Teknologia albisteak

Doako aplikaziorik onenak Android telefonoentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-09-01 : 12:09

PC Magazine aldizkariak sailkatu egin ditu zeintzuk diren, bere ustez, doako aplikaziorik onenak Android sistema duten telefonoentzat. Berauen artean denetik dago: jokoak, kudetzekoak, produktibitatea areagotzekoak, etab. Hona hemen zerrenda, baina kontuan izan denak ezin direla instalatu Android sistemaren bertsio guztietan.

  • Advanced Task Killer Free 1.7.9 ReChild, Android sistema eragilea badarabilzu zeure telefonoan, jaitsi aplikazio hau berehala, merezi du-eta. Bestela, bateria berehala agortuko zaizu, aplikazio bat baino gehiago batera erabiliz gero. ATK-k itzali egingo ditu aplikazio guztiak, zuk erabili arte, eta era horretara memoria piloa utziko dizu libre, telefonoa airoso ibil dadin. Erabilerrazagoa da, eta hobea, TaskKiller lehiakidea baino.
  • Astrid 2.14.3 We Love Astrid, Astrid izango da, seguruenik, Androiden egin den aplikaziorik onena egitekoak gordetzeko. Irtenbide sinpleak eta konplexuak eskaintzen ditu, zure premien arabera. Hasi zaitezke egiteko zerrenda sinpleak idazten, eta gero gauza konplexuagoak egiten, etiketak, lehentasunak eta datak ezarrita, adibidez. Sinkronizatu egiten da Remember The Milk sareko aplikazioarekin, zeinak bidaltzen baititu egitekoak Google Calendar, Gmail, Twitter edo zure mahaigainekora.
  • Bonsai Blast 1.5 Glu Mobile, Bideo joko klasikoa. Aldi berean zirraragarria eta lasaigarria izan daiteke. Koloretako burbuilak jaurti behar dituzu beste koloretako burbuila batzuen kontra, baina tartean paisaje asiatarrak aurkituko dituzu, egitekoa zailduko dizkizunak. Mendetasuna sor dezake, hain da ona.
  • doubleTwist Player 1.0.1 doubleTwist, Aplikazio honek iTunes ordezka lezake zure telefonoan. Uztartzen baduzu zeure mahaigaineko doubleTwist bertsioarekin, zure Android telefonoa bihur daiteke gordailu multimedia izugarria, sinkronizatzen dituena musika (DRMrik gabea), iTunes zerrendak eta bideoak, Applen hardwareak bezain ondo. Musika zale guztiek eduki beharrekoa.
  • Facebook for Android 1.2 Facebook, Hauxe duzu Facebook-en aplikazio ofiziala Android sistemarako. Berau erabilita, mezuak igo ditzakezu, argazkiak hartu eta igo eta zure berriak kontsultatu. Askoz ere bizkorragoa da Facebooken web aplikazioa erabiltzea baino. Aukerarik onena Facebook erabiltzeko Android sistemaren barruan.
  • Foursquare sare sozial bat da, geolokalizazioan oinarrituta, www.foursquare.com/android da aplikazioa. Google Maps darabilenez, toki batera iristen zarenean, ikus dezakezu non zauden eta zer duzun zeure inguruan. Beraz, jatetxe bat aukera dezakezu, beste batzuk albora utzita. Check in egin dezakezu hainbat tokitan, jakinarazteko zure lagunei non zauden. Erabat uztar daiteke Facebook eta Twitter-ekin, zuk Foursquaren idatzitakoa besteetan ere ager dadin.
  • Google Maps Navigation Googleren aplikazio honek gidatu egingo zaitu, ahots bidez, eta GPS helbideak emango dizkizu zeure Android telefonoan. Googlen satelite ikuspegia eskaintzen du, trafikoaren azken ordukoak eta bilaketak.
  • Google Sky Map 1.5.2 Aplikazio honek lagunduko dizu izendatzen zeruko izarrak, planetak eta konstelazioak. Sinkronizatu egiten da zure GPSarekin, halako eran non eskainiko dizun zure gaineko zeruaren ikuspegia, nahiz eta beti ez izan oso zehatza. Hala ere, pazientzia apur batekin, Sky Mapek izendatuko dizkizu zure buru gaineko objekturik distiratsuenak.
  • Google Voice 0.3.4 Hauxe izango da, seguruenik, modurik onena Google Voice erabiltzeko zure telefonoan. Baldin baduzu Gooble Voice zenbaki bat, aukera izango duzu deiak egiteko eta SMS mezuak bidaltzeko, nazioartera barne, minutua 2 zentimo ordainduta. Aplikazio honek utzi egingo dizu bertan integratzea zure telefonoko helbidetegia.
  • Jewels 1.60 MH Games, Mendetasun-sortzailea izan daiteke, egokia denbora pasatzeko metroan, autobusean edo trenean zoazela. Estrategia joko moduan erabil dezakezu edo akzio joko bezala.
  • Listen 1.1.3 Googleren podcast bezeroa. Telefono adimendun guztiek behar izaten dute podcast bezero bat, eta aplikazio honek betetzen du zeregin hori Android sisteman. Aplikazio honek aukera ematen dizu podcast batera harpidetu edo podcastak bilatzeko. Berauek jaitsi eta gordez gero, berriz, aukera izango duzu edonon entzuteko, nahiz eta sare batean konektatuta egon ez.
