Teknologia albisteak

Demokrazia Ekonomikoari buruzko jardunaldietako inpresioak

Erabiltzailearen aurpegia
Ander Goñi
2010-05-31 : 14:05

Arrasaten izan ginen lehengoan, Demokrazia Ekonomikoaren inguruan antolatutako topaketan. Bertan jorratutako gaiak, izugarri intesgarri egiten zaizkit. Lanaz aritu ginen, antolaketaz, pasioaz, soberaniaz, kudeaketa ereduaz eta abar. Eta baita kooperatibetaz, kooperatibak, demokrazia ekonomikoa bideratzeko formula bat izan daitezkeelako. (Demokrazia Ekonomikoari buruzko II. Topaketa transnazionala egin zen Arrasaten joan den ostiralean. Han izandakoaz kronika idatzi du Ander Goñik, eta bere blogekoa hona ekarri dugu bere lizentziari esker).

Nik bizi izan dudan esperientzia kooperatiboa nahiko xelebrea da: Alecopen eman nituen nire lehen urratsak; “mes currau, mes cobraú” esaten genuen. Sasi -bazkide bilakatzeko, lehen hilabetetan, gure soldata urriaren zati bat ekarpen gisa sartzen genuen enpresan. Gero, Olandixoko maldan gora LKSen izan nintzen baina han ere ez zen giro, ikasle-bazkidea bainintzen. Idekon lanean nengoela, Ortza enpresaren bazkide egin ninduten. Jada itxita dagoen enpresa naparrean ez naiz sekula izan. Egun Danobat Taldean egiten dut lan Goitiko bazkide gisa, bigarren mailako kooperatiba batean. Honek esan nahi du, kooperatibaren jabegoa beste enpresa batzuen esku dagoela. Beraz, “nire” enpresan egiten diren asanbladetan, gonbidatu huts bat besterik ez naiz.

Enpresa handi batean lanean beraz, eta nire lantokian hartzen diren erabakietan parte hartzeko aukerarik gabe. Kuriosoa bada ere, Arrasateko kooperatibetako jenderik apenas ez da izan topaketan, aspaldian, kooperatiben arrasto sozial eta ideala galtzen ari direla asko entzuten den arren.

Hizlarien artean hauek nabarmenduko nituzke:

  • Grupo Cooperativo de las Indias Electrónicas-eko Manuelek, osatu duten egitura kooperatiboaren berri eman digu. Kooperatiban sartu nahi duen norbaitek bertan egin behar duen ibilbidea ere azaldu digu. Nabarmendu du, bertan ez dagoela lanposturik, lanak eta pertsonak baizik eta saiatzen direla, hautagaiek, bere ibilbidean, hainbat lan ezberdinetara bideratzen, “pluriespezialista” bilakatzen.
  • Aitor Otxoa ikasleak LEINN-en berri eman digu, eta lan egiteko dituzten modutaz aritu zaigu, “learn by doing” aipatzen zuen berak. Aularik ez, teoria justuan eta esperientzia eta proiektu asko.
  • Julen Iturbek, enpresa irekietaz aritu da eta biltzen ari diren hainbat kasu errealen berri eman digu. Beste mundu bat posible dela, egun, ohikoak diren kudeaketa ereduen alternatibak badirela.
  • Jon Sarasuak, Bagara proiektuaren berri eman digu. Leniz bailarak zer gizarte mota izan nahi duen pentsatzen dabiltza eta autogestioa sustatuz, hainbat ekimen jarri dituzte martxan hainbat esparrutan. Nik uste dut gure begietan dirdira sortu dutela bere hitzek.
  • Pablo Aretxabalak GBE-NER -en berri eman digu. Hainbat enpresatan ezarri dituzten aldaketak erakutsi dizkigu

Bazkal aurretik eman zen elkarrizketan, ekintzailetasuna (emprendizaje esateko aurkitu dudan hitza da) dela eta, gaur egun ematen diren arazo batzuk aipatu ziren:

  1. Oso jende gutxi batzen dela ekintzailetasunaren inguruko jardunaldietan, eta batzen direnak, gehienbat, gizonezkoak direla.
  2. Gizarteak ez duela ekintzailetasuna sustatzen, aldiz, obedientzia bultzatzen duela, konformismoa, eta hau nabariago dela emakumeen artean.
  3. Ekintzaileak, bere lana inkonformismotik abiatzen duela.

Bazkal ondoren, topaketako partaide euskaldunok, txoko batean, Euskal Herriko kooperatibismo eredua izan genuen hizpide, eta honi segida emango dion lantalde bat sortzeko ideia ere azaldu da bertan.

Elkarrizketa amaitu baino lehen, ospa egin behar izan nuen eta bertan utzi nituen @teketen, @birasuegi, @aurbieta, @ketari, @iptx eta beste guztiak.

Topaketa honetan entzun ditudan gauzetatik, hausnartu beharreko gauza pare batekin gelditzen naiz.

  1. Nola bultzatu daitekeen gurea bezalako enpresa handi batean, pertsonak hainbat lan egiteko gaitasuna, egun bizi dugun espezialitatearen aurrean.
  2. Gizarteak ekintzailetasuna nola bultzatu edo uxatzen duen inguruan hausnarketa egin.

Investic-eko iruindar katxondo pare batekin izan naiz bazkaltzen, eta hau idazten ari naizen ordenagailu deskatxarratuari shift teklak salto egin dion momentu justu honetan, katxondo horietako batek esan duena darabilt buruan bueltaka “me he comprado un mac porque a nivel de hardware no tiene rival…”.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Ertokitik, Ander Goñi

Erantzun

Sartu