Teknologia albisteak
1

Turismoa eta autolaguntza

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-21 : 10:09

Iritsi da, hemen da glamourra, Julia Roberts-i Donostia Saria eman diotela eta, puztu dira haupoak, hustu dira sabelak, ase dira begi goseak; txoko honetan filmak komentatzen ari gara, ordea, eta mitomania une batez albora utzita, Eat, Pray, Love (Jan, Errezatu, Maitatu) Roberts andereñoa agertzen den azken pelikula aipatuko dugu, horrexen promozioa izango baitzen aktorea guregana etortzeko arrazoia, eta hura etorri izana film hori Zinemaldiko sail ofizialean lehiatik kanpo eskaintzeko aitzakia.


Promoziokoa: Julia Roberts, Eat Pray Love filmean.

Izar handiek protagonizaturiko filmak, estudio handien produkzioak ez dira oso ondo ateratzen kritikaren galbahetik, nahiz eta gero horiexek izan tiradizo komertzial handiena dutenak. Kritikarien elitismoa? Masaren deformazioa? Multinazionalen propagandarako ahalmena? Ez dugu guk argituko oiloaren eta arrautzaren auzia, baina pentsa liteke film honekin ere beste horrenbeste gertatuko dela.

Eat, Pray, Love Ryan Murphyk zuzendua, bere buruaren bila dabilen emakume baten historia da. Liz Gilbert (filmaren oinarrian dagoen liburuaren egilearen izen-abizen berberak) idazle newyorktar bat da, esperientzia sentimental txar batzuen ondoren krisian sentitzen dena. Bere nora eza argitzeko, munduko hainbat lekutara joatea erabakiko du, urtebeteko bidaian: Italia, India, Bali.

Filmaren egitura sinplea da, horrenbestez: Manhattaneko abiapuntuaren ondotik, trilogia baten gisa eratzen da, izenburuko hiru aditzekin loturik: Erroman jan-edanaz gozatuko du, lagunartearen bizipoza, “il dolce far niente”; Indiako ashram batean meditazioa landuko du, bere barneko gatazkak detektatu eta baretu, espiritualtasuna bilatu; eta Balin, azkenik, paisaia zoragarriekin batera, amodioa deskubrituko du, zalantza batzuen ondoren berriro utziko dio maitasunari leku bat bere bihotzean.

Egia esan, aurreikusteko modukoa da dena. Baina beharbada horixe nahi dute ikusle askok eta askok: aurreikus litekeen istorio goxo bat, Robertsen irribarre zoragarri horrekin gure irria piztuko duena, baita malkoren bat ere agian. Turismo-agentzia baten itxura hartzen zaio batzuetan filmari, eta autolaguntzazko liburu batena beste askotan, hainbeste dira-eta sakon usteko aholku psikologikoak; biak ere fenomeno arrakastatsuak direnez, ezin harritu pelikula honek ere estimazio berbera lortuko balu, kritikoak kritiko.

Erantzunak

Sustatu
2010-09-22 : 10:57

Julia Roberts izar duen film honi Gontzal Agotek Berrian egindako kritika ez zaio batere gustatu Elena Laka abokatuari. Genero estereotipoak igarri ditu Lakak Agoterenean. Argudioari tiraka, iradokitzen digu sail ofizialeko film korear krudel hura gizonezkoentzako aproposa izan daitekeela, indarkeriaz, krudelkeria gordinez eta odolez beteta datorrenez.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago