Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteen sare sozialen inguruko inkesta baten emaitzak zabaldu ditu. Datuen arabera, euskararen erabilera sare sozialetan 15-29 urteko gazteen artean ehuneko 6,6 puntu hazi da azken hiru urteetan, % 43,6an kokatuz (2022 eta 2025eko neurketak dira).
Neskek gehiago erabiltzen dute euskara sareetan (% 47,8k, mutilen artean % 39,7k). Hona grafikoetan (Euskadi = EAE).
Adinaren arabera, 10-19, 20-24 eta 25-29 adin tarteak neurtu dira, eta portzentaia berdintsuak dira hiru multzoetan. Gipuzkoako gazteen % 54,8k euskara erabiltzen du sare sozialetan, 2022an baino 5,3 puntu gehiago. Bizkaian 7 puntu igo da eta % 30,6tik % 37,6ra pasatu da. Arabak hazkunde erlatiborik handiena izan du, 2022ko % 24,1etik 2025eko % 36ra igo da, Bizkaiko mailara iritsiz ia.
Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2025eko martxoaren 15etik apirilaren 8ra bitartean egindako inkesta batetik datoz. Bertan 15 eta 29 urte bitarteko 2.250 gaztek hartu dute parte. Pertsona horien % 30,1ek euskaraz egin dute inkesta. Gipuzkoan, euskaraz emandako erantzunen ehunekoa % 46,8koa izan da.
Inkesta hauek Gazte Panela izena duen multzo demoskopiko batekin egiten dira, 15 eta 34 urte bitartekoak. 10.000 lagun baino gehiago daude izena emanda, eta tarteka galdetegiak zuzentzen zaizkie. Hemendik eman daiteke izena Gazte Panelean.
Erantzun
Sartu