Sustatu logoa Teknologia albisteak

Txirikila erakustaldia Abadiñon

Anboto astekaria
2010-09-26 12:09

Aspaldiko jolasa berreskuratu dute Abadiñon, Aitte Kurutzeko jaien baitan. Bultzatzaileekin elkarrizketa egin dugu Anboton, eta hemen duzue bideoa ere.

Zelaietan orain baino askoz ere etxe gutxiago zegoen garai hartan. Metro erdi inguruko makila bat eta punta biak zorroztuta zituen beste txiki bat, ‘txirikila’, eskuetan hartuta, neska-mutikoak olgetan ordu asko egiten zituzten orduan. Domeka honetan umetako jolas horren erakustaldia egin dute Abadiñon, Aitte Kurutzeko jaien barruan.

  • Zelan olgetan da txirikilean?

Gu bi taldetan jartzen ginen, hirunaka edo binaka. Probaleku zaharraren kontra zegoen maila batean hasten ginen. Borobil bat margozten genuen inguruan, eta handik kanpora bota behar genuen txirikila. Probalekuko mailatik metro erdiko makilagaz txirikilaren punta bat jotzen genuen, eta airean joaten zen. Lehen kolpe horregaz txirikila borobiletik atera behar genuen. Beste taldekoek txirikila hartzen saiatu behar zuten, eta borobilera botatzen.

  • Eta lortzen zenuten airez hartzea? Arriskutsua ematen du.

Oso gaitza zen! Lehen Ferialeku inguruan ez zegoen ia etxerik, eta arbola ostean egoten ginen, eskuak jertseko mangetan sartuta, minik ez hartzeko. Gehien atrebitzen zena, hura zen ona jokoan. Inoiz paparreko bat hartuta gaude gu, txirikilagaz jolasten.

  • Zer pasatzen zen lehenengo kolpean kontrako taldeak airean hartzen ez bazuen?

Beste hiru bider jotzen genuen txirikila. Lurrean zegoela, punta baten makilagaz jotzen genion. Orduan salto egiten zuen, eta airean jo behar zitzaion ahalik eta urrunen bidaltzeko. Gaitzena hori zen; airean txirikilari jotzea. Hiru aukera horiek eta gero urrunen bidaltzen zuenak irabazten zuen jokoa. Makilagaz ibiltzen ginen distantzia neurtzen.

  • Askotan jokatzen zenuten txirikilean?

Egun guztietan ez, baina jokatzeko sasoia zenean ordu asko sartzen genituen. Txirikilean garizuma inguruan jokatzen zen normalean, baina guk eskolatik urtekeran ere egiten genuen. Egia esan, bakoitzak modu batera gogoratzen dugu txirikila, guk geuk ipintzen genituelako jolasaren arauak.

  • Durangaldeko jolasa dela diote...

Guk dakigula inguruko herri askotan jokatzen zen. Orduan herri guztietan egingo ziren horrelakoak, besterik ez geneukan-eta! Hori eta sagarrak edo gereziak lapurtzen ibiltzea! Txorokil-batzen ere ibiltzen ginen, eta kaniketan, txapetan, harrika...

  • Harrika?*

Bai. Han ibiltzen ginen, urrunen eta altuen nork botako; kanpandorrera-eta botatzen ginen. Harrikada bategaz elizako teilatura helduta ere bagaude. Harri lisu eta borobilak erabiltzen genituen, uretan saltoak ematen dituzten horietakoak.

  • Ez zineten aspertzen...

Beti genbiltzan kalean. Goizean irten eta gauera arte arineketan... geratu ere ez! Gero lo ere ondo egiten genuen, eta ohera joan orduko mokoetako bat hartzeko prest egon behar! Maisuak orduan makilagaz ematen zuen, eta etxera heldu eta beharbada beste kolpe bat jotzen ziguten, eta “heuk be zozer eingo huan!” erantzun. Tiragoma denok edukitzen genuen poltsikoan. Masusta arboletara apuntatzen-eta ibilitakoak gara gu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu