Teknologia albisteak

Sakoneta (41): "Batzuetan pentsatu izan dut, leku batera iritsi eta, gustatuko zitzaidala bertakoa sentitzea"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-30 : 10:01

uzt. 2 21:25

–Batzuetan pentsatu izan dut, leku batera iritsi eta, gustatuko zitzaidala bertakoa sentitzea. Hango jendearen amets eta esperantzekin bat egitea. Lur horretako parte izatea, deserrotuak berriz errotzea posible balitz –esan du Andrék errekatik ura hartzen ari diren bitartean.


–Zergatik ez? Mundua zabala da batetik bestera ibiltzeko, baina baita leku batean geratzeko ere, leku hori gustatuz gero.

–Eta familia bat izatea, eta haiek hazten ikustea. Jende gehienak egiten duena egitea.

–Baina zu ez zara jende gehiena bezalakoa.

–Ez dakit ba. Nik ere momentu on eta txarrak ditut, zalantzak eta beldurrak, nik ere besarkada bat behar izaten dut noizean behin.

–Hori erraza da.

Eta, besterik gabe, besoen artean estutu du Uxunek, eta hala egon dira segundo batzuetan, hitzik esan gabe, gustura bezain deseroso.

–Eskerrik asko –esan du Andrék askatu direnean–. Hemengoek gutxitan egiten dituzue halakoak.

–Zer: norbait besarkatzea?

–Besarkatzea, musu ematea...

–Bueno, hori topiko bat da, eta kutre samarra.

–Ez, ez naiz ari larrua jotzeaz edo ez jotzeaz, edo ez horretaz bakarrik: iruditzen zait, askotan hesi moduko bat ipintzen diozuela zeuen buruari, sentimenduak adieraztea ahultasun seinale bat balitz bezala.

–Beharbada hala da. Bertako kulturan bizi denak ezin ditu gauzak kanpokoen begiekin ikusi. Baina, aldi berean, uste dut sentimenduei euste horrek benetakotasun bat adierazten duela. Baten batek zurekin egon nahi duela esaten dizunean, badakizu zinez esaten dizula, hori esaterako bere buruarekin borroka gogorra egin behar izan duenez gero.

–Eta patxaran dexente edan duela.

–Hori ere bai.

Eta bi neskek barre egin dute, errekaren emanarekin bat egin duen barre lasaia. Ondotik, berriz, isilune bat, erreka-hotsa soil-soilik.

–Patxaranarekin edo patxaranik gabe, seguru zuri mutil mordoa sartzen zaizula –segitu du Uxunek–. Zure begi horiekin, ile horrekin...

–Ez pentsa. Dexenteko beldurra ematen diet. Txorakeriaren bat esaten ausartzen dira, lehen momentuan, baina pare bat korte emanez gero, bakean uzten naute.

–Gero kexatu egingo zara, hemengo jendeak hesiak ipintzen dizkiela bere sentimenduei!
Barreak berriz.

–Moduak eta moduak daude, edozertarako bezala.

Isiltasuna berriz. Aspaldi daude ontziak beterik, eta haiek biek han jarraitzen dute, erreka ertzean, gau itzalaren abaroan, baina beren begiak ez dabiltza izarrei begira, ilunpean ñir-ñir egiten duten elkarren begien bila baino. Urarena bezala, sumagaitza izan da mugimendua, batak besteagana, besteak batarengana, bi-bien ezpainak josi diren arte.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago