Teknologia albisteak
3

Nire tribua

Erabiltzailearen aurpegia
Imanol
2010-09-13 : 16:09

Gaur urteko egunik tristeena da nire tribukoentzat. Iraileko bigarren igandearen biharamuna izanik, atzo ere galdu egin genuen, ez baikenuen irabazi. Izan ere, iritziak iritzi eta zoriontzeak zoriontze, ez genuen irabazi eta horrek triste jartzen gaitu. Barkatu ez badakizue zertaz ari naizen. Atzo Kontxako estropadaren bigarren igandea izan zen, eta aurten ere nire tribukoak, horiak, banderarik gabe geratu gara.

Ni eta nire tribukoak ez gaituzte ondo ikusten toki askotan: arraun munduko Real Madril garela, ijito deitzen digute eta beste hamaika gauza.

Alde batera utziko dut ijitoena, kontu horri oso erantzun aproposa eman baitzion Andu Lertxundik Berria egunkarian

Real Madrilekiko konparaketari helduko diot. Bai, badugu antza, bai, tribu horretakoekin, baina ez “kirolari galaktikoak” fitxatzen ditugulako. Izan ere, Real Madrilek munduko jokalari onenak fitxatu nahi izaten ditu, eta fitxatu egiten ditu; gure tribukoak, berriz, esportatzaile dira inportatzaile baino gehiago. Ikusi besterik ez dago beste traineruetan dabiltzan oriotarren zerrenda. Gurea harrobia da, eta horrek Real Madriletik desberdintzen gaitu.

Baina, esan bezala, badugu antza Real Madrilekin. Real Madrileko tribukoek garaipenak bakarrik ospatzen dituzte, bigarren geratzea porrota delako, hirugarren, laugarren edo azkena geratzearen adinako porrota. Ez dute ospatzen bigarren geratzea, eta guk ere ez genuen ospatzen, eta, nire ustez, ez genuke ospatu beharko: lehen, behintzat, horrekin ez genuen zer ospatua.

Guretzat porrota zen hori. Gure zahar asko, gure iraganeko estropalari asko, ilunpetan eta sasian sartzen ziren herrira banderarik gabe geratzen zirenean. Eta haiekiko errespetuz jokatu eta bakarrik banderaren errezibimendua ospatu beharko genuke. Hori, eta ez besterik. Banderaren errezibimendua horixe delako: bandera ekartzea ospatzen da, horixe delako irabaztea, eta gainerako guztia ez da irabaztea, oso estropada ona eginagatik ere. Orioko estropalariek –gizonezkoek eta emakumezkoek– egindako lana txalotzeko eta goraipatzeko, beste egun bat jarri beharko litzateke; Orioko Estrolapalarien Harrotasun Eguna, adibidez. Beste egun bat, beste data batean, banderaren errezibimendutik bereizita.

Izan ere, esango nuke galtzen ari garela besteengandik bereizten gintuen ezaugarri nagusia. Hau da, besteen pare jartzen ari gara, zoritxarrez. Garaipenak bakarrik ospatzen ditugunak gutxi gara munduan. Bigarren geratu eta ospakizunetan murgiltzen direnak, berriz, nonahi ikusten ditut: tribu txuri-urdinekoek ligan bigarren geratu zirela ospatu zuten, tribu zuri-gorriak ere majo ospatu zuen Kopako azpitxapeldun izatea... Guk ere horrelakoak izan nahi dugu?

Nik uste dut ezetz. Guk garaile sena geneukan –daukagu?–, eta ez irabaztearekin sufritu egiten genuen –dugu?–. Urte asko pasa ditugu kanpotarrei hori zer den azaltzen. Orain bertakoei azaldu beharko diegu?

Erantzunak

M.K.
2010-09-13 : 17:03

Bigarrena izan eta porrota bada zuentzat, zuek ikusi. Porrotaren aurrean, harrotasunezko artikulua irten zaizu, eta hobe hori eta ez Kortak bota dituenak, galtzen ez jakiteagatik. Kirtenkeri galantak Urdaibaikoak dopinean zikindu nahian.


Karlott
2010-09-13 : 17:54

Espainiako futbol kontuez, zuk jakingo duzu. Arraunez, zorionak Oriori eta oriotarrei, lan ederra egin dutelako. Zorionak Aizperro eta Belokiri, bitartekorik gabe, anonimoki, talde izpirituz eta herri-ideologiaz herriko arraunlariak punta-puntan jarri dituztelako, sekulako presupostua daukaten batzuen aurretik. Haserre bazaude, jokatzen eta galtzen ez dakizulako, bi lan. Zorioak Urdaibairi eta aupa Orio!

GAZTEZULO aldizkaria
2010-09-13 : 19:57

Urdaibaik irabazi du aurreneko aldiz Kontxako bandera. Bermeotarrek poparean utzi zuten atzean euren aurkari nagusia, Kaiku.


Bandera bai, baina ohorezko txanda ezin izan zuten irabazi, Orio nagusitu baitzen. Urdaibai harrapatu eta atzean utzi zuten Aizperroren mutilek.



Emakumezkoetan, Galizia nagusitu da hirugarren urtez jarraian, Getaria-Tolosa, Zumaia eta Bizkaiaren aurretik helmugaratuta.


Erantzun

Sartu