Teknologia albisteak

Miren Amuriza: "Gustura nabil bertsotan, eta aprobetxatu egin gura dut aukera"

Erabiltzailearen aurpegia
Anboto komunikabideak
2010-06-08 : 11:06

Umeei bertsogintzarako gustua transmititzen saiatzen da Berrizko bertso-eskolan Miren Amuriza: bertsogintzaren giroan sartzea, lantzean behin bertso-saioetara joatea, “euren bidea egin dezaten gero”.

Kristina Mardarasek Durangaldeko bertsolari onenaren txapela Mireni zelan jantzi zion emozioz ikusi zuten bertso-eskolako umeek. Bizkaiko txapelketarako txartela lortu zuen Mirenek Berrizen.

Zelako akordua duzu zapatuko finalarena?

Ondo pasatu eta disfrutatzen dugunean esaten dugun bezala, lehengoan nahikoa sufritu nuen: nahikoa izerdi bota nuen egia esan. Saioa hasi aurretik tripako min apur bat beti izaten dugun arren, normalean saioa hasi orduko egoten gara urdurien. Zapatuan aldrebes gertatu zitzaidan: trankil-trankil hasi nintzen, eta saioa aurrera joan ahala larritu nintzen.

Zerk urduritu zintuen?

Beste batzuetan gertatzen ez zaidana igarri nuen: batzuetan errima eta ideiak berez-berez etortzen badira ere, kontrakoa igartzen nuen, ataskatuta nenbilela, tiraka eta tiraka. Kostata etortzen ziren ideiak. Beti egoten dira egunak eta egunak, eta Abarkas eta Lazkanok ere esan zidaten, segurutik Euskal Herriko txapelketako finalerdi batean trankilago ibiliko nintzela lehengoan baino. Ez zen presioa ere, baina herrikideak nituen aurrean, denak “benga Miren, egingo duzu, badakigu baietz” animatzen. Jendeak intentzio onenagaz esaten dizu, eta gura ala ez, euren aurrean zeozer demostratu beharra sentitzen duzu. Beharbada, azkenengo txapelketan izan nuen zorte onak jendeangan espektatibak sortu zituen, eta pisutxo hori baneukan, eta igarri egin nuen azkenean.

Saioak utzi dizun akordua, hori, baina, eta ostekoa?

Saioaren akordua dena dela, ez da dena txarra, izan ere, oso emozionantea baita herriko jendea, nire auzoko baserritarrak, bertso-eskolako umeak, emozionatuta ikustea. Saioaren alde hori ere gordetzen dut. Saioaren ostean beste horrenbeste: herritarrak nigatik eta Gorkagatik hain pozik ikustea asko eskertzen da. Sentipen hori gordeko dut batez ere.

Orain urte biko finalagaz alderatuta zelan sentitu zinen?

Oso desberdina izan zen Garaikoa: lehenengo aldiz hartzen nuen parte eskualdekoan, eta nobedade izate hutsagaz puntu batzuk irabazten dituzu. Trankil nengoen orduan. Lazkanok irabazi zuen eta bigarren egin nuen nik. Aldrebes izan da oraingoan. Zapatuko finalera arteko bi urteotan asko jardun dut bertsotan, eta segurtasun handiagoagaz dihardut: bertsotan dezente hobetu dudala uste dut.

Gorkagaz buruz-buruz gustora jardun zenuen?

Izenak entzun nituenean trankildu nintzen, pisu apur bat kendu nuen, eta ofizioka hasi ginenean pentsatu nuen, “bueno, oraintxe egin behar dugu zeozer polita”. Baina egia esan, ez zen gura bezala atera. Gorka bai ibili zen neu baino gusturago.

Bizkaiko txapelketara orain. Zer helburugaz zoaz?

Nik uste dezente trankilago joango naizela Bizkaikora. Bai nik eta bai beste batzuek ere aurten aukera handiak ditugu finalean lekutxo bat lortzeko, edo finalerdietan papel on bat egiteko behintzat. Uda tartean egonda, ondo preparatu eta gogotsu ekingo diot, ahal denik ondoen egiteko.

Txapelketak, saioak, hitzordu piloa azkenaldian.

Bai, lehen hilean saio bi egiten banituen, astebururo hiru izaten ditut orain. Aldaketa handia izan da, eta norberak neurria hartu arte oso gaitza da denbora ondo organizatzea. Aldi berean baina, momentu honetan gustura nabil bertsotan, eta aukera hau aprobetxatu behar dudala argi daukat. Oso konsziente naiz hemendik urte batzutara, gazteagoak eta hobeak etorriko direla, eta hauxe dela nire momentua.

Zelan ikusten da bertso-eskolatik bertsogintza.

Lehen zazpi-zortzi ikasle egoten ziren Berrizko bertso-eskolan, eta 13-14 dira aurten, eta datorren urtean gehiago dira etortzekoak. Berrizen, bai ume eta bai gurasoek asko eskertzen dute oso-osorik euskaraz den aisialdiko ekimen bezala. Asko gaztetxoak dira, eta lehenengo kontaktua dute bertsolaritzagaz, eta erdi jolasten jarduten dugu. Helburua ez da eskolarteko txapelketak irabaztea, baizik bertsoetarako gustu hori har dezatela, giro horretan sartzea.

Durangaldeko albiste gehiago: www.anboto.org

Erantzun

Sartu