Euskara eta identitatearen asuntoa
2011-07-04 14:07
Hala, zabaldu samar dagoen ikuspegi baten arabera, identitatea eta sentimendua lotzen dituen ikusmoldea, besteak beste, unibertsaltasuna, gizartea, arrazoia edota borondatea bezalako nozioekin lotzeko joera izaten da eta, ildo beretik, tolerantzia, elkartasuna edota irekitasuna bezalako balio aurrerakoiak suposatzen zaizkio.
Aitzitik, identitatea ezaugarri jakinen baldintzapean jartzen duten iritziak partikulartasuna, herria, etnia, mistika edota esentzialismoa bezalako nozioekin elkar harturik iritsi ohi zaizkigu maiz eta, aurkakorik arrazoitu ezean behintzat, bazterketaren, beldurraren eta itxikeriaren gisako balio eta jarrera atzerakoiak leporatzen zaizkie.
Praktikotasun hutsaren aldetik begiratuz gero, egia esan, identitateari buruzko bi uste hauei arestian aipaturiko balioak automatikoki eranstea, zenbait tokitan, zenbait kasutan, osasuntsua delakoan nago. Baina iruditzen zait beste zenbait tokitan eta beste zenbait kasutan problematikoa eta injustu samarra gertatzen dela.
Har dezagun, esate baterako, Frantzia. Frantzia batean, zenbait kasutan, identitatea borondatearekin lotzen duen diskurtsoaren balorazio positiboa benetan estimatzekoa izan daiteke. Begi bistakoa dirudi honek kolonia izandako lurralde arpilatuetatik metropolira iristen den jendearen kasuan. Frantses hizkuntzarik, azal zuririk eta kristautasunik gabe, ezer gabe, bizi hobe baten bila dabilen jendeari frantsestasuna eta dagozkion eskubide zibilak- euren frantses izateko borondate hutsaren arabera aitortu behar zaizkiola defendatzea gauza ona da: gizabidea da.
Ordea, aipatu bi muturrak bereizten dituen planteamendua -eta Frantziatik urrutiegira joan gabe- problematikoa gerta daiteke beste toki batzuetan. Adibidez, Euskal Herriak bezala, estaturik ez daukaten herrietan, sarri, integrazioaren auzia hizkuntzaren galera dakarren asimilazioarenarekin batera aurkezten zaigu eta betikoa: euskaldun sentitzen diren erdaldunez populaturiko Euskal Herri independentea gauza ona ala txarra litzateke?
Kontua da identitateari buruzko eztabaida Euskal Herrian oinarri hauen arabera planteatu eta abiarazteak ataka zailean uzten duela euskara bezalako hizkuntza baten sustapena. Izan ere, aurkezten diren bi aukera diskurtsiboek hutsune garrantzitsuak baitituzte, besterik ez bada ere, estrategia mailan.
Euskalduna euskaraz egiten duena baino ezin daitekeela izan botatzea, berez, astakeria ez da; ni neu -gutxi gorabehera- uste horretakoa naiz. Baina identitateari buruz berriketan, bide honetatik jo nahirik ideia hau orokortzeko asmoz dabilenak, gaur egungo egoeran, euskaraz ez dakiten abertzaleak zapuzteko motibo sendoak eman ditzake eta, gainera, izango du esku bete lan eta nekatuko da munduaren kontra ikuspegi esentzialista honi tradizioak erantsi dion balorazio negatiboari buelta ematen. Einsteinek esana omen, zailagoa dela aurriritzi bat desintegratzea atomo bat baino.
Bestalde, euskal identitatea herri jakin baten parte izateko borondate hutsera muga daitekeela esatea gezurra ere ez da eta, gainera, irekitasunarekin loturiko balio positiboen haizea du alde. Arazoa da, erosoen erdaraz sentitzen diren hainbeste abertzale dagoen garaiotan, beste bide honi helduz gero erdaraz bizi den euskaldunaren identitatea normalizatzeko aukerari ateak parez pare zabaltzen dizkiogula.
