Astearteko DFeriako programaziotik, beste bi emanaldi, Espainiatik datorrena bata eta Euskal Herritik bestea, biak ere giza harremanez dihardutenak: ¡Agosto! (Cuadros de amor y humor al fresco) Jose Luis Alonso de Santos-ena, eta Ipar haizearen kontra Daniel Glattauer-ena, Fernando Bernuesek zuzendua. Irudian, Ipar haizearen kontra antzezlanean, Emi (Itziar Atienza) eta Leo (Joseba Apaolaza), ordenagailu bidezko maitasun birtualaz.
Alonso de Santos puntako izen bat da Espainiako antzerkian: idazle, zuzendari, moldatzaile, konpainia ofizialen buru, saiolari, ikastaro-emaile... Antzerki esperimentalean hasi bazen ere, aspaldi bihurtu zen molde klasikoen zale, baita telebistarako gidoilari ere. Oraingo honetan, Alonso de Santosek idatzitako antzerki laburren bilduma bat daukagu, Mariano de Paco Serranok zuzendua eta Metamorfosis ekoiztetxeak taularatua.
Hamalau pieza labur dira guztira, izenburuak dioen bezala umorez onduak, egunerokotasunetik edaten duen umorea, absurdo ttantta batzuekin, eta, tituluarekin segituz, amodioaz ari dena; bikoteen gaineko kostunbrismo tipikotik gehiegi urrundu gabe, egia esanda: senar gibelaundia eta emazte histerikoa, jaramonik egiten ez dion gizonaren atzetik dabilen neska sufritzailea...
Lau aktoreak (bi gizon eta bi emakume) solturaz ari dira, dekoratu soil eta funtzional batean. Aise doa ikuskizuna, erritmoz erori gabe eta, publikoaren arabera, batzuen irria eta besteen algara piztuz. Denbora-pasarako moduko lan txukuna, ez gehiago eta ez gutxiago.
Literatura dramatikoa ez da bereziki estimatua gaur egun: ez euskal letretan ez inguruetan: batetik, antzerki-testuak ez ditu ia inork irakurtzen, eta, okerrago dena, antzezlanen oinarri ere ez dira izaten, testu narratiboetatik egindako moldaketak ikusten baititugu gero eta sarriago. Moldaketa horien espezialista trebea da Fernando Bernues; Ipar Haizearen Kontra eleberriaren kasuan, baina, egilea bera izan da bere eleberriaren moldatu duena Ulrike Zemmeren laguntzaz, eta Arantxa Iturbek egin du euskal bertsioa (DFerian gaztelaniaz eman duten arren).
Glattauer-en nobela arrakastatsua lehendik ere irakurgai zegoen euskaraz (Irati Elorrietak euskaratua eta Erein/Alberdaniak argitaratua); antzerkiak haren mamiari heltzen dio, apur bat laburtua eta ñabardura batzuetan aldatua; funtsean, oso gaurko gaia kontatzen du: ordenagailu bidezko maitasun birtual bat: Emi (Itziar Atienza) eta Leo (Joseba Apaolaza) akats baten ondorioz jarriko dira harremanetan; adar jotze moduan hasitakoa jolas kilikagarri bihurtuz joango da, eta hortik maitasun moduko bat piztuko da; egiazko bizitzan konpromiso eta loturak existitzen dira, ordea, eta dudak izango dituzte, pantailako joko erosotik aurrez aurreko topaldi arriskutsura jauzi egin edo ez.
Tanttakaren muntaietan ohi den bezala, bikaina da eszenografia (Jose Ibarrolarena), eta oso zainduak xehetasun guztiak: aktore nagusi biak lehenik eta behin, zuzendaritza, musika eta abar. Produkzio akatsgabe bat, lehendik ere gure antzokietan oso ondo funtzionatzen ari zena, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Ea kanpoan arrakasta izatea lortzen duen.
Erantzun
Sartu