Teknologia albisteak

Kale-arteak mundu askean, Lekeitio 2010

Erabiltzailearen aurpegia
Xut Kultur Elkartea
2010-07-17 : 12:07

Lekeitioko 21. nazioarteko kale-antzerki jaialdia joan den asteburuan burutu zen. Hemen duzue kronika bat.

Kale-arteak mundu askean

Kale-arteak mundu askean

Irudimen artistikoaren askatasunak badu erakartzen gaituen zerbait magikoa. Tamalez gaurko garaietan ez da sarritan gertatzen, kaleek gero eta debeku estuagoak jasotzen baitituzte. Lekeition, aldiz, uztailaren bigarren asteburuan mundu aske bat zabaldu ohi da eta bertan bizi ditugun esperientziek muga guztien gainetik egiten dute hegan.

Sormen berritzaileen alde egin genuen apustu 21. edizioan. Horrela, aho bete hortz utzi zituen ikusleak LES COMMANDOS PERCU taldearen “Le Concert de Feu” ikuskariak. Maisu lana, bai perkusioan bai piroteknian. Antzezlan biribila eta indartsua. 5.000 ikuslek zeharo gozatu zuten, kale-arteen sormena jai erraldoi bilakatu zenean. Talde frantziarrak Europako handienetakoa dela erakutsi zuten Lekeitioko plazan.

Mundu libre honetako lur bat haratago LOCO BRUSCA clown argentinarrarekin egin genuen topo. Hondartzan eguzkitan zegoen jendetzari galdetu zer gertatu zen gorbatadun gizonezkoa agertu zenean. “Mr X”-ek erakutsi zigun norberaren baitan dagoen tximinoa. Umorea bai, baina hausnartzeko parada ere bai. Gogoangarria benetan antzezlanaren amaiera, clowna eta ikusleak, denok bat itsasoko urtetan sartu zirenekoa. Igandean, Loco itzuli zen plazara, Claudio Levati musikariaren laguntzaz. Oraingoan manipulazioa zuten aztergai eta gure memoria ondo astindu zuten. Hor azaldu ziren King Kong, Fliper, Maradona, Sanferminak… Dena da posible Locoren eremu zoroetan.

Une batez, maskarek hartu zuten plaza. MR PEJO´S WANDERING DOLLS taldeak ekialdeko mundu poetikoa ekarri zuen. Gutxitan izan dugu aukera hainbat maskara eder eta ikusgarri ikusteko, horregatik eskertu behar dugu talde errusiar honen lan bikaina. Istorioa ulertzeak ez zuen garrantzirik, irudi propioek eta originalek laguntzen gintuen esparru liluragarrietan zehar. XXI. mendean, 70ko hamarkadaren estetika ekarri zigun gogora.

Eta maskarak berriro agertu ziren GROUPE DÉMONS ET MERVEILLES taldearen eskutik. Begirada samurrak eta pertsonaia apalak istorio triste eta latz baten zerbitzurako. Umeei eginiko tratu txarrek astindu zituzten ikusleen kontzientziak, kale-antzerkiaren alde pedagogikoa azalaraziz. Nazioarteko jaialdi honen aniztasunaren adierazlea, dudarik gabe.

Rosendoren “Maneras de Vivir” kanta, atso biren ahotsetan ez da egoera makala. Arabatik etorri zen, aurreko urteetan egin duen bezalaxe, PIKOR taldea. Bizitza duinaren aldeko aldarrikapen honek gure bihotzak hunkitu zituen. Bi aktore on eta ondo ederto jositako istorioa. Euskal antzerkiaren kalitatearen erakuslea.

ACROBUFFOS taldekideak, berriz, New Yorketik atera ziren. Afganistanen hilabete eman zuten, Italiara heldu aurretik. Jarraian Lekeition zuten hitzordua, Kanadara abiatu baino lehen. Bira harrigarri honetan, clown bikote hau irribarrea ereiten doaz, herriz herri. Lan samurra eta atsegina, umore gozoaren eremuetan sortzen dena. Ura da protagonista talde amerikar honen sormen landa ederretan.

Opera area bat kantari portuan. Nomada batzuk basamortutik alde egiten. Akrobaziak zeruko oihaletan. Horra hor KANBAHIOTA TRUP taldearen proposamena. Zirko berriaren partaideak ditugu madrildar hauek eta ostiraleko gaua itxi zuten trapezioaren gainean.

Sekulako eguraldi ona izan dugu asteburuan barna. Kale-arteak eta hondartza, Lekeitioko plan zoragarria. Kaleetan 18.000 ikuslek hartu dute parte emanaldietan. Antzerki giro ikaragarria. Arrakasta itzela. Zirrara edozein bazterretan. Sormenaren mundu askea berriro eratuko dugu, datorren urtean. Kale-arteek Lekeition dute Europako plazarik nabarmenetako bat.

Imanol Agirre.
Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa

Erantzun

Sartu