  • Meebo IM 22 Meebo Inc., Meebok aukera emango dizu bat-bateko mezularitza kudeatzeko. Hortaz, AIM, MSN, Yahoo!, Google eta ICQ sareez gain, Meebok babesten ditu Facebook eta MySpaceren bat-bateko mezularitza. Sare sozialetako kontaktuek argazki eta estatus mezuak dituzte, eta berau erabilita elkarrizketa bat baino gehiago izan ditzakezu aldi berean.
  • PageOnce Personal Assistant 1.4 "PageOnce,";http://www.pageonce.com Aplikazio honekin kudeatuko dituzu zeure finantzak, baina, horrekin batera, aukera emango dizu kudeatzeko zure hegaldiak, telefono deietan egiten duzun denbora, ordaindu beharreko fakturak, eBay erosketak, etab. Enpresak berak dioenez, enkriptazio sistema segurua darabil, beraz, ez dago kezkatu beharrik. “Premium” bertsio bat du, 6,99 dolar ordainduta, eta hor iragarkirik ez da agertzen.
  • Pandora Radio 1.3 Pandora Media, Hauxe duzu Internet irratia zure Android telefonorako, nahiz eta bateriak dezente igarriko duen. Honen bidez, zure irratia sor dezakezu, zure gustuko soinu edo musikariengan oinarri hartuta. Ez du iragarkirik. Hobetoen wifirekin dabil, nahiz eta 3Grekin ere badabilen.
  • Photoshop.com Mobile 1.2.0 Adoberena, noski. Doako argazki aplikaziorik onena, Photoshop.com Mobilek erreminta piloa eskaintzen dizkizu Android telefonoan. Argazkia moztu ahal duzu, kolorea hobetu, zuri-beltzera bihurtu, etab., eta oso interfaze ona du. Zoritxarrez, ez da uztartzen Flickr bezalako zerbitzuekin.
  • Replica Island 1.3 Team Replica, Seguruenik, doako jokorik sofistikatuena Android sisteman. Saiatu behar zara txanponak biltzen eta etsaiak saihesten, horretan Mega Man eta Super Mario Brothers bezalakoa da. Probatu instalatzen, 40 maila ditu-eta ondo pasatzeko. Oso ondo darabil telefonoaren azelerometroa.
  • Ringdroid 2.3 Ringdroid, Izatez audio editore bat da, telefono-doinuak sortzeko. Zure gustuko abesti bat hartu eta nahi bezala edita dezakezu, berau izan dadin zure telefonoko doinua. Lagunek gustuko badute doinua, haiei ere bidal diezaiekezu. Oso erabilerraza.
  • SportyPal SportyPal Aplikazio egokia sasoiko ibiltzeko. Beronen bidez, neur daitezke distantziak, denborak, kaloriak, etab., ariketa egin bitartean, hori guztia GPSari esker. Ariketa mota asko bereizten ditu: oinez ibiltzea, lasterka, patinatzen, bizikletan…
  • Talk To Me Classic 1.7.8 Flaviu Negrean, Oso erabilgarria bidaiarientzat, hizketaren itzulpen automatikoa egiten baitu, hainbat hizkuntzaren artean: ingelesa, frantsesa, gaztelania, alemana eta italiarra, besteak beste.
  • Trap 1.00 Matt Wachowski, webgunerik ez. Gogoan baldin baduzu Qix jokoa, ezaguna 1980 urte inguruan, Trap ere ezaguna egingo zaizu. Beronen bidez, lerroak marraztu beharko dituzu, eta hormak sortu, bertan ahalik eta bola gehien harrapatzeko. Kontuz baina, bolek ezin izango dute jo lerrorik, zu haiek marraztu bitartean.
  • TV.com 1.3 CBS Interactive, Inc., Bideo aplikazio honek aukera emango dizu programak ikusteko CBS, CNET, CBS News, CBS Sports, eta beste kate batzuekoak. Hobeto erabiltzen baduzu wifiarekin. Zenbaitetan baina, ezin izango dituzu telesailetako kapitulu osoak ikusi.
  • Twidroyd 3.4.0 TweetUp Inc., Hauxe duzue Twitter-en Android bezeroa. Beronen bidez, mezuak bidaliko dituzu, @erantzunak idatzi, argazkiak partekatu, zure kokagunea erakutsi eta URLak itsatsi. Beste aplikazioren bat erabili bitartean, atzean egingo du lan, eta jakinaraziko dizu noiz jaso duzun mezu zuzen bat, etab.
  • The Weather Channel 2.3.22 Behar duzun informazioa emango dizu eguraldiaren gainean, bidaian irten aurretik. GPSa erabilita, automatikoki eguneratzen da, non zauden aintzat hartuta.
  • Yelp 1.4.2 Yelp, Aplikaziorik onenetakoa iritziak jasotzeko jatetxeen inguruan. Yelp erabil dezakezu informazioa jasotzeko inguru jakin bateko gasolindegi, banku, drogeria eta bestelako dendez.

Aplikazio gehiago

Nahiz izanez gero doako aplikazio gehiago Android plataformarako, onena da joatea Android Market webgunera, eta bertan aukeratzea Top Free atala. Bertan, aplikazio mordoa aurkituko duzue, ataletan banatuta: kirolak, estiloa, produktibitatea… Saltseatu apur bat, eta ikusi zeintzuk interesatzen zaizkizuen gehien. Ondoren, telefonora joan, sartu Market aplikazioan, eta ikusi ea aukeratutakoak hor dauden, bakoitzak duen Android bertsiorako.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago