Sustatu logoa Teknologia albisteak

Google Translate eta Wikipedia

Unai Fdz. de Betoño
2010-09-20 12:09

Noizean behin artikulu ulerkaitzak egiten dituzte euskarazko Wikipedian. Ez dira ohiko bandalismoko ekintzak, baizik eta itzultzaile automatikoz egindako artikulu-saiakerak. Badirudi gero eta ulerkorragoak direla, gainera. Gero eta txukunagoak, benetan. Duela hilabete batzuk zuzenean ezabatzen genituen, baina azken boladan zalantza sortzen zaigu: ezabatu, ala akatsak zuzendu?

Google Translate euskaraz agertu berri izanak zerikusirik izango du, ziur aski, automatikoki itzulitako artikulu horien kalitatearen hobekuntzan. Itzulpen estatistikoan oinarritzen bada ere ―kantitatean, alegia―, Googleren tresnak emaitza dezente onak ematen ditu, ulerkortasun orokorrari dagokionez, behinik behin. Haren agerpena baino lehenagoko itzulpen automatikoak kaskarragoak zirela esango nuke. Mormoiak, esaterako, erruz saiatu ziren 2009ko maiatzean, nahiko emaitza eskasa lortuz:


Argazkiak.org | Web 3.0 (antisemantikoa) © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Google Translateren euskarazko alpha bertsioa publiko egin zen aurtengo maiatzaren 14an, eta, hurrengo egunean, 15ean, honako artikulua agertu zen euskarazko Wikipedian:


Argazkiak.org | Itzultzaile automatikoa Wikipedian © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Google Translate erabiliz itzuli zuen Avilésko IP anonimo batek. Wikipediako estilo-arauetara egokitutako formatua egokia bazen ere, artikulua berehala ezabatu genuen, ez baitzen ulergarria. Hilabete bat geroago, gaita-jotzaile asturiar baten biografia ―kasualitatea?― pasatzen saiatu ziren teknika berdina erabiliz. Autopromozioagatik (ere) ezabatu genuen.


Argazkiak.org | Itzultzaile automatikoz egindako autopromozioa © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Azken egunotan, berriz, hurrengo artikulua agertu zaigu euskarazko Wikipedian:


Argazkiak.org | Itzultzaile automatikoz egindakoa © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Esango nuke itzulpenaren kalitatea dezente hobea dela. Beharbada, gramatika aldetik sinpleagoak direlako esaldiak, besterik gabe. Artikulu berdina gutxienez beste hamabost hizkuntzatara itzuli du egileak. Horietatik, zazpi ezabatu dizkiote ―hurrengo irudian ikusten den bezala―, euskarazkoa tartean. Antza, euskararekin ez ezik, beste hizkuntza batzuekin ere zailtasunak dauzka Google Translatek.


Argazkiak.org | Jeff Gordon artikuluaren historiala © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Itzulpengintza automatiko kuantitatiboaren alorrean aurrerapausoak laster ikusiko ditugula esango nuke. Idazteko modua ere egokitu beharko da, jakina. Esaldi laburragoak, sinpleagoak, eta zehatzagoak idatzi beharko ditugu. Web semantikoa esaten zitzaion horri, oker ez banago. Badakit horrela ez dugula hizkuntza lar aberastuko, baina Wikipedia dezente handitu ahal izango dugu. Azken finean, entziklopediaren irakurleak datuak baino ez ditu bilatzen. Lirikaz beste batzuk arduratu daitezela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu