Teknologia albisteak

'Enblemak' liburuaren aurkezpen-ekitaldia, Juan Mari Lekuonaren omenez

Erabiltzailearen aurpegia
EIZIE
2010-12-03 : 09:12

2010eko abenduaren 5arekin bost urte beteko dira EIZIEko lehenengo lehendakaria (Juan Mari Lekuona) hil zenetik. Hori dela kausa, elkarteak hura omentzeko ekitaldi bat antolatu du Oiartzungo Udalarekin batera, EIZIE euskal itzulpengintzaren lekukotasunak eta oroimen historikoa berreskuratu eta gordetzeko lantzen ari den ildotik. Ekinaldia gaur, abenduaren 3an izango da, Oiartzungo Udaletxeko Pleno Aretoan, arratsaldeko 19:00etan.

Omenaldian, Juan Mari Lekuonak eskuz eginda utzi zuen itzulpen argitaragabe bat aurkeztekoa da; hain zuzen ere, Clara Janés poetaren Emblemas poesia bildumarena. Liburuak ezin hobeto uztartzen ditu Juan Mari Lekuonaren bi alderdi: olerkigintza eta itzulpengintza.

Aurkezpenean Clara Janés bera, Juan Mari Lekuonaren senideak, Jon eta Paulo Kortazar, Oiartzungo Udalaren ordezkariak eta EIZIEko ordelariak ere izango dira.

Janések eta Kortazarrek zenbait poema errezitatuko dituzte, Xabi San Sebastian musikaria lagun dutela.

Enblemak

Gorazarreko edizio honetan, Juan Marik eskuz idatzitakoaren facsimilea ez ezik, EHUko irakasle eta euskaltzain Jon Kortazarrek eta haren seme Paulok paratutako azterketa eta transkripzioa ere jasota daude, gaztelaniazko jatorrizko liburua hornitzen zuten irudiak edergailu dituztela.

1987tik 1990a arte elkarteko lehendabiziko lehendakaria ez ezik, elkarteko Ohorezko Bazkide ere bazen Juan Mari, beste aitzindari batzuekin batera. Eta itzultzailea ez ezik, hainbat sari eskuratutako poeta ere bagenuen, Janés beraren antzera, biek egoki ere egoki uztartu dituztelako bi ofizioak. Janés 1940an sortu zen, Bartzelonan. 1995ean Espainiako Itzulpen Sari Nazionala jaso zuen. Batez ere, txekieratik itzultzeagatik nabarmendu da. Haren sormen lanak 20 bat hizkuntzatara itzuli dituzte, baita euskarara ere, Juan Mari Lekuonari esker. Emblemas liburua Clara Janések 1991n plazaratu zuen, eta Lekuonak Enblemak izenburuaz bataiatuta eskuz euskaratu ondoren, eskuizkribua Jon Kortazar eta Miren Billelabeitia senar-emazteei oparitu zien. Haien ekimenari esker ekin zion elkarteak itzulpena argitaratzeari.

Bere txikitasunean handi-handia den euskal itzulpengintzaren historia osatzeko beste oinkada xume bezain sendoa dugu omenaldia.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago