Teknologia albisteak

Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Udaltop topaketak
2010-02-22 : 16:02

Otsailaren 19a, goizeko 11:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa aretoan, Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztu dituzte. Prentsaurrekoan Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria eta Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia izan dira.

Udaltop jardunaldien bigarren edizioa apirilaren 21ean eta 22an izango da. Aurten landuko den gaia "Nerabeen aisia eta lagunartea" izango da eta "Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?" galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztu da eta bertan izango diren hizlarien berri eman da. Nabarmendu daiteke Eusko Jaurlaritza burutzen ari den ikerketa baten berri emango duela Igor Calzadak, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendariak. Ondoren, Gotzon Egiak gidatutako "Sare sozialak, nerabeak eta euskara" mahai-inguruan parte hartuko dute Gorka Juliok eta Luistxo Fernandez internautek.

Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak topaketen helburua honakoa dela adierazi du: "Iaz bezala, topaketa hauen helburua Gipuzkoako eta Euskal Herriko udaletako euskara teknikariak elkartzea, urteroko hitzordu batean, herri erakundeetatik euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera eramaten ari garen politikaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko". Aurtengo gaia hautatzerakoan udaletako euskara teknikariek iazko Udaltop-en balorazioa egiterakoan azaldu zituzten iritziak; eta Gipuzkoako herrietan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barnean planifikatzen diren programa askotan sortzen diren kezkak eta zalantzak izan dituztela kontuan adierazi du Alkortak.

Egitarauan jaso diren saioetan, nolabait esatearren, gaur egun nerabeen eta gazteen hizkuntza jokabideez gure gizartean dakigun guztia bildu dela nabarmendu du euskara zuzendariak. Gainera, iaz ez bezala, Euskal Herri osoko ekimenen berri izango da jardunaldietan eta Iparraldeko bi ekimen ezagutzeko aukera izango da: "Iparraldea 21" dokumentala eta Glisseguna. "Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena egin nahi die udaletatik euskararen erabilera soziala hedatzeko egiten den ahaleginari, ez bakarrik Udaltop jardunaldi hauen antolakuntzan eta finantzaketan bete-betean murgildurik, baizik, horrekin batera, urte osoan zehar prestakuntza eta baliabideak emanez, Udal<>ekin programaren bitartez" azaldu du Alkortak.

Ricardo Ortegak azaldu duen bezala, "Topaketak urtero egiteko asmoarekin jaio dira. Urteroko hitzordua izan nahi dute eta bidea ireki besterik egin ez baldin badugu ere, singularretik pluralera pasa gara. Aurten bigarren edizioa izango baitugu". Iaz 120 lagun matrikulatu ziren, erdia udaletako euskara teknikariak eta beste erdia udalaz kanpokoak. Teknikari horiek gainera hegoaldeko lau herrialdeetatik etorri ziren. Aurten, ideia honi lotuta, iparraldean hasi berriak diren udaletako euskara teknikariak ere bereziki gonbidatu nahi dituztela, nabarmendu du Ortegak.

Aurtengo matrikularen prezioa iazko berdina izango da, 80 €. Baina, gaia zein den ikusita, 25 urtez azpiko ikasleentzat 25 euroko beste matrikula bat ezarri da. Matrikulazio epea otsailaren 22an zabalduko da eta hilabeteko epean egin beharko dira matrikulazio guztiak. Bestalde, martxoaren 5ean ponentziak eskuragarri jarriko dira webgunean.

Aurtengo jardunaldietan hainbat berrikuntza izan dira, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.

Iaz bezala, jardunaldietan aurkeztuko diren ponentziak, hizlarien curriculumak eta hainbat elkarrizketa webgunean zintzilikatuko dira aurretiaz.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago