Sustatu logoa Teknologia albisteak

Auñamendi Entziklopedia eta Kutxateka, eduki librerik gabeko ondare zabalkundeak

Sustatu
2012-01-04 09:01

Auñamendi Entziklopediak iragarri du "Creative Commons lizentzia" erabiliko duela bere edukietan 2012tik aurrera. Creative Commons ez da lizentzia bat, baizik eta zenbait lizentzia diseinatu dituen erakunde bat, eta horietako bat da Auñamendik aukeratutakoa: Ez-Komertziala; zehazki, zeinak erabilpen librea eragozten duen (Wikipediarako, adibidez). Gipuzkoako Kutxak ere, duela gutxi bere argazki fondoak jarri ditu sarean, are lizentzia murriztaileagoarekin, Auñamendik bezala Creative Commons izena erabili arren.


Manolete eta beste toreatzaile batzuk Eibarren, Indalecio Ojangurenen argazki batean, Kutxatekaren baldintzak bete gabe argitaratua.

Auñamendi Entziklopediarena bere jabeak, Eusko Ikaskuntzak, zehaztu du hemen, Aitortu Ez-Komertziala Partekatu-Berdin lizentzia aukeratu dutela zehaztean:

Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du, baita lan eratorriak sortzeko ere. Ezinbestekoa da ordea, lanaren egilea eta/edo iturria aipatzea. Horretaz gain, ezin da lan horren (ezta bere eratorrien) erabilpen komertzialik egin eta lana aldatu edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako eduki horren banaketa, ezaugarri berberarekin egin beharko da.

Baldintza horiekin, Auñamendi ez da bateragarria Wikipediarekin eta, Sustatu bezalako blog batean ere ezingo da hangorik kopiatu, hemen publizitatea saltzen baitugu.

Kutxatekako argazkiak

Kutxatekaren kasuan, abenduan jarri zuten sarean argazki fondo eder eta handi hau, milioi erdi inguru irudirekin. Argazki bakoitzaren orrian ez dago lizentziaren aipamenik, ez bada Creative Commons esteka bat, lizentzia zehatzera daramana:

Kasu honetan, are murriztailegoa da lizentzia, Ez Komertzialaz gain, lan eratorriak ere debekatzen baititu. Gainera, Kutxak baldintza gehigarriak asmatu ditu Julen Iturbe-Ormaetxe irakasleak nabarmendu duenez, berez Creative Commons lizentzia horri ez dagozkionak: Kutxaren logotipoa ezarri behar da.

Tamalez, baldintza horiekin ere ezin dugu guk Kutxatekako argazkirik hemen atera. Eta lan eratorririk ere ezin du inork egin, demagun, argazki bat hartu eta koloreztatu jai batzuetako esku-papera bat apaintzeko. Aldiz, Kutxak eskuratua du eskubidea, argazki hau komertzialki horrela erabili edo koloreztatzeko. Esate baterako, Indalezio Ojanguren argazkilariaren fondoak libre eta publikoak egin ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez, Guregipuzkoa.net webgunean. Baina Kutxateka badaude hango fondoan ez zeuden Ojangurenen argazkiak, hala nola goian itsatsi duguna, toreatzaileen hau.

Argazki zehatz hau ez da librea, eta bai ordea Ojangurenen besteak. Guk, dena den, Kutxaren baldintzak hautsiz atera dugu goikoa, jakinik Ojangurenen artxiboaren parte gehiena, bederen, librea dela.

Lizentzia libreak

Apurtxo bat argitzeagatik, Marko Txopitearen lizentzien semaforoa ekar dezagun:

Azalpen gehiago, hemen. Baina funtsean, gorria eskubide pribatiboak; berdea eduki libreak; eta horiak tarteko zerbait, baina semaforoen kasuan bezala, berdeak igaro esan nahi badu, gorriak bezainbeste gelditu agindua dakar berekin horiak. Txopiteak dioen bezala:

Eremu berdean ez dauden lizentziak ez dira libreak. Ez dago beste bueltarik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu