ETAk bete al du, ez du... Gernika, Brusela? Iruñea, Altsasu, Anoeta, Lizarra.... akordio ta izpiritu toponimiaz beteta daude lehen ere kajoiak baina bidea da garrantzitsua, ez hoietako bakoitza helmugatzat jotzea. Orain eta beti borondate zintzoak biltzea garrantzitsu: Azken hitza nork esango duen, etekina nork aterako, airoso nor geratuko... "Politikeria" garaiak alboratzea zein desiragarri eta zein irreala uneotan, entzundakoak entzunda, somaturikoak somatuta.
Baina ezin itxaropenik galdu, denok seko ergelduta ez bagabiltza behinipein, zeozer izango da, ez bedi behintzat "egin dezagun zuek" izan.
ETA amaitu orduko esku bete lan gorrotoari begietara so irmo, beldurrak eta aitortu ezinak astintzen, zauriak sendatu eta zubiak berreraikitzen, adiskidetzen, arerio amorratuaren konplizitateak bilatzen hobe-beharraren alde. Gu baino okerrago zeuden bazterretatik heldutako lezioak.. zintzoak edo besterik gabe zentzuzkoak, ezinbestekoak.
ETArik ez dagoenean abertzaleak batuago ala.... oilategian gero ta oilar gehiagorekin, nor bere bizkarreko judastxoa urkatu ezinik?
ETA ostean benetan sinetsiko al dugu Euskal Herriaren askatasun eskubidean?
ETAren aitzakia bukatuko denean, gaiztoak oporretan doazenean zer egingo zintzook?
Ez da oso itxurosoa izango norberak ordaindu nahi ez duen fakturaren muntakorik hurkoari pasatzea, hurkoak jadanik gehitxo ordaindo duela deritzonean gainera. ETArekin bizitzen ohitu izanaren "masokismo"rik norbaitek faltan bilatzea posible ote... nork behartu gaitzake noria hutsal horretan zorabiaturik, dopaturik bizitzera? Eskuzabaltasuna, baikortasuna, jarrera positiboa... hitz hutsalak entzun nahi ez dituen belarri gaiztotuarentzat.
Estokolmo sindromea, tranpa-usaina, deserosotasuna, bertigoa, koldarkeria, mesfidantza... "Hijoputismo"a erruz erein da hemen eta premia larriak orain kontrako norabidean arraun egiteko... Ba ote bolondresik, iñuxente engainatuaren koplak deus egingo ez dutenen abesbazatik behin eta berriro jasateko prest? Akaso abesbatza hori ariko bait da bere burua eta gainontzekoak engainatzen. Arazoari heldu egin behar bait zaio.
Eta bai, behar lukeeen bezala, gizalegez, komentzimenduz/komentzituz, bakebidez, hitzez baina sakrifizio gaitasunez, zenbatek jarriko du arriskatu dezakeenaren partetxo bat sikiera... aldarrikatzen omen dituen ideal hoien alde?
Hara, ez dakit ETAk horretan sinetsiko duen, guk geuk sinestea eta ekitea da hemen kontua. Bestela bihar lupa hartuta hortxe egongo dira berriro gure bilobak, Brusela, Gernika, Gaintxurizketa... bete ote dute?
ETAk berak pentsa dezake "Herriarentzat gu soberan omen gaude, ea orain zer egiten duen Herriak" baina iruditzen zait desafio horri helduz askoz hobera joatea ez dela batere zaila. Arazoa adabakiz josi ta arrastaka badaramagu "jaioko dira berriak" iragarpena mehatxu gisa ulertzea ez da harritzekoa; sortutako, pairatutako sufrimenduak eta oinazeak ez bait dira nolanahikoak izan.
Abertzale, espainolista edo indeziso merke... hemen zaila izango da denon artean argitzea nora goazen... inora joan nahi dugun, inor bagaren.
Erantzun
Sartu