Zantzu kezkagarriak: beharbada Interneteko euskarazko edukietan beherakada bizi dugu
Teketenek indizio gisa erakutsi zigun gaia, ikerketa sakon baten trazarik eman barik, baina bere sinplean, esperimentuak balioa izan dezakeela uste dut.
Zera da esperimentua: Googleren bertsio ingeles nagusiak duen Timeline aukera, emaitzak tenporalki zenbat diren ikustarazten dizuna. Goiko grafikoan euskaraz eta / edo / da hitzak bilatu ditu, eta horrek eman dezake irudi bat, gutxi gora-beherakoa, euskarazko zenbat orri sortu izan diren urte horietan. Beste bilaketa bat ere erakutsi zigun, Eta kopulatiboaren ordez Hau erabilita. Irudi biak bere blogean itsatsi ditu Teketenek. Hona bertsio estuagoak ekarri ditut, hobeto ikusteko blog honetan.

Teketenen iritziz, duela 5 urte gertaturiko edukien eztanda blogosfera euskaldunaren meritua da. Blogari.net eta Blogak.com aipatu zituen, eta baita beste hainbat plataformatan euskaldunek sortutako blogek. Baina ondorengo geldiketa eta agiango beherakada, sare sozialen emerjentziarekin lotu zuen Gorkak, edo hori iruditu zitzaidan neuri.
Gainera, entzule batek galdetu zion ea gaztelaniazko joerekin konparatu zitekeen, eta zuzenean egin zuen bilaketatxoa, hau bezalako irudi bat lortzeko.
Google Timeline-ko esteka hauetan ez baduzue ezer ikusten, lasai, badirudi arazo teknikoak izan dituela zerbitzuak azken orduetan.

Gaztelaniazko emaitzak pentsarazten dit esperimentua balekoa izan daitekeela. Nahiz eta ez den ageri blogosferaren eztanda... Kontua da ez dagoela gainbeherarekin. Eduki beherakadarik ez du ekarri sare sozialen pizkunde indartsuak. Ez nago oso seguru zer esan nahi duen honek guztiak, baina nire hipotesia zera da: sare sozialek blogosfera nolabait gerarazi dute, balazta efektua edukiko zuten bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, baina horrek ez luke oztopo izan behar eduki digitalen gehikuntza murrizteko, gaztelaniak erakusten duen bezala. Nik esango nuke euskararen ahultasunaren seinale dela, besterik gabe, beherakada. Hizkuntza normalizatu batekin gertatu behar ez lukeena.
Nik uste dut sare sozialetan Latinoamerikan gaztelaniaz gertatu den eztandaren pareko zerbait izan balitz euskaraz, euskarazko gainerako eduki digitalen hazkundea ez litzatekeela geldituko, meme, informazio-truke eta komentagaiak sortzeko indarra dutelako sare sozialek, eta berehalako trafikoa eta interesa bideratzeko ere (edukia aurkitzeko moduak errazten dituztela). Nik ez dut sinesten, inondik inora, Twitter bat, adibidez, sormenaren kapagailu denik, Iban Arantzabalek dioen bezala. Informazioa eta edukia zirkulazioan jartzeko tresna gisa ikusten dut, eta euskaraz zirkulatzen duena behera badator, ez da Twitterrera apenas 1.200 euskaldun gehitu direlako, baizik eta sarean oro har, sare sozial zein blogosfera zein zernahi adierazpidetan, euskaldunak gutxi garelako, oso gutxi, eta gutxitan egiten dugulako euskaraz. Gure egoera soziolinguistikoa da zokoratutako hizkuntza ahul batena da.
Twitterren 25.000 euskaldun baleude, ez legoke eduki gutxiago Teketenek deskubritutako grafoan. Eduki gehiago legoke. Nire susmo pertsonala besterik ez, jakina.
Erantzunak kargatzen...