Teknologia albisteak

Erraketalariak: ahazturatik omenera pasatutako historia

Erabiltzailearen aurpegia
ANBOTO astekaria
2009-03-24 : 08:03

"Erraketistak" izeneko erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan dago ikusgai, martxoaren 29a arte. Javier Sagastizabal durangarrak eta Jose Maria Urrutiak osatutako lan honetan emakume erraketalarien historia berpizten da. Martxoaren 8aren harira omenduak izan ziren kirolari horiek, nahiz eta azken urteetan gehienentzat ahazturan egon diren. Anboto.org

**‘Erraketistak’ izeneko erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan dago ikusgai, martxoaren 29a arte. Javier Sagastizabal durangarrak eta Jose Maria Urrutiak osatutako lan honetan emakume erraketalarien historia berpizten da. Martxoaren 8aren harira omenduak izan ziren kirolari horiek, nahiz eta azken urteetan gehienentzat ahazturan egon diren.**

Emakumeak protagonistatzat zituen kirol hori, urrezko garaietatik desagertzera igaro zen denpora gutxian. Jarrera eta erabaki matxistak izan ziren erantzule nagusi. Kirol profesional horren lehenengo pilotakadak 1917an eman ziren, Madrilgo frontoi batean. Erraketa normala eta teniseko antzeko pilotekin, frontoi laburrean jokatzen zuten kirol honen aitzindariek. Ez zen, baina, jarduera arin edo bizia, materialak baldintzatzen zuelako.

Ildefonso Anabitarte puntista ohiak, kirol honen aldeko apustua egin zuen, eta aldaketa batzuk egin zizkion. Larruzko pilotak atera zituen, zesta edo palan legez; ondorioz, erraketak ere indartu ziren, batez ere, sokaterian. Emandako pausu honegaitik, Anabitarte Erraketaren sortzailea izan zela esaten da. Madrilgo Moderno izeneko frontoiko enpresaburua zen gipuzkoarra, eta 1919an etorri zen aldaketa bere eskutik.

Anabitarteri ezin hobeto atera zitzaion jokaldia. Espainiar estatuan izandako arrakastaz gainera, kirol honek Hego Amerikan ere oihartzuna izan zuen, modalitatearen zabalpena ekarriz. Kuba, Mexiko eta inguruko pilotalekuetan interesa piztu eta, urte biren buruan, hainbat eta hainbat izan ziren itsasoa zeharkatu zuten erraketalariak.

Urrezko garaiak

Amerikako irekiera garrantzitsuenetakoa Habana-Madrid frontoiarena izan zen. Jokaleku ikusgarria zen, 1.800 ikuslerentzako egina, eta arrakasta izateko ahalegin handia egin zuten Madrilgo zein Kubako enpresariek. Ondorioz, hemendik makina bat erraketalari joan zen bertara. 1922ko urriaren 13an inauguratu zen frontoia. Ekitaldi horretan Kubako ereserki nazionala eta Gernikako Arbola abestu zituzten. Lolina, Josefina Otaola eta “Eibarresa” ziren kantxa hartako erregina edo izarrak. Sagastizabalek kontatu zigunez, Cantinflas aktore ezaguna ere erraketaren zaletua zen oso.

Ildefonso Anabitarte ez zegoen Habana-Madriden bultzatzaileen artean, baina bertan egon zen bolada batez. Frontoi horrek liluratuta itzi zuen, eta Madrilera bueltatzean pilotaren historian esangura handia izango zuen pilotalekua sortzea erabaki zuen: Fronton Madrid, hain zuzen ere. Erraketaren “katedrala” lehengo Moderno zenaren toki berean altxatu zuen, 1929ko ekainaren 5ean inauguratuz. Modan ipini zen kirol hau denbora gutxian, eta frontoiak zabaldu ziren Bartzelonan, Madrilen, Vigon…

Euskal Herrian

Erraketalari asko eta intendente ugari euskaldunak izan arren, hemen –Bilbon eta Donostian– partidu profesional gutxi jokatzen ziren. Bilbon 1921ean ipini zuten Euskal-Jai frontoia martxan, eta Donostiko Grosekoa 1938ko maiatzean. Eibarren modalitate honetako hiru eskola zeuden, eta horren eraginez makina bat pilotari irten ziren inguruan, Durangaldean barne. Eibartar asko ez ezik, Ermua, Durango, Iurreta, Zaldibar eta Mallabiko emakume ugari izan ziren erraketalari. Lehen aipaturiko Begoña Ereñaga eta Mari Garatez gainera, Lutxi Arrube iurretarra, Pilar Garitaonaindia “Azkoitia” eta Diana Garitaonaindia “Txikita de Mallabia” aipatu daitezke, besteak beste.

Gainbehera

1940an Euskal Pilotaren Espainiako Federazioa sortu zen, Moscardo jenerala bertako buru zelarik. Moscardok, Espainiar estatuko erraketa frontoiak itxi zituen, ez ziolako, antza, ondo irizten emakumeak kirolari profesional izateari. Gainera, lizentzia gehiago ematea debekatu zuen. Horren eraginez, hemengo eskolak itxi egin ziren eta zaletasunak behera egin zuen nabarmen. Pilotako beste modalitateak gailentzen joan ziren, eta emakumeek beste lanbide batzuk aurkitu zituzten.

Erantzun

Sartu