Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966) Loiolako hegiak kaleratu du, azken bake eta normalizazio prozesuaren kronika xehe bat, orain arte ezezagunak ziren hainbat datu ere plazaratzen dituena. Protagonista zuzenen lekukotasunean oinarrituz, guztiok arduratzen gaituen gai minbera bati buruzko berebiziko dokumentua lortu du, zeresana emango duena. Gaur goizean aurkeztu da liburua prentsaren aurrean, eta bihar hilak 11 izango da jendaurreko aurkezpena 19.00etan Martin Ugalde Kultur Parkean (Andoain). Dagoeneko salgai dago liburua.
Urteak daramatzazu Euskal Herriko informazio politikoa lantzen; liburua zer izan da: analisi lan jarraitu horren laburbilduma gisakoa, ala zerbait berezia?
Ez da lehendik egindakoaren laburbilduma, lan berri baten emaitza baizik. Hamar urte egin ditut eguneroko informazio politikoa lantzen, aurrena Egunkaria-n eta gero Berria-n, eta Loiolako prozesua oso gertutik jarraitu dut, eguneroko nire lanaren barruan baitzegoen prozesuaren gaineko informazioa lantzea. Berria-n lanean izan naizen bitartean bildu dudan informazioa guztiz baliagarria izan zait, noski, eta horixe izan da lan honen abiapuntua. Baina libururako informazio berria bildu dut. Batetik, negoziazioaren hiru alde nagusien bertsioak jaso eta elkarren ondoan jarri ditut; eta bestetik, negoziazioen inguruko informazio berria bildu dut beste iturri batzuetatik, eta lehendik jakinak ziren istorioak xehetasun gehiagorekin osatzen ere saiatu naiz.
Eszedentzian egon zara bolada batez, Debako Udalaren "Tene Mujika" beka eman zizuten; ezinbesteko baldintzak izan dira, lan hau egin ahal izateko?
Ez dakit baldintza ezinbestekoak diren. Nire kasuan, hala izan da. Erredakzioan eguneroko lanean arituko banintz ez nuke denborarik izango halako lan bati ekiteko, ahalegin handia eta ordu asko eskaini behar izan baitizkiot. Eta bitarte horretan jan ere egin behar izan dudanez, Tene Mujika beka ere oso lagungarria izan da, oso eskertzekoa.
Lehendik ere Ipar Irlandako gatazka (Suetena Belfasten) eta Palestinakoa (Palestina zauritua) aztertu zenituen liburu banatan, biak ere baketze-elkarrizketetan zebiltzala. Orduan sumatzen zenuen Euskal Herriari beste liburu bat eskaini beharra?
Bi liburu horiek idatzi nituen garaian ez nintzen ari kazetaritza politikoan, baina beti interesatu izan zait gaia. Asmo jakinik ez nuen, baina baliteke buruaren bazter ezkuturen batean halako asmoren bat edukitzea orduan ere... Ez zen kasualitatea izango garai hartan Belfast eta Palestina aukeratu izana, nire kasa joan eta hango gatazken eta konponbide posibleen gainean kazetari lana egiteko. Gogoan dut Suetena Belfasten argitaratu nuenean Luis Fernandezek Egunkaria-n idatzi zuen kritikan esaten zuela ea noiz idatzi behar nuen "Suetena Berastegin". Eta Palestina Zauritua liburuari buruzko aurkezpena Zarautzen egin genuenean, adiskide batek publikotik galdetu zidan ea noiz idatzi behar nuen "Euskal Herria zauritua".
Hala ere, elkarrizketak ondo ez baizik eta gaizki amaitu eta gero ekin diozu liburuari. Frustragarria izan da alde horretatik?
Prozesua gaizki atera izanak zerikusia izan du, ziurrenik, liburua idaztea erabaki izanarekin. Hurbiletik jarraitu nituen prozesuaren gorabeherak, eta benetan sinetsita nengoen ondo aterako zela. Dena pikutara joan zenean, ezin nuen sinetsi. Eta batzuek eta besteek ematen zituzten azalpenek ez ninduten asebetetzen. Nire inguruan ere galdera horixe sumatzen nuen: zer arraio gertatu da? Galdera horri erantzun nahi izatetik etorri zitzaidan liburu hau idazteko gogoa. Galdera horrek erantzun bat baino gehiago zituela jabetzen nintzen, eta erantzun horien bila abiatu nintzen.
Loiolan eta gero Genevan parte hartu zuten politikarien laguntza ezinbestekoa izan duzu liburua egin ahal izateko...
Liburuaren oinarri nagusia horixe da, hain zuzen: Loiolako mahaian eseri ziren hiru aldeen kontakizunak. Iñigo Urkulluk kontatu dit EAJren egia, Jesus Egigurenek PSE-EErena eta Arnaldo Otegik Batasunarena, bera kartzelara sartu aurretik egin bainituen elkarrizketak. Hainbat aldiz izan naiz hirurekin, eta egindako galdera guztiei erantzun diete. Benetan eskertuta nago hirurekin, eta prozesuari buruzko informazioa eman didaten beste solaskide guztiekin.
Ez da edonorentzat erraza izango partehartzaile horiek lortzea; zein izan da gakoa?
Egunkaria-n eta Berria-n urtetan kazetaritza politikoan aritu izanak zerikusirik izango du, noski. Lehendik ere hirurekin egin izan ditut elkarrizketak, eta ezagutza pertsonal hori erabakigarria izango zen. Bestetik, uste dut estrategia ona izan zela haiei ezer esan aurretik erabaki izana liburua egitea. Alegia, ez diet galdetu ea beren bertsioa emango didaten, kasu horretan liburua egingo nukeela-eta; esan nien Loiolako negoziazioei buruzko liburua idatzi egingo nuela, eta ea beren bertsioa emango zidaten.
Elkarrizketa, kronika, erreportajea, analisia, historia... Genero askotako osagaiak zenituen: nola moldatu zara liburuari forma emateko orduan?
Intuizioz jokatu dut, egia esanda. Azken batean, kronika liburua da batez ere, bestelako osagaiak ere badituen kronika. Oso gustuko dut generoa. Zalantza gehienak agirien pasarteak emateko moduak sortu dizkit. Loiolako negoziazio mahai gainean hainbat agiri izan zituzten, lerroz lerro negoziatu zuten guztia, eta horixe izan da, estilo aldetik, nire buruhauste handiena: astunegia izan gabe nola eman negoziazio horren berri.
Hiru alde zeuden Loiolan (bi Genevan, Txillarren, Oslon). Batari besteari baino leku edo sinesgarritasun gehiago ez ematea ariketa erraza izan da ala...?
Egia esan, ez dut neurtu alde bakoitzari zenbat leku eman diodan. Susmatzen dut, liburua osotasunean hartuz gero, EAJren ahotsak leku txikiagoa hartzen duela PSE-EEren eta Batasunaren ahotsek baino, Txillarren, Genevan eta Oslon ez baitzen izan. Saiatu naiz ahalik eta aurreiritzi gutxienarekin jokatzen, bai hiru solaskideengana galdezka joan naizenean eta bai haien bertsioei buruz idaztean. Bere horretan eman ditut haien hitzak. Baina neure informazio propioa ere landu dut eta gertatutakoari buruzko nire bertsioa ere eman dut, azken batean, nire narrazioan.
Orain arte ezagutzen ez zen hainbat datu kaleratu duzu; eremu kulturaletik kanpo ere zeresana eman dezake liburuak?
Baliteke. Kulturaren arloan ohituagoak gaude hainbat informazio aurrena euskaraz ematen edo jasotzen, baina politikaren arloan gutxitan gertatzen da hori. Liburu hau egitearen motibazio handietako bat hori izan da: Loiolan zer gertatu zen euskaraz kontatzea aurrena, gazteleraz beste inork kontatu baino lehen. Ondo legoke ia gaztelera hutsez funtzionatzen duen mundu politiko eta mediatiko horretan jakin-mina piztea euskarazko liburu batek, euskaraz ez dakitenei gabezia hori sentiaraztea. Gazteleraz idatzi izan banu, badakit oihartzuna izango zukeela, orain arte kontatu gabekoak kontatzen ditudanez. Baina euskaraz idatzi dut, eta ez dakit beste mundu horretan oihartzunik izango duen.
Ez dizugu eskatuko porrotaren erantzulea seinalatzeko; hala ere, atera daiteke ondoriorik?
Bai, atera daitezke ondorioak. Nik atera ditut nireak, eta irakurleak ere aterako ditu bereak. Baina hirurehun orrialde behar izan ditut gertatu zena kontatzeko, eta hiru lerrotan ezin adieraziko dizkizut ondorioak.
Eta gerora begira, sumatzen duzu beste prozesurik?
Prozesu bat sumatu izan dudan guztietan esan dut gauza bera: Oraingoan, bai. Ezagun duenez, ez dut sekula asmatu. Baina ez dut etsi. Oraingoan, bai.
Denok dakigunez egia osoa eta berdaderoa pelikuletan baino ez da existitzen. Baina bai, ziur aski, badago egiterik egia txiki batzuen bilduma ordenatua. Ea liburua irakurtzean horrelako inpresiorik ateratzen dudan, biziki eskertuko dizut, Imanol.
Zeren, besteak beste, beldur naiz laster izango dugula gezur handi eta borobilen laburbilduma bat baino gehiago gure artean, formatu desberdinetan (egundakari, astekari, irrati, telebista, hitzaldi, liburu, unibertsitateko mintegi...). Horietako bat baino gehiago, gainera, saritua izango da... eta abar, lehendik ere ezagutzen dugu mekanismoa. Enfin, bitartean ez da meritu makala euskarazko ikerketa serio bat izatea irakurtzeko.
Martin Ugalde Foroan publiko aurrean aurkeztuko du gaur liburua Imanol Muruak. Andoainen, 19.00etan, Martin Ugalde Kultur Parkean.
Berria.info-k Internet bidez zuzenean egingo du erretransmisioa.
Barkatu hain kriptiko suertatzea, Luistxo, nahi gabe izan da. Alegia, profezia hutsa da, bihozkada bati erantzuten diona.
Hona bihozkada: Imanolek gure artean hain tipikoak diren espiral horietako bat deskateatu du, nahi gabe, jakina. Hau da, bere proposamenak laster izango du erantzuna, eta erantzun hori, ziur aski, izango da anitza, plurala, askotarikoa eta, batez ere, ugaria, Euskadi demokratiko-anitz-plural-askotarikoari dagokion bezala.
Eta broma txiki bat eginez, serioegi jar ez gaitezen, ETBren audientzia-jeitsiera aitzaki hartuta, zergatik ez pentsatu norbaiti bururatuko zaionik telenobela sasihistoriko horietako bat antolatzea, beste Imanol batek (Arias) Espainiako telebistan protagonizatzen dituen tankerakoa? "Ekaitz egunak", barkatu, "Días de tormenta", con Imanol Arias como... Ez ahaztu, gainera, jesuiten etxea eskenategia izatea primeran datorkiola gero nazioarteko zirkuituan integratzeko (Dan Brownen nobelen ildotik, ezinbestekoa da Eliza, eta jesuitak badira, hobe).
Agian gehiegi banalizatzen ari naiz, barkatu Imanol (Murua oraingoan), zeren gauza bat dago garbi: zu ez zaituzte hartuko gidoilaritzat. Barkatu.
Martin Ugalde Foroko aurkezpena grabatua geratu zen. Ordu eta erdiko jarduna. Hemen ikus dezakezue.
Datorren astean Loiolako Hegiak liburuaren beste aurkezpen bat egingo du Imanol Muruak, Zarautzen, bere herrian. Hilaren 16an, asteartearekin, 20.00etan Azken Portuko kristau biltoki zaharrean. Zarautzen kazetaritza politikoaz antolatu duten ziklo baten parte izango da. Astelehenean Aldaketa 16 aldizkariko zuzendari Gorka Landaburuk hitz egingo du, eta asteazkenean Iñaki Soto Gara egunkariko iritzi zaileko arduradunak.
Atzo izan nintzen hemen goian iragarritakoan, Zarauzko aurkezpenean. Aurkezpen eta aurrerapenetan bezala, liburuaren pasarteez luze jardun zuen Muruak.
Datu berri moduan, kontatu zigun bezperan, astelehenean, Jesus Egigurenekin elkartu zela jatetxe batean (Egigurenek deituta), eta liburuagatik zoriondu zuela. "Hain ondo egin genuen Loiolan?", esan zion Egigurenek, ironikoki, han gertatuaz liburuaren bidez jakin izan balu bezala. Txantxetan, gehitu zuen Egigurenek ez okurritzeko gaztelaniaz ateratzea. Baina bai, irtengo da. Urte amaierarako espero dutela gaztelaniazko bertsioa ateratzea, euskarazkoak bere bidea egin ondoren, horixe aurreratu zuen Muruak atzo.
Liburudendetan 20 euroan saltzen da Loiolako Hegiak liburua, baina Berria.info-tik eskaera eginda, etxera bidaltzen dizute 15 euroan.
Gaur goizeko aurkezpenean, Xabier Mendiguren Elkarrekoa, Imanol Murua Uria, eta Tene Mujika beka ematen duen Debako Udaleko ordezkaria, Raimundo Amutxastegi kultura teknikaria.
Baimenarekin © Pello Urzelai
Bestalde, BERRIA.INFOk Loiolara eraman du Murua, eta liburuaren harira, bideo hau grabatu du:
Bihar Martin Ugalde Foroan hitzaldia emango du Imanol Muruak, 19:00etatik aurrera Andoainen.