Zinemaldian badago glamourra, gauetako aurkezpenetan-eta, jaietan. Festa-soinekoak (ze guapa Barbara Goenaga soineko urdin ilun luzearekin), trajeak, orrazkera-batuak. Ostera filmak ikustera joaten direnen artean beste estilo bat nagusitu ohi da: pasta beltzeko betaurrekoak, kolore beltza jantzietan, itxura modernoa bai-baina-ez (Ruper Ordorikaren antzeko estiloa-edo). Moda-moda ez, baina itxura zaindua.
Aurten baina Donostian asteburuan botatako euri-jasak zinezaleen estiloa guztiz desitxuratu du (eta baita Brad Pittenaere: bestela ez da ulertzen plastikozko kazadora harekin agertzea). Euria eta udazkenekoa dirudien hotzarengandik babesteko denetik erabili izan da: leporako nahiz ilerako balio duten zapi handiak, euritarako jantziak, negukoak, udakoak, udazkenekoak. Batzuk prestatuago etorri dira, aterkin eta sira lodiekin. Beste batzuk ezustean harrapatu ditu, eta ahal dutena egin dute: zinemaldiko egunkaria buruan, txankletak hanketan eta halamoduzko jertsea sorbaldan. Arropak batez ere eguraldiarengandik babesteko balio izan du, ez norbere nortasuna edo edertasuna agertzeko (edo ezkutatzeko). Praktikotasuna modari eta itxurari gailendu zaio.
Horrelako zerbait gertatuko zitzaion morroi honi.
Argazkiak.org | zinemaldia © cc-by-sa: elena laka
Euria ziharduen alfonbra gorrian, María Cristina parean. Gabardina bazeukan, ondo handia eta lotua. Burua baina zerbaitekin estali behar, euria ugaria baitzen. Topatu du oraindik desegiteke zeukan hondartzako boltsan bisera horia, propagandakoa, txirrindulari itzuliren bat etxetik gertu pasa zitzaionekoa, eta bi bider pentsatu barik jantzi egin du. Gatxeten gabardina eta igeltseroaren bisera. Helburua bete du behintzat: zinemaldian ibili katarrorik harrapatu gabe.
Erantzun
Sartu