Zeren eta jakina da hizkuntza bat erabiltzerako orduan bi motibazio mota daudela, instrumentala bata eta emozionala bestea. Euskara erabiltzeko motibazio instrumentala, erdara erabiltzekoaren aldean, hain apala izan den, den eta izango den garaiotan, borondateari lehentasuna emanez euskarak identitatearekin izan dezakeen lotura laxatu behar al dugu? Ez dakit, ba, ideia hau orokortzeak mesede handirik egingo lukeen: beldur izan euskararen subordinazio egoera sendotzera eramango ez ote gintuzkeen.
Beraz, ez ikuspegi bat ez beste orokortzeak ez badigute osoki balio, orduan, zer egin? Tira, bakoitzak nahi edo ahal duena egingo du, noski. Hondartzara arratsalde pasa joatea ez litzateke aukera txarra; bikotekideari maite duzula esateak ere ideia ona dirudi; izozki bat ere jan genezake. Dena den, orain artean esku artean izan dugun asuntoari dagokionez, esango nuke bi ohar sotil gogoan hartzea beharbada emankorra izan litekeela.
Bat: onuragarri izan liteke identitateari buruzko arestiko bi ikuspegiok, modu antagonikoan ulertu ordez, bata bestearen osagarri esplikatzea. Alegia, batak ez daukala bestea zertan kendu. Zeren eta egia, gizajendea tarteko izaten denean, batzuetan ez baita bat bakarra izaten. Errealitatea, maiz, egia puska txikiz osatzen da eta onuragarria izan ohi da norbere egia esateaz gain aldamenekoarena ere ezagutu eta ulertzea. Abertzaleon artean herri hankaperatua izatearen ajeak- batzuk euskal hiztunak gara eta beste batzuk erdaldunak. Elkarren premian gauden arren, halabeharrez, hizkuntza eta identitatea modu ezberdinean bizi ditugu eta horregatik errealitate hauek esplikatzeko beharrezko zaizkigun diskurtsoak ere ezberdinak dira.
Batzuentzat pozoi dena besteentzat sendabelar izan liteke, eta alderantziz. Borondatea inbokatzea, euskaldunen artean euskararen erabilera sustatzeko estrategia gisa erdizka geratzen da, baina ezinbestekoa zaigu abertzale erdaldunaren mundua esplikatzeko. Hein bertsuan, euskara dela euskaldun egiten gaituena eta kitto aldarrikatuz ibiltzea, ez da abertzale erdaldunak goxatzeko egokiena izango, baina hizkuntzaren erabilerarako motibazio gisa, azken batean, euskal hiztunak ia ez du besterik. Beraz, zergatik ez identitatearen kontzepzioari buruzko diskurtso bat ala bestea, egoera, kasuaren arabera erabili?
Eta bi: Antza gogoeta eta eztabaida identitatea zehazterako garaian hizkuntzak zein toki betetzen duen galdetzetik abiarazteko joera da nagusi. Bada urrats bat aurreraxeago emanez, euskal hiztunoi identitatearen eta hizkuntzaren arteko harremanari buruzko eztabaida termino hauetan planteatzea benetan interesatzen zaigun galdetzea ere badago. Maiz, abiapuntuak berak baldintzatzen duela helmuga esaten da; nondik hasi, han amaituko dugula, ezinbestean. Euskal hiztun garen aldetik, bereziki, uste dut bentaja handia genukeela hizkuntzak identitatearentzako zer esan nahi duen galdetu ordez, eztabaida abiarazten deneko hurrenkera norantzaz aldatu eta euskararen erabilera normalizatzerako garaian identitateak zein eginkizun duen planteatzea. Alegia, gogoeta hizkuntzatik eta ez identitatetik- abiarazteak euskal hiztunoi gauzak argiago ikusten lagunduko ligukeela uste dut. Eta, besterik gabe, hala bazan ta ez bazan, sar dadila kalabazan.
Erantzunak kargatzen...