta ia erabatekoa exijitu gabe? Edo politikari analfabeto bat (euskarari dagokionez, noski) Lehendakari izendatu ahal izatea?

Norbanakoei dagokigunez, bulkada militanteaz gain, baztertu beharko genuke, behingoz, bizi dugun elebitasun mozolo hau: mezu berberak bi hizkuntzatan ematearen redundantzia alferrikako hori. ETB edo sare sozialetan asko ematen den fenomenoa da. Botatzen dugu lehenengo erdaraz aldarrikapen, deklarazio edo dena delakoa, eta segidan, kakofonia biki absurdo bat balitz bezala, euskarazko aldarrikapena. Eraginkortasuna, beste behin, pikutara. Twuit berbera lehenengo erdaraz eta gero euskaraz. Deklarazio berbera lehenengo ETB-1en eta gero 2-an. Absurdoa.

Gutxienik bi hizkuntza dakizkigunez, zilegi eta komenigarria da biak erabiltzea, dudarik gabe, baina ez litzateke askoz eraginkorragoa euskaraz mezu batzuk zabaltzea eta erdaraz beste batzuk, desberdinak? Horrela ez luke soilik hizkuntzak irabaziko balio erantsian, baita mezuak berak ere.

Finean, zera iruditzen zait: euskararen erabilpenaren arazoari norbere borondatearen ikuspegitik heltzen diogula beti, eta jakin beharko genuke, honez gero, borondatearen eskutik etorritako lorpenek oinarri makala izaten dutela. Eraginkor bihurtzen dugun mailan iraungo du bizi eta trinko, euskarak, hizkuntza efektiboa den heinean erabiliko baita.

Erantzun

Sartu