Sustatu logoa Teknologia albisteak

Banksy posible bat Donostian: 3.000 euro arteko isuna dagokio egileari

Sustatu
2010-09-28 12:09

Stencil edo txantiloiaren nazioarteko izar Banksy-k Donostian bere lan bat utzi ote duen ala ez zalantza dago egun hauetan. Zinemaldian haren lana protagonista den dokumentala eman zuten, Exit through the Gift Shop, eta egun horien bueltan, Alde Zaharreko kale batean agertu da ustez Banksyrena izan daitekeena. Autorea zein dela ere, 3.000 euro arteko isuna dagokio Donostiako ordenantzen arabera; Odon Elortzak agindua emana baitio udaltzaingoari graffitigileak "gogor zigortzeko."

Zenbait lagunek egin dizkiote argazkiak Donostiako Banksy posibleari, copyright-dun irudiak. Honako hau, Amodio Jauna kolaboratzaileak utzi digu, aldiz:


Argazkia, Love of 74rena.

Banksy artista anonimoa da. Bere marketin indarraren eta ospearen gakoetako bat hori da. Bere webgune ofizialean agertzen direnak, suposatzen da Banksy autentikoak direla, eta horietan badago bat erabiltzen duena Donostiako motibo bera: gizona paretari so. Torontoko egindako margoa da, baina askoz eskala txikiagoak, espaloi bazter batean dagoela ematen du.


Promoziokoa, Banksy.co.uk

Banksyren lanak eztabaidatzera dedikatzen den foro honetan Donostiakoaren merituak aztertu izan dituzte. Euskarazko blog batean ere egon da iruzkinik: X10 euskal txantilogileak eman ditu iritzi batzuk Gorka Julio Teketen-en blogean, eta bere iritzia osatzeko eskatu diogu. Hona bere irudipenak:

**************

X10en iritzia

Teketenenean esaten nuen bezala, Donostiakoa teknikoki berak normalean erabiltzen duen teknika beretsuz egina dago (ez nuen aurretik Torontoko irudia ezagutzen) eta tokiko elementuekin jokatze hori (paretetan aurrez dauden formak edo nolabait tokiko arazoei erreferentzia egitea) ere bere ezaugarrietako bat da.

Hemen aukerak:

  • Banksy-k eginikoa da. Dokumentala erakutsi duten beste festibal eta hiritan, garai beretsuan, bere lanak agertu izan dira.
  • Norbaiten kopia da. Ez da zaila bere estiloa kopiatzea, gizona Torontoko iruditik aterata dago, markoak ere (ez dakit hori ere zuzenean kopiatuta ote dagoen) teknika eta itxura bera mantentzen ditu.
  • Bere langileren batek egina da. Dokumentalean ikusten den bezala lantalde handi samarra dauka berarentzat lanean. Auskalo, honezkero frankizia bat ere izan daiteke.

Noizbait Batikanoko boletin ofizialean agertzen bada, bedeinkapenak behintzat badituela jakingo dugu.

Egia esan, Teketenenan idatzi nuen nire beste iritzian bezala, niri pertsonalki ez dit nork egina ote den gehiegi arduratzen. Baina interesgarria iruditzen zait Banksymania guzti hau, izenari lanari baino garrantzi gehiago emate hori eta irudi horren etorkizunak.

******

(honaino X10ena)

Donostiako ordenantza eta kultura

Irudiaren etorkizuna, izan ere, zalantzazkoa izan daiteke. Donostiako gizabide ordenantzak debekatzen ditu pintadak eta graffitiak; lehenak 501 eta 3.000 euro arteko isunekin daude zigortuta, eta besteak 201 eta 500 euro artekoekin. 2005. eta 2009. urteen artean 63 zigor ezarri zituzten udaltzainek pintadengatik, eta 115 por graffitiengatik. Pintada eta graffitien arteko desberdintasuna ez dago argi: ordenantzak pintada definitzen du, baina ez dugu ikusi parekorik graffiti terminorako.

Pintada bat zera da ordenantzaren arabera:

Pintadak: Halakotzat joko dira bide publikoan, zoladuran, murru edo eraikin horman, edozein egitura elementutan edo altzari urbanotan egindako eskuzko edo tresna bidezko idazketak. Altzari urbanoetako eta bide publikoetako kristaletan egindako marrak ere barne daude.

Txantiloiekin egindakoak kategoria horretan sartzen direla ematen du. Beraz, 3.000 euro arteko zorra Banksyri. Edo Banksyren ordezkoari.

Lau urtean ezarritako isunen berri informatzen zuen albiste honetan, Odon Elorza alkateak gogor salatu zituen graffitigileak artikuluak aipaturiko agerraldian: gastu handiak eragiten dituztela, eta agindua emana diola udaltzaingoari graffitigileak "gogor zigortzeko." Artikulugileak terroristas del spray terminoa ere erabili zuen, komatxo artean bada ere.

Donostia 2016

Donostia, jakina den bezala, Europako Kultura Hiriburu izateko hautagai da 2016. urterako, eta gaur da hautagaitzen arteko lehen galbahea igarotzeko eguna. Graffitiarekiko jazarpena eta kultura-hiriburu gisa agertu nahi hori kontrastean jartzen duen artikulua, Amodio Jaunaren blogean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu