Asko hitz egiten ari da uda honetan LH5eko ekipoen inguruan. Interes asko daude gai honen inguruan, politikoak, ekonomikoak, irakasleen lan-baldintzei lotutakoak, azpiegitura mailakoak... Ezin da ukatu software askearen (SA) gaiak atal guzti horiekin harreman zuzena gordetzen duela baina irudipena daukat, handik eta hemendik irakur daitezkeen ekarpenak ez ari ote diren gaiaren mamiarekiko dispertsio puntu bat sortzen.Jakintza Ikastolako Jokin Lacalle 'Jolaus'-en gogoeta erantzunetan azaldu zen hemen, baina azalera ekarri dugu ikasturte hasiera honekin batera.
Ikuspegi politiko batetik aztertuta, garbi dago administrazioak hanka sartze handia egin duela. Ahoz agindu zigutena ez zen gero inondik inora ageri argitaratutako pleguaren baldintzetan. Horrek sortu duen haserrea erabat zentzuzkoa iruditzen zait eta haserre horrek eragin dituen erantzunak guztiz beharrezkoak izan direla iruditzen zait.
Egindako hanka sartzeaz jabetu direla dirudi eta agindutakoa aurrera eramango dutela esan dute, alegia, eskoletara helduko diren ekipo berriek abio duala izango dutela. Agian oraindik detailetxo batzuk ondo zehaztea falta zaie. Garrantzitsua da pleguan datozen baldintzak goitik behera errepasatzea, detaile guztiak ondo zehaztuta daudela egiaztatzea, hainbat gauza exijitu beharrean gaudela ere iruditzen zait baina ez dut uste aurtengo pleguaren baldintzen menpe dagoenik SAren etorkizuna gure eskoletan.
Batzuk ez dute begi onez ikusten abio dualarena, egia bada administrazioak SAren aldeko apustua egin nahi duela, ekipo berriek SAko aplikazioak soilik izan beharko luketela diote (Andaluzian egingo dutenaren antzera). Benetan uste dugu Ubuntupean ibiliko diren hogei mila ekipo banatzea hiru hilabeteko epe batean, izan daitekeela neurririk eraginkorrena SA-ren hedapena gure eskoletan modu naturalean gertatzeko? Niri ezezkoa iruditzen zait.
Gure ikastolan ia bi urteko prozesu baten azken etapan jo dugu erabaki horretara eta, oso garbi daukat, aurretik beharrezkoak direla, alde batetik, informazio eta sensibilizazio lana eta bestetik, aplikazio berriak modu progresiboan ezagutu eta erabiltzea, hasiera bateko beldurrak alde batera gera daitezen. Andaluziaren kasuan hori oraindik askoz ere nabarmenagoa da. Han egin duten ibilbidea SAren inguruan luzea da; hemen oraindik martxan hasi besterik ez dugu egin. SAren etorkizuna euskal hezkuntza sisteman, pleguan datozen baldintzen eta administrazioak azalduko duen jarrerarekin lotura izanda ere, niretzat faktore horiek ez dira garrantzitsuenak.
Asko hitz egin da, baita ere, irakasleriaren formazioari buruz. Tira, formazioaren garrantzia gai honetan oso erlatiboa dela iruditzen zait bi arrazoi nagusirengatik:
SAren etorkizuna gure eskoletan irakasleareriaren formazioarekin erlazionatuta egonda ere, ez zait iruditzen hori denik punturik garrantzitsuena.
Alderdi ekonomikoa askotan agertu den hirugarren gaia da. Begi-bistakoa da Zapateroren Eskola 2.0 proiektua garrantzi handikoa dela Euskal Herrian SAren inguruan lan egiten duten enpresentzat. Gauza asko daude jokoan enpresa hauentzat (ekipamendua, mantenua, formazioa...) eta logikoa iruditzen zait, ESLEko hainbat ordezkariek adierazi duten haserrea pleguaren baldintzak ikusi dituztenean. Gertutik jarraitu dut hauetako batzuen lana eta txalogarria iruditzen zait egiten ari diren lana eta adierazten diren kemena. Baina faltan botatzen dut perspektiba piska bat; une honetan, epe motz-ertainera diseinatutako estrategiek, datorren urtean SA zenbat eskoletan erabiliko den zehaztea baina garrantzitsuagoa dela iruditzen zait. Garbi dago Zapateroren planak ez duela atzera bueltarik.
IKASYSekin gertatu den bezala (dagoeneko Ikastolen Elkartean lanean ari dira proiektua Bigarren Hezkuntzara hedatzeko), Eskola 2.0 planarekin ere gauza bera gertatuko da. Aurtengoa etorriko denaren zati txiki bat besterik ez da, garrantzitsua bai, baina ezerezean geratuko dena ez bada etorkizuna planifikatzen hasten une honetan bertan. Enfoke horrekin hasi behar gara denok lanean oraintxe bertan, baita ESLE bera ere. Nahiko ezkor ikusten ditut ESLEko batzuk eta niretzat aukera paregabe baten abiapuntuan besterik ez daude. Euskal eskolaren historian lehenengo aldiz izango dituzte gure haurtxoek software askea duen ekipo bat euren eskuetan. Lehenengo aldiz izango dute Euskal Herriko irakasleek software askea (SA) erabiliz, euren eguneroko lana aurrera eramateko aukera. Aukera bikaina daukagu, beraz, hainbestetan aipatu diren software askearen abantailak gure ikasle eta irakasleei aurkezteko, software mota honek ekartzen dituen onurak sobre el terreno egiaztatzeko, hortikan entzun dutena frogatu ahal izateko.
