Teknologia albisteak

'Zergatik gertatzen dira gauzak?' saila aurkeztu du Ikusgelak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 13:02

Ikusgelak, euskarazko Wikipediaren bideo dibulgatzaileen ekimenak, eguneroko bizitzako gertaeren azalpen zientifikoa emango duten atala hasi du gaur: Zergatik Gertatzen Dira Gauzak?

Lorea Argarate dibulgatzaile eta Gladys sariaren irabazleak bideo bertikal motzetan (pare bat minutukoak asko jota), hurrengo galderak erantzungo ditu, besteak beste:

  • Zergatik ez dira hondoratzen itsasontziak? (horixe estreinaldiko bideoa, beherago itsatsita; astero kargatuko da bideo berria aurrerantzean)
  • Zergatik altxatzen da azala hotza edo beldurra dugunean?
  • Nola funtzionatzen dute betaurrekoek?
  • Zer dira uhinak?
  • Nola funtzionatzen dute X izpiek?
  • Nola hartzen dute arnas arrainek?

Eduki aholkularitzan EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako adituen laguntza izan du ekoizpenak, Hiru Damatxo ekoiztetxeak eginak.

2022an aurkeztu zen Ikusgela ekimena Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak, eta Rikardo Arregi Kazetarita Sarietako Komunikazio saria jaso zuen proiektuak 2024ko edizioan.

Ikasturtean zehar astero 2-3 bideo argitaratzen dira, batuketa 158 bideoatan doa. 10 sail desberdinetan ekoitzi dira orain arte, 10.a oraingo hau, ZDGD (Zergatik Gertatzen Dira Gauzak).

Erantzun

Sartu