Teknologia albisteak

Bittor Kapanagaren ekarpena euskararen jatorriari

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Alaña
2011-07-24 : 11:07

Bizitza osoan zehar burdina izan zuen lanbide eta euskara gogobide Bitorrek, eta orain joan zaigula, betoz lerro hauek euskal kulturan eta bereziki euskararen jatorrian egin duen ekarpen garrantzitsua labur-labur gogoratzera. (Bittor Kapanaga uztailaren 14an hil zen)

Txiki-txikitatik berezia izan zen. 14 urte zituelarik, udako oporren ostean erabaki zuen eskolara ez itzultzea “inperio baten parte izan nahi” ez zuelako. Izan ere 1939. urtean, frankismoko eskolaren funtzioa argi eta garbi zegoen. Horrela, abereak zaintzen zituen bitartean liburuak irakurriz bere ikasketak osatzen eta munduratzen ibili zen.

Euskal kontzientzia zelan biztuarazi zitzaion ere elkarrizketa batean kontatu zigun: “behiak errekara eraman nituen batean, zahar bat ikusi nuen han jarrita, La Gaceta del Norte eskuetan, ikusmena galduta: Otxandioko alkatea izandakoa zen. Esan zidan ea irakurriko nion egunkaria, eta halaxe egin eta konturatu nintzen albiste guztiak zirela II. Mundu Gerrari buruzkoak, orduantxe hasi baitzen. Zaharrak, orduan, diskurtsoa bota zidan: "Gerra hau luzea izango da. Denek uste dute alemaniarrek erraz irabaziko dutela, baina gutxienez bost urte iraungo ditu Gerrak, eta azkenean Ingalaterraren bandoak irabaziko du. Eta Jaungoikoak nahi dezala gure aberria askatzeko unea ere hauxe izatea... Badakizu zein den gure aberria?", galdetu zidan, eta ni ahoa zabalik. Esan zidan: "Zazpi probintzia dira: hiru Frantzian eta lau Espainian, baina gure aberria ez da ez Frantzia ez Espainia".

Euskararen eta kultur arkoko hainbat saltsatan ibilia zen: Eibarren, beste inor ausartzen ez zen garaian, lehenengo euskarazko eskolak abian jartzen eta euskara ikertzen Imanol Laspiur, Juan San Martin, Serafin Basauri eta beste zenbaitekin batera; Durangaldeako Gerediaga Elkartean Durangoko Azoka eta beste ekintzak antolatzen; Euskaltzaindiaren hainbat kontuetan ere sartuta euskaltzaina izan barik -ez zuelako izan gura-; aldizkarietan idazle, hala nola Euzko Gogoa Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasunan.

Eibarko garaian “mendebaldeko euskara” izendapena proposatu zuen “bizkaiera”ren ordez, euskalkia honen eremua hobeto definitzearren. Hori dela eta, Mendebalde Alkarteak bere ekarpen honengatik omenaldia egin zion, nahiz eta orain “sartalde” kontzeptuaren aldekoagoa zen, berba hauxe euskalki honetan erabiliagoa delako.

Euskaratik kanpo ere beste balioetan sinisten zuen. Behin, bezeukan enpresa bat bere lur batzuk erosi nahian eta berak ezetz eta ezetz. Herriko batek zera galdetu zion: “Bittor, bana zergatik ez duzu saltzen?” Eta honen antzeko zerbait erantzun omen zion: “Bizitzan dirua ez da dana”.

Baina, Bittoren ekarpen nagusia, zalantza barik, euskararen jatorrian teoria berritzaile bat sortzea izan zen. Teoria hori 1978an argitaratutako “Euskera erro eta gara” liburuan plazaratu zuen eta beraren ustez, euskararen baitan hiru iturri nagusi egon dira, bakoitzak eremu geografiko desberdinetik etorrita eta gaur egun hizkuntza bakar gisa ikusten dugun mintzaira bakar hau elikatu dutena. Hiru horiek iturburu mediterraniarra, piriniarra eta iberiarra ditugu. Teoria hau arrazoitzeko, Bittorek sinonimia hirukoitzaren gaia aipatzen zuen, alegia, gure hizkuntzan oinarrizko kontzeptuak izendatzeko, sarritan hiruko sinonimia dugula. Esate baterako, ura izendatzeko hiru berba ditugula: “ura”, “iz” (izozki, txistu…) eta “gar” (garbi, garona).

Bere ustean, hizkuntza sortu zen garaian hiru eremu kontzeptual nagusi bereiztu zuten gure arbasoek: izatasuna (izatea), egintza (egitea) eta getasuna (ezezkotasuna). Hiru iturburuetan eremu kontzeptual bakoitzerako erro bana dagoenez, Bittorrentzat oinarrizko 9 erro izan dira gure hizkuntzaren zutabeak. Horrela, izatasunerako: “iz”, “ar/ur”, eta “go” ditugu. Eginzarako: “in”, “uk” eta “gi”. Eta, azkenik, getasuna adierazteko “il”, “u”, eta “ge”. Erro hauek aldaerak izan dituzte bilakaeraren ondorioz. Horrela IZetik itz, is, its, ix, itx sortu dira. INetik din eta ti. ILetik ail eta al. ARretik ara, arr eta arra. URretik ura, urr eta urra. Utik ul eta un. GOtik ko, ga, ego eta egu eta GEtik ge, ke, ga, ka.

Adibidez, IZ izatasun erroarekin, suarekin lotuta, ondorengo berbak sortu omen dira Bittorren iritziz: izio, ixitu, izeki, isioki, itxindi, izarki, itzali, izutu, su, ixu, txinpart. Argiarekin lotuta ere hainbat hitz: istasun, isla, izpi, ixiki, iztasun, itzal, iziotu…Urarekin lotuta, IZ erro hau ere oso emankorra izan da: izotz, istil, iztoki, isol, iztin, itz, itsaso, iturri, isuri, izurde, izerdi, ixaka, ixurki, itukin, izpura, ito, idoi, eze, txiz… Edo egintzarako dagoen IN erroarekin, ehunka aditz sortu da. Bittorrek, hizkuntzalari askok diotenaren aurka, “in” “egin” baino lehenagokoa dela dio, ez alderantziz: in-> e-in -> egin. Edo getasunerako IL erroarekin, ondorengo hitzak sortu direla diosku Bittorrek: ilun, isil, argal, makal, gal, itzal, itzal(i), ortziral, ilargi…

Bederatzi erro hauen konbinatuz hitzak sortzen joan dira zenbait arau kontuan hartuz. Esaterako, izatasun zentzua duten fonemak esanahi orokor bat dutela dio: sua, argia, ura. Bestetik, izatasun zentzua duten erroak elkartuz, zentzu bereko hitz berriak sortzen direla dio, esaterako: go-iz, iz-ar, ar-itz, ur-itz, ga-ur, itz-ar. Egintzakoak elkartuz egintzakoak ere sortzen dira: uk-a-n, e-uk-i. Eta getasunekoak elkartuz ere ezpal berekoak: il-un, ga-u. Beste arau baten arabera, izatasun eta getasun zentzukoak elkartuz, getasun zentzukoak sortzen dira: is-il, itz-al, its-u, itz-ul, iz-un, is-un. Edo izatasun eta egintza zentzudunak elkartuz, egintzakoak sortzen dira: iz-a-n, ya-n, ga-in, ur-i …

Kapanagak, aditzen sorreraz ere luze idazten du. “Izan” aditzaren inguruan, hipotesi biziki interesgarria planteatzen du. Hasieran “ni” eta “hi” bakarrik bereiztuko ziren. Gero, askotasunaren eraginez, gu eta zu. Bestea orokorra dugu, izaki eta gizaki guztientzat balio duena.

Bestetik sendiak garrantzi izugarri du gizakiongan eta, eremu semantiko honen inguruko berbak, seguruenik, zaharrenetatik zaharrenak izango dira. Bittorrek, “aba” erroarekin lotu ditu gehienak: asaba, osaba, izeba, iloba, alaba, arreba, neba.

Bitxia bada ere, hiru iturburutako teoria honek genetikak azken hamarkada honetan plazaratzen ari den lan askorekin bat dator neurri batean. Batetik nezakaritza ekialdetik mendebaldera zabaldu zela diosku eta hrrekin batera, seguruenik, terminologia asko zabalduko zen Mediterraneoko herrietatik. Horrek azaltzen du, esaterako, toponimian dauden antzekotasunak Sardinian, Mallorkan eta beste hainbat herrialdetan hemengoarekin. Bestetik glaziazioekin giza mugimenduak izan ziren, Europako iparraldetik hegoalderantz –Euskal Herriraino besteak beste- eta gero hemendik iparralderantz. Azkenik, Iberiarekin egon den lotura ere beti aipatua izan da (Humbolt, Larramendi…) nahiz eta azken urteotan baztertuta egon teoria hau. Genetika azterketak zabaltzen diren neurrian informazio gehiago izango dugu eta agian argiago esan ahal izango digute noraino asmatu duen Kapanagak.

Eta Iruña Veleia ere aipatu beharra dago. Bittorrek beti esaten zuen euskara gutxi aldatu dela eta hemengo idazkunak egiazkoak izan zitezkeela inolako arazorik gabe, indusketa itxi baino lehen Langraizen egin genuen biltzar batean aipatuta. Bittorrek arrazoi duen ala ez jakiteko analitikei itxaron beharko diegu, orain arte mundu guztian egiten diren datazioak ez dituztelako hemen egin nahi izan. Zergatik ote?

Amaitzeko, Euskararen Jatorriaren Biltzarrak antolatzen hasi genituenetik Bittor gurekin beti izan dugula gogoratu nahi dugu, Garesen egindako azkeneko honetan izan ezik, osasunagatik. Zoritxarrez ez zuen aukerarik izan genetikako azterketak berak hainbeste maite zuen Joxemiel Barandiaranen euskaldunon iraupenaren edo bere hiru iturburuen teoriaren bide beretik doazela entzuteko.

Goian bego.

Erantzun

Sartu