AEK bere XIII. Mintegia burutu du Gasteizko Europa Jauregian, Hiru hamarkada garena ikasten lelopean. Bertan AEK-k bere hirugarren plan estrategikoa onartu du, 2010-2014 epealdian burutuko duena. Kortatu taldearen AEK-ko beteranoak kantak eman dio amaiera XIII. mintegi honi.
Epealdi estrategiko berria
Onartutako plan estrategiko berria aurreko bien jarraipena da, eta hainbat asmo nagusi biltzen ditu. Lehenik eta behin, AEKren xede nagusia Euskal Herria euskalduntzea izanik, hizkuntzaren sustapena, erabilera eta normalizazio orokorreko ataletan bultzada ematea da bere arduretako bat, aldi berean Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egoera normalizatu eta egonkortuz. Gainera, jendartean txertatutako herri ekimena izanik, euskararen eragile izateko konpromisoa du, euskararen aldeko jarrerak sustatu eta bultzatuz, eta euskaraz bizitzeko aukerak sortu, gehitu eta hedatuz.
Bestalde, AEK-k urteak daramatza bere jarduera osoan kalitatearen kultura txertatzen eta euskararen irakaskuntzan urrats handiak eta berriak ematen, metodologian, eskaintzan, irakasleen prestakuntzan eta material sorkuntzan sakonduz.
Hori guztia lortzeko, hurrengo epealdi estrategikorako AEKren beste asmo nagusietako batzuk dira barne egitura eraginkorragoa diseinatu eta praktikan jartzea, bere kideen lan baldintzak egokitzea eta profesionaltasunean aurrerapausoak ematea.
Hiru hamarkada baino gehiago lanean
AEK-k jai giroan ospatu du XIII. Mintegi hau, pasa den abenduan bete baitziren 30 urte Arantzazun bere lehenengo mintegia egin zuenetik. Ordutik hona, beste hamabi mintegi prestatu ditu, koordinakunde izatetik Euskal Herri osoan aritzen den erakunde izatera pasatu da, milaka eta milaka lagun euskaldundu ditu eta hamasei Korrika antolatu. Hori irudikatu dute amaiera ekitaldian taula gainera igotako bost irakaslek, aurrena AEK, hiru hamarkada garena ikasten esaldia osatzen zuten bost koadro erakutsiz, eta ondoren, haiei buelta emanda, Etorkizunean ere Euskal Herria euskalduntzen esaldia osatuz. Izan ere, AEK-k iragana du, baina baita etorkizuna ere.
Iragan eta etorkizun horren isla izan da amaiera ekitaldiaren hasieran entzun den AEKren historiari buruzko kontakizuna, argazki zahar eta berriz hornitua. Eta ildo horretatik jarraitu dute ondoren parte hartu duten hizlariek ere.
Bertan egon ezin arren, Andres Urrutia euskaltzainburuak egun honetarako helarazi duen idazkian, Garena ikasten mintegiaren lemaren haritik, AEKren lan eskerga gakoa bi hitz horietan dagoela adierazi du. "Garena", hitz horren barruan sartuta dagoelako, hizkuntza ez ezik, hizkuntzaren inguruko kultura osoa; eta "ikasten", AEK-k ikasbide horretan etengabe egin dituen eginahalengatik. Halaber, Urrutiak AEK Euskaltzaindiaren babesean sortu zela gogoratu du, eta Euskaltzaindia sortzaile izan zen moduan, egun bidaide dela azpimarratu du. Gainera, behinola AEKren sortzaile eta arduradun, eta, azkenik, Euskaltzaindiaren kudeatzaile izan zen Juanjo Zearreta izan du gomutan .
Ondoren Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartuk hartu du hitza, AEK Kontseilua osatzen duten kideetako bat delako. Mendiguren Bereziartuk agurtzeko aukera izan du, datorren hilean utziko duelako kargua Paul Bilbaoren esku. Mendigurenek AEK-k Kontseiluan duen parte-hartzea azpimarratu du, Euskal Herriko lurralde osoan diharduen erakundea izatea eta orain arte egindako euskararen aldeko lana goratuz.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiari egokitu zaio ekitaldiaren amaierako hitzak botatzea. Mugikak AEKren lehenengo mintegi hura egin zenetik 30 urte igaro direla gogorarazi du: "Noizean behin atzera begiratzea eta nondik gatozen gogoratzea behar-beharrezkoa da, nora joan nahi dugun, nora eta nola joan behar dugun jakiteko". Iraganetik, etorkizunera, Mugikak azaldu duenez, "XIII. mintegian indar, ilusio eta adostasun osoz egin hausnarketarekin eta hartutako erabakiekin, etorkizuneko AEK egiten hasi garela esan dezakegu. Bukatzeko eskerrak eman dizkie AEKn urte hauetan guztietan aritu direnei eta AEK-k eta AEKieek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu du.
Erantzun
Sartu