Ziurtagiriaren Elkarteak Euskaliten Kudeaketaren Kalitate eta Bikaintasunaren XIV. Europar Astearen barruan mintegia izan zuen hilaren 26an Bilbon Euskara enpresan txertatuz, berrikuntzarantz izenburupean. Bertan kalitatera eta bikaintasunera iristeko euskara enpresan txertatzea beharrezkoa dela argudiatu da.
Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek elkartearen eguneroko jardunaz eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren zortzi urteko ibilbidean eskuratutako esperientziaz hitz egin du. Kalitatera eta bikaintasunera iristeko euskara enpresan txertatzeak duen garrantzia azpimarratu du. Horretarako, FREMAP, ITZARRI eta ATHLETIC CLUB, gure gizartean erreferente diren hiru entitate, izan ditu lagun Gutiérrezek. Horiek euskara euren enpresan txertatzeak eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeak euren enpresetan nolako eragina izan duten azaldu dute.
Enpresek euskara euren egunerokoan erabiliz lor ditzaketen abantailak azalduz hasi du Gutiérrez hitzaldia. Horretarako, galdera bati erantzuten saiatu da: Zergatik erabili behar da euskara enpresetan? Gutiérrezen esanetan aniztasun linguistikoa lehiakorragoa izateko benetako abantaila da. Euskara darabilen enpresak, euskararik ez darabilenarekin alderatuta, balio diferentziala du; eta bezeroek balio hori kontuan izaten dute, eta horrek euskara darabilten enpresak lehiakorragoak izatea dakar. Gainera, Gutiérrezen iritziz ez dute enpresa handienek bizirauten, hobekien egokitzen direnek baizik: Era askotako errealitate linguistikoak ditugu, eta etengabe aldatzen ari dira. Arrakastarako giltza errealitate berrietara egokitzeko gaitasunean dago. Baieztapen honi lotuta Gutiérrezek uste euskararen merkatu potentziala etengabe ari dela hazten, eta enpresek merkatuaren eskaerari erantzuteko gai izan behar dutela.
Gutiérrezek argudiatu du euskararen erabilerak gertutasuna eta konfiantza adierazten duela: Euskara darabilen entitateak hiritarrengandik gertukoagoa da eta pertsonei konfiantza ematen die. Horrez gain, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak ziurtatu du enpresa batek gizartearenganako konpromisoa agertzen duenean eta gai sozialekin arduratsua denean, irudi hobea eta sinesgarritasun handiago ematen duela bere bezero nahiz langileen aurrean. Aurreko guztiari glokalizaioa deituriko kontzeptua erantsi behar zaio. Modu globalean pentsatzeari eta modu lokalean ekiteari egiten dio erreferentzia glokalizazioak eta enpresa inguruneko berezitasunetara egokitzea eta bere produkzioa eskari lokalen arabera bereiztea esan nahi du horrek.
Euskararen erabilerak enpresari onurak ekartzeaz gain, Ziurtagiriaren Elkarteak uste du euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea estrategikoa dela hizkuntzaren normalizaziorako. Era berean, enpresan euskara erabiltzea ere erabaki estrategikoa da: Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman ditugu helduen euskalduntzean eta alfabetatzean, hezkuntzan, kulturan, komunikazioan eta administrazioan bertan, baina pauso horiek lan munduan euskara indartzeko neurriekin osatu behar dira.
Horrexegatik dihardu Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez lanean. Zortzi urteko ibilbidea duen erreminta da Bai Euskarari Ziurtagiria. Euskararen normalizaziorako neurriak hartzen dituzten entitateak identifikatu eta kreditatzeko balio du: Bai Euskarari Ziurtagiria proiektu profesional, independente eta gertukoa da; eta euskararen normalizazioa lortzea du helburu, izan ere orain arte lortutako maila galtzeko arriskua izango dugu, lortutako horri jarraipenik ematen ez badiogu.
Euskal Herrian dagoeneko 40.000 langile baino gehiago ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean, eta 1.500 enpresa, komertzio eta era guztietako entitatek baino gehiagok daukate Ziurtagiria. Horien artean daude Bankoa, Elkargi, Caja Laboral-Gipuzkoako Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club Bilbao, Real Rociedad, Saski Baskonia, Miramon Kutxa Gunea, Hotel Restaurante Argiñano, Itzarri, La Casa del Café, Gaiker Fundazioa, Euskadiko kooperatiben Konfederazioa, Kalitatea Fundazioa, FREMAP, SkunkFunk... (Zerrenda guztia baieuskarari.org helbidean ikus daiteke).
Urte honetan Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaritza datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen aritu da. Gutiérrezek urtebete honetan egindako lana laburbildu du: Ziurtagiriaren diagnostiko bat egin dugu eta diagnostiko horretan oinarrituta datozen lau urteetarako erronka nagusiak zehazten dituen estrategia plana diseinatu dugu. Estrategia planak 2012. urterako lortu nahi dituzten helburuak hiru ardatz nagusitan jasotzen ditu: Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea, Euskal Herrian erreferente izatea eta pertsonen gogobetetze maila areagotzea. Ziurtagiriaren Elkarteak aurrikusten du datozen lau urteetan Ziurtagiria eskuratuko duten enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen kopurua ia bikoiztu egingo dutela: 2012. urtea bitartean 1.500 entitate berrik baino gehiagok lortuko dute Ziurtagiria.
PATXI XABIER FERNÁNDEZ:
ATHLETIC CLUBeko komunikazio arduraduna
Gure kirol filosofiaren oinarriak dio, gure ekipoan joka dezaketela gure harrobian bertan osatu diren jokalariek, edota Euskal Herriko Klubetakoek; eta Euskal Herria ondorengo lurraldeek osatzen dute: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea; eta beraz horietakoren batean sortutako jokalariek ere joka dezakete gure ekipoan.
Athletic Club-en eta euskararen arteko lotura berezkoa da. Klub-a Bizkaian oso errotuta dago, baina baita Euskal Herriko beste lurraldeetan ere; eta beraz, euskararekin elkarbizi da. Gizartetik, eta zehazki esanda Klub-aren inguruko pertsonengandik euskara erabiltzeko eskaria iritsi zaigu.
Athletic Club-a euskal entitatea da, eta ondorioz euskara bizi deneko gizarte baten isla da: berezkoa dugunaren aurrean sentitzen dugun harrotasuna euskararekin lotuta dago; harrobiko politika euskal hiztun diren belaunaldi berrietan islatzen da; bazkideek euskaraz bizi nahi dute, eta Klub-ak euskaraz bizitzea onartu behar du.
90eko hamarraldi amaieran orain arte aipaturiko arrazoiak tarteko, Athletic Club-a Bai Euskarari akordioaren bultzatzaileetako bat izan zen. Ziurtagiria eskuratu ondotik berreuskalduntzeko prozesuan buru-belarri sartu gara; komunikazio espazio berriak ireki ditugunez gure bazkide eta zaleekin harremanak hobetu ditugu; eta euskararekin geneukan konpromisoa handitu da.
Praktikan Bai Euskarari Ziurtagiriaren ondorioak hauetxek izan dira: web trilinguea; idatzizko publikazio elebidunak; Klub-aren komunikazio elebidunak; telefono bidezko harrera euskaraz; lanerako materiala euskaraz; Lezamako nahiz San Mameseko errotulazioa euskaraz; eta barne-komunikazioaren euskalduntzean aurrerapausoak.
ZIGOR ARTAMENDI eta IORITZ ETXEBERRIA
FREMAPeko arduradunak
FREMAP lan arriskuen prebentzioaren sektoreko enpresa nagusia da eta estatu osoan prebentzioaren aholkularitzan lan egiteko baimena du. FREMAPek EAEn eta Nafarroan guztira 10 bulego ditu eta 143 langile ari dira horietan lanean.
Kalitatea da FREMAPen lehentasunetako bat. Hori lortzeko epeak eta betebeharrak zorroztasunez eta puntualtasunez bete, eta gure prozedimentuak erakunde kreditatuen menpe jarri nahi izan ditugu. Ildo horretan ulertu behar da lortu berri dugun Bai Euskarari Ziurtagiria ere. Izan ere, FREMAPen filosofiari jarraiki, euskara enpresan txertatuta merkatuaren aurrean gure zerbitzuak hobetu nahi izan ditugu.
FREMAPek tokian tokiko errealitatera egokitzea garrantzitsua ikusten du eta horretarako tokian tokiko hizkuntzak kontuan hartzen ditu. EAEko nahiz Nafarroako FREMAPen zentroetan ikusi dugu, gure bezeroek gero eta gehiago erabiltzen dutela euskara eta behar horri erantzun nahi izan diogu. Horregatik erabaki genuen Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko urratsak ematea. Enpresak hobera egin dezan eman ditugu Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko urratsak.
Ziurtagiriarekin jendaurrean erakuts dezakegu euskararen aldeko neurriak hartu ditugula enpresan. Ziurtagiriak lagundu egin digu gainera, enpresaren barruan euskararen bilakaeran aurrera egin eta euskararen txertatze maila handitzen. Azken batean, Bai Euskarari Ziurtagiriak jarritako helburuak betez, euskara inoiz baino gehiago hartu dugu kontuan. Eta horrek lehiakorrago egin gaitu.
Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko prozesuaren barruan zenbait aldaketa egin behar izan ditugu FREMAPen: bezeroei eman beharreko dokumentazio asko euskara hutsean egotetik, bi hizkuntzatan egoera igaro gara; irudi korporatiboa gaztelaniaz ez ezik euskaraz ere jarri dugu; bezeroei eman beharreko formazioa euskaraz eskain dezakegu orain; lankideen artean motibazioa eta euskararen erabilera handitu dira; euskara batzordea sortu da...
KOIKILI LERTXUNDI:
ITZARRIren koordinatzaile nagusia
Uste dugu era honetako ziurtagiriek gure enpresa proiektua indartzen dutela
Gure langile guztiak euskaldunak direla kontuan izanda, Itzarriren filosofia eta euskara oso estu daude lotuta. Guk egunero erabiltzen dugu euskara gure artean. Gure enpresaren filosofia eta euskara eskutik doaz.
Itzarriren sorreratik bertatik enpresak euskararekin izan duen harremana oso estua izan da. Dokumentazio guztia beti euskaraz aurkezten da. Bezeroekin ari garenean euskararen presentzia areagotzea da gure helburua, nahiz eta bezero horiek askotan gure hizkuntzarekin inolako erlaziorik ez izan. Hala, Itzarrik ematen duen irudia euskalduna eta elebiduna da, eta horrek enpresa munduan euskararen presentzia normalizatzen laguntzen du.
Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko gure nahia eta erabakia aspaldikoak dira. Gure Plan Estrategikoaren puntan zegoen. Izan ere, uste dugu era honetako Ziurtagiriek gure enpresa proiektua indartzen dutela.
Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuenetik, Itzarrik logoa hainbat produktutan erabiltzeko aukera izan du eta modu horretan euskararen lanketarekin erlazionaturiko lanak lortu ditu; eta batez ere enpresaren irudia hobetu da euskararen munduan. Itzarrin uste dugu Ziurtagiriak enpresaren kalitatea gehitu duela. Beraz, gu oso harro gaude Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dugulako.
Maila kormertzialean lehiakorragoak gara Ziurtagiriari esker. Langileon arteko komunikazioa hobetzen ere asko lagundu digu. Euskararen eguneroko erabileraren kontzientzia handiagoa daukagu orain.
Erantzun
Sartu