Teknologia albisteak

Harremanaterako webguneen sekretuak, eta Kaixomaitia-ra datozen nobedadeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-12-16 : 11:12

Iñigo Arandiak harremanetako webguneen historia, funtzionamendua, gorabeherak eta eskala ekonomikoak komentatu zituen atzo Betor hitzaldian. Eta munduan gure inguruan diren zerbitzu ezagunenen ondoan, Kaixomaitia.com nola dabilen ere azaldu zuen. Bide batez, webguneak laster izango duen aukera berria aurkeztu zuen, Android mugikorretarako aplikazioa.

Betor - Iñigo Arandia - Kaixomaitia.com

Harremanetarako webguneak Interneteko plataforma oso erabiliak eta hedatuak dira. Zenbait kasu aipatu zituen, Ashley Madison (kontaktu infidelentzako), Match eta Meetic marka sendoenak, eta azken urteetan ikaragarri hedatu den Badoo. Goian itsatsi dugu Arandiak hitzaldia gidatzeko erabili zuen aurkezpena.


Argazkiak.org | Betor - Iñigo Arandia eta Kaixomaitia.com © cc-by-sa: codesyntax

Bakoitzak bere detaile bereizgarriak ditu, baina denek funtzionatzen dute Freemium modu batean. Zerbitzu batzuk doan, jendeari amua erakusteko, eta beste batzuk premium. Arandiaren datuen arabera, sarean dabilen 6 internauta artean, bat dabil harremanetarako webgune batean; single edo bikotegabeen kategorian, %50. Ordaindutako kontuak izan daitezke %5 eta %10 artean webgune hauetan. Eta arraskata gakoetako bat izaten da emakume/gizonezko ratio orekatuagoak. Hor, Badoo nabarmendu omen da 55/45 portzentaia izanik gizonezkoen alde (normalean, desoreka handiagoa da: adibidez, Kaixomaitian emakume bakoitzeko, bi gizonezko).

Webguneen funtzionamenduaren mekanikaren aldetik, batzuetan zein besteetan ñabardurak izanik, detaile batzuk ikusten dira batzuetan zein besteetan:

  • Norberak bere profila betetzeaz gain, bilatzen duenarena finkatzeko aukera.
  • Afinitate sistemak (bikote eraketara gehiago zuzentzen direnetan)
  • Alerta sistemak (abisuak ikusi bazaituzte, gogoko izan bazaituzte...)
  • Lore edo beste gai birtual batzuen salmenta
  • Txat edo mezularitza sistema bat

Baina detaile teknikoak eta kopuruaz aipatzeaz gain, Arandiak Internetetik ligatzearen alderdi humanoa ere oso modu zuzenean tratatu zuen. Bilatzen dena, zer da? Sexua ala maitasuna? Motibazioak aztertu izan dituzte ikerketa batzuetan:

  • Txateatzea, adiskidetasuna
  • Erlazio serioa, maitasuna
  • Sexua soilik
  • Aurreko hiruen konbinazioren bat

Arandiak gehitu zuen badagoela, bere iritziz, beste faktore bat: kuriositatea, jolasa, eta gero gerokoak. Ligatzearen mekanika ere azaldu zuen, eta Internetetik harremanak bilatzeak badituela abantaila nabarmenak kaleko ohiko sistemarekin alderatuta: gaua, koadrilak, alkohola, zantzu-falta hurbilpenaren aurretik, adinaren kontuak, ukazioaren pisu astuna...

Kaixomaitia.com bururatu zitzaion beste zerbitzu hauetan pentsatzen, Ingalaterran zegoelarik lanean General Motors-en proiektu batean (enpresagintza eta marketineko formakuntza eta esperientzia du Arandiak). 2.200 erabiltzaile ditu orain, eta 5.000ra igotzea nahiko luke 2012an zehar, 5. urteurrena egitearekin batera. Masa kritikoa inportantea da, eta potentzialki, 75.000 euskaldun gehitu daitezkeela uste du.

Motibazioa, beste artikulu batean berriki aurkitutako izenburu batekin azaldu zuen: "Euskararen aldeko gauzak egin beharrean, gauzak euskaraz egin behar ditugu". Nolabait, Betor hitzaldi hauen zioa ere horixe da.

Harpidetzak handitze aldera, prezio egitura merketu eta aldatu nahi du Arandiak. 25 euroko harpidetza asko txikitu, demagun 5 eurora arte, baina era berean, prezio egituran mikro-ordainketak eta urrats progresiboak ezarri (argazkia jartzen baduzu, errazago edo merkeago, demagun), edo baita diruz ez diren mikro-ordainketak (profila lotu ezazu sare sozial batekin, eta horrela lortu harpidetzaren luzapena). Argazkien kontua komentatzen euskaldunen inguruko estereotipo batzuk egia direla esan zuen Arandiak: lotsa galanta argazkia jartzeko.

Estrategia horren barruan, aplikazio mugikorra etorriko da laster. Akting ingeniaritzak egindako aplikazioa Android mugikorretan izango da erabilgarri, doan, eta berez, harpidetza berriak lortzeko sistema gisa ikusten du Arandiak: txat gaitasuna izango du, eta geo-kokapena, irteten zarenean, inguruan nor dagoen ikusteko. Kaixomaitia.com-eko datubase orokorrerako sarbidea ere izango du, baina erabiltzaile berriak ere bertara gehituko dira, kasu honetan doan.

Hitzaldia osorik grabatu zuen bideoz Berria-k eta hemen ikus daiteke.

Erantzun

Sartu