Hamaika urteko hogei mila ikasle konbenzitzeko aukera aparta daukagu muturraren aurrean: izan gaitezen abilak, mugi gaitezen azkar, promoziona ditzagun software askearen inguruan hainbestetan aipatu ditugun bertuteak gure eskoletan. Aurtengo xoxak garrantzitsuak dira, garbi dago, baina etorriko direnak garrantzitsuagoak izango dira.
Zer egiten hasi behar gara une honetatik aurrera SAren promozioa hezkuntzan bultzatzeko?
Zer prozesu jarri behar ditugu martxan hemendik aurrera, aurtengo hogei mila ekipo hori erabiliko dituzten irakasle eta ikasle gehienek euren ekipoak Ubunturekin erabil dezaten?
Are gehiago oraindik, nola lortuko dugu eurak, irakasle eta ikasleak, izan daitezen 2020-2011 ikasturtean etorriko diren ekipo berriak SArekin erabili nahi dituztela eskatuko dutenak?.
Ez da ezinezkoa. Gure kasuan, adibidez, iaz IKASYSeko netbook-ak 2., 4. eta 6. mailako hiru geletan soilik erabili genituen. Aurten ekipo berriak eskatu ditugu IKASYSen erabilera LH osora hedatzeko. Bada gure ikastolako irakasleek ez dute zalantzarik izan eta Ubunturen aldeko apustua egin dute guztiek. Eta gurean bezala IKASYS erabili duten ikastola gehienetan. Niretzat horixe da gakoa, aurrean esaten nuen bezala, sentsibilizazioa, informazioa, promozioa, marketin kanpainak ere nahi baduzue. Hortxe dago arrakastaren muina nire ustez.
Zeregin hori askoren ardura da: administrazioarena (ea aurtengo abiapuntu "xelebre" honek jarraipena duen), biztanleriarena (oso baliagarria iruditu zait sarean sortu den eztabaidak izan duen oihartzuna, adibidez) eta enpresena/ESLErena ere ere, noski. Niretzat ESLEk hartu beharko luke lan ardura nagusiena. Gauza sinpleekin lorpen handiak izan daitezke.
Adibide bat ipiniko dut azken baieztapen hau argitzeko. Duela urte pare bat edo izango dira, Ikastolen Elkarteko IKT taldeko arduradunek, software askearen inguruko bilera monografiko bat antolatu zutela ikastoletako IKT dinamizatzaileontzat. Bilera hartan Solid Rock It-eko Iñigo Quintana izan genuen hizlari (Solid Rock IT ESLEko kideetako bat da). Oso oroitzapen onak ditut bilera hartaz. Iñigok egindako aurkezpena benetan argigarria izan zen, gauzak ikuspegi desberdin batekin ikusteko pistak eman zizkigun, tranpatxo pare bat ere ipini zizkigun dinamizatzaileoi, hausnarketarako oso baliagarrik izan zirenak. Ni, eta ni bezala beste dinamizatzaile askok ere, ideia garbi askorekin atera ginen bilera hartatik. Ordurako gutako batzuk migrazioaren kontua buruan bueltaka genuen; bilera hura niri pertsonalki, aurrera egiteko behar nuen bultzadatxoa bihurtu zen.
Baziren ere, SArekiko jarrera ezkorragoa zuten dinamizatzaile asko (bileran bertan garbi adierazi zituztenak gainera euren galderak eta zalantzak). Bada tira, horietako batzuk ere OpenOffice-erako saltoa dagoeneko emanda dute eta uste dut bilera hartan jasotakoa oso baliagarria izan zitzaiela eurei ere. Beti izan dut sentsazioa, bilera hura, ikastoletan SAren inguruan, une honetan gertatzen ari den mugimenduaren jatorria bilera hura izan zela. ESLEk, beraz, badu horrelako "olatu" txikiak sortzeko kapazitatea. Harrez gero, dinamizatzaileok izan gara han jasotakoa, beste ekarpen batzuekin batera, gure ikastoletan zabaltzeko ardura hartu dugunok, gure irakasleekin eztabaidatu dugunok, gure irakasleen artean sentsibilizazio eta motibazio lana burutu dugunok.
Uste dut ESLEk muturra gehiago sartu behar duela eskoletan (Microsoftek, Telefonicak... askotan egin dute hori). Administrazioak zer egingo duen zain egon beharrean, eurek hasi behar dira mobilizatzen. Orain landatutako haziek, epe ertainean, fruitu ederrak eman dezaketelakoan nago. Uste dut gauza interesgarri ugari bultza ditzaketela gure ikastoletan, bai gure ikasleekin baita gure irakasle eta gurasoekin ere. Ideiatxo batzuk botatzea ausartzen naiz:
Egia da oraindik arazo ugari ikusten direla, pleguan datozen baldintzak oraindik erabat ondo lotu gabe daudela, hainbat erabakiek haserrea eta mesfidantza eragin dutela... Hori guztia horrela izanda ere, GAUR DUELA SEI HILABETE BAINO HOBETO GAUDE, hori ez dago aman-semerik uka dezakeenik. Aprobetxa dezagun alde daukagun olatu txiki hau. Gauzak ondo egiten baditugu olatu hori geroz eta handiagoa izango dela ziur nago.
Erantzun
Sartu