Teknologia albisteak
3

Artikulua 2tzuL-en: "Txorizoaren tortilla", Asier Larrinaga

Erabiltzailearen aurpegia
EIZIE
2011-02-27 : 10:02

EIZIEk abian jarritako ItzuL posta-zerrendan, “laranjaren/laranjazko?” gaiaren inguruko iritzi-truke bizia izan da otsailaren 14tik hona, eta, horren haritik, “Txorizoaren tortilla” artikulua idatzi du Asier Larrinagak 2tzuL blogean.

Hauxe izan zen ItzuLeko eztabaidaren abiapuntua: "Laranja-zukua" esaten dugu, baina hitz-elkarketa hori deseginez gero zer forma erabiltzen dugu?; esaterako, "zuku bat hartuko dut, laranjarena”, ala “zuku bat hartuko dut, laranjazkoa”? Galdera egin zuen zerrendakideak zioenez, inguruko euskaldunzaharrei “laranjarena” entzuten die gehienbat, baina testuetan “laranjazkoa” aurkitzen du ia erabat.

Galdera horrek 33 mezuko soka bat ekarri zuen, eta gaiaren ertz asko agertu ziren haietan. Zukuaren haritik, freskagarriak, ogitartekoak, tortillak eta beste atera ziren hizpidera: “Ogitartekoa zerena nahi duzu” / “Ogitartekoa zerezkoa nahi duzu” / “Zer ogitarteko nahi duzu”; “tortilla, zerena”, “tortilla, zerezkoa”?...

2tzuL-eko artikuluan, -zko atzizkiaren balioa adibide ugariz hornitzen du Larrinagak, eta auzitan jartzen, bestalde, “txorizoaren tortilla” esaten ez bada “tortilla bat, txorizorena” erabilera ontzat hartzeko aukera. Blogean erantzun bat izan da dagoeneko, eta litekeena da gehiago ere etortzea.

Erantzunak

ibai
2011-02-27 : 11:46

Ez naiz itzultzailea. Halere, nire iritzia eman nahi nuke.



Ohartzen naiz hitz elkarketa desegiteak "laranjarena" edo "laranjazkoa" izan behar ote duen galdetzera garamatzala. Dena den, azpimarratu nahi nuke hitz elkarketa bera desegitea euskara "behartzea" iruditzen zaidala. Euskaldunzaharra naiz, eta "-ena" ala "-zko" galdetuz gero, ziur asko, "laranjarena" erantzugo nuke, baina ez deserosotasun punttu bat sentitu gabe.



Iruditzen zait hitz elkarketa desegitearen atzetik bultzaka bezala gazteleraz daukaten galdetzeko moduaren kopia dagoela. "de qué" esan nahita "zerena" edota "zerezkoa" galdetzen da. Neuri ez zait ez "zerena" ez "zerezkoa" galdegairik ateratzen tortilla patatei, zukuei edo euskara klaseei buruz galdetzerakoan, "zein" edo "zer" baizik:



-Tortilla bat nahi dut/ -zein-zer tortilla?/ -patata (tortilla)



-Irakaslea naiz/ -zein-zer irakasle?/ -ingeles irakaslea.



-Zer-zein ogitarteko nahi duzu?/ -tortilla



Etabar.

Eñaut
2011-02-28 : 12:15

"Zerezkoa" ez al da "zerez egindakoa"? "Txorizozkoa" izango litzateke nire erantzuna. Ez nazazaue ni itxaron, "txorizorena" talde horretan... Ibai, zurekin guztiz ados.

Eta ez, ni ere ez naiz itzultzailea, baina bai euskal hiztuna...

Patxi Petrirena
2011-03-01 : 15:41

Ez da itzultzailea izan beharrik iritzia eta irizpidea izateko, ez horixe! Denontzako gaiak dira blog horretakoak (eta han bertan erantzutea ere ez legoke gaizki, bide batez esateko).



Eztabaidaren sorrera ere ez zen zehazki "itzulpen-arazo" bat izan, nik uste, gogoeta bat baizik. Hitzez hitz, hauxe: «Nire inguruko euskaldun alfabetatugabeei honelakoak aditzen dizkiet: Zer zuku (zumo) hartu duzu? Laranja(re)na/ mandarina(re)na. Horrelako jendeari ez diot inoiz aditu, "laranjazkoa/ mandarinazkoa" esaten. Hala ere, gaur egungo testuetan, horrelako formak bakarrik aurkitzen ditut».



ItzuL posta-zerrendaren artxiboan ikus daiteke hori (http://postaria.com/pipermail/itzul/), otsaileko mezu-harian. (Hemen lehenago adierazi ez dugulako ari naiz oharra egiten, inork interesik edo beharrik balu).



Hor ikusten da hitz-elkarketa desegitea ez dela hain arraroa ere. Eta (hau ere bide batez), nik ez dut uste hor goian aipatutako "zein tortilla" batere aukera ona (eta erreala) denik "zer/zerezko/zeren/nolako tortilla" esateko. Horretaz ere luze ari gintezke, ordea.

Erantzun

Sartu