Teknologia albisteak
1

Oroimenaren denbora

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-23 : 14:09

Hedabideetako tarte nagusiak beste batzuek hartuko dituzte baina, euskaldun baten ikuspegitik, Zinemaldi honetako bikote izarra ez da Roberts-Bardem izan, Josu Martinez eta Txaber Larreategik osatzen dutena baizik, bien artean, bat ez baizik eta bi film erakutsi baitituzte Donostian, euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean: Saturrarango kartzelari buruzko Debekatuta dago oroitzea bata, Alfonso Etxegarai deportatuari eta haren emazte Kristiane Etxaluzi buruzko Sagarren denbora bestea, biak ere dokumentalak.


Jatorrizkoa: Promoziozkoa Zinemaldia

Bitxia da azkenaldiko euskal zineman zein ugaria den zuzendaritza-ardura biren artean banatzeko joera:

  • Eneko Olasagasti-Carlos Zabala
  • Telmo Esnal-Iñaki Altuna
  • Fernando Bernues-Mireia Gabilondo
  • Josemari Goenaga Aitor Arregi edo Jon Garañorekin...

Bakarren bat ahaztuko zait, seguru. Inork pentsa lezake euskaldunen izaera taldezaleari egotzi behar zaiola binaka jarduteko joera; nik berriz uste dut erantzukizun handi hori biren artean banatuta lasaixeago ariko direla.

Nolanahi dela, Martinez eta Larreategik dokumental pare bat eskaini digute, izaeraz eta teknikaz desberdin samarrak, baina sakoneko nahi batek elkartuak: oroimena ez galtzea.

Batetik, Debekatuta dago oroitzea, Saturrarango espetxeari buruzko filma, Tentazioa etxeko Olasagastik produzitua. Kartzela hartan preso egondako emakume batzuen lekukotasunak dira nagusi, eta haiekin tartekaturik beste zenbait baliabide: haietako batzuen alabak, NO-DOko irudiak, presoei laguntza ematen zieten emakume mutrikuar eta ondarrutarren oroitzapenak, orduko presoren baten gutunen irakurketa off-ean. Denak dira emakumezkoak (agian zaindari izan zituzten mojaren bat agertzeak are biribilago egingo zukeen, baina ez dut uste erraza izango zenik), eta ia denak erdaraz ari dira, herritarrak eta alabaren bat izan ezik... Guztiarekin, dokumental aberats, ondo narratu eta hunkigarri bat lortu dute, gidoian nahiz muntaketan ere oso ondo funtzionatzen duena.

Zuberoatik Afrikara

Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen ere lekukotasun historiko bat da, baina historia hurbilekoa, oraindik gauzatzen ari dena, eta ez hain politikoki zuzena. Iaz Martinez berak Itsasoaren alaba estreinatu zuen, Joseba Goikoetxea Txapela GALek hildako errefuxiatuaren alaba Haizeak bere aita ezezagunaz egiten duen bilaketaren kontaketa. Gure gatazka honetako errepresaliatuen alde ezkutu hori agerira ateratzeko trilogia bat egiteko asmoa zuen nonbait Josu Martinezek:

  1. hildakoak agertu ziren lehen atalean,
  2. deportazioa bigarrengoan,
  3. eta kartzelaren esperientzia agindu zaigu hirugarrenerako.

Sagarren denboran Etxegarai plentziarra zen berez protagonista izatekoa: Lemoizko zentral nuklearraren kontrako borroka, Iparraldeko urteak GALen garaian, Ekuadorko deportazioa, han zegoela Espainiako polizien esku jasandako bahiketa ilegala eta torturak, Sao Tome uharte afrikarrean daraman hogei urtetik gorako aldia... ez du falta zer kontatua. Alabaina, Etxegaraik baino indar handiagoa hartzen du haren emazte Kristiane Etxaluz domintxinearrak.


Jatorrizkoa: Promoziozkoa sagarrendenbora.com

Etxaluz ez da gudariaren emazte eta atseden hutsa, inondik ere: Alfonso baino zaharragoa izateaz gain, lehenagotik engaiatua zen borrokan, Enbataren garaitik, eta horrez gain, halako izaera azkar, atsegin eta erakargarria du, non berak ematen baitio filmari bere nortasunaren zati handi bat. Politikaz hitz egiten da, bai, baina baita beste hainbat kontuz ere:

  • bikote-bizitza urruntasunean mantentzea,
  • ametsei eustea,
  • helburu urrunak eta eguneroko errealitateak ezkondu beharra...

Baliabide gutxirekin baina talentuz eta arduraz egindako filma, aurrekoa bezala guztiz gomendagarria.

Erantzunak

JS
2010-09-28 : 16:33

Aitzindariak falta:


  • Larrukert-Basterretxea

  • Ezeiza-Querejeta

Erantzun

Sartu