Elearazi.org, itzulpengintzaren inguruko webgune berria
Sustaturen hastapenetan, 2001. urte urrun hartan, BWEB izeneko azpiatala zen gure atalik garrantzitsuenetakoa: "Beste web euskaldun bat", alegia. Izan ere, duela 10-12 urte, euskarazko webgune berri bat argitaratzea albiste handi eta pozgarria baitzen. Gaur egun, zorionez, egunero sortzen dira euskarazko webgune eta blog berriak. Hala ere, tarteka horien berri ematen jarraitzen dugu Sustatun, euskarazko Interneteko panorama etengabe zabaltzen eta anizten ari baita. Gaurkoan duela gutxi ireki duten webgune baten berri emango dugu: Elearazi.org.
Elearazi.org, itzulpengintzaren inguruan euskaraz hitz egingo duen webgunea da. Lau ataletan banatuta (Euskarara ekarriak, Hausnarketa, Ikus-entzunezkoak eta Lapurtuak), itzulpengintzaren inguruko elkarrizketak, gogoetak eta albisteak kaleratuko dituzte astero astero.
"Ez gatoz inoren edo ezeren ordezko. Ezta iruzkin profesionalak eta erreferentziaz jositako tesiak aurkeztera. Horretarako bada gu baino hobeki prestaturiko jende andana. Itzulpengintza diziplina artean baino ez dugu ulertzen, harremanean, horregatik komunitate anitz eta zabal horretan gure alea jarri nahi dugu, guzia idatzita omen dagoen honetan ikuspuntua eman".
BWEB, beste web euskaldun bat: Elearazi.org.
Erantzunak kargatzen...