Teknologia albisteak
2

Blas Uberuagari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Sustatu
2008-11-25 : 10:11

Blas Uberuaga Buber ezaguna da Interneteko euskal esparruan, Buberren euskal orria sortu zuelako joan den hamarkadan, sareko lehen euskal baliabideetako bat. Euskal jatorriko idahoarra da Blas, baina ez dugu elkarrizketatu ez euskal diasporaz, ez Interneteko euskal presentziaz galdetzeko, baizik eta energiaz, fisika nuklearraz eta Estatu Batuen politikaz jarduteko.

Blas Uberuagak 37 urte ditu, New Mexicon bizi da, ezkondua dago eta alaba bat du. Seattle hirian ikasle zela sortu zuen Buberren orria, baina orain, funts handiko argitalpenak sinatzen dituen fisikaria da Los Alamos laborategian. Elkarrizketa hau duela egun batzuk egin genion e-postaz ingelesez, joan den asteko Garoñako gertaerak baino lehenago.

Blas, esaiguzu zein lan eta eginkizun duzun Los Alamos National Laboratory-n

Lehenik, esan dezadan hemen erantzundakoak nire iritziak direla bakarrik, ez nahitaez Los Alamos National Laboratoryrenak (LANL).

Zientzilaria naiz LANL-en. Lantalde batean nago, energia nuklearrerako aplikazioa izango duten materialak ikertzen. Bereziki, erregai nuklear hobeak izan daitezkeen materialetan dugu interesa, eta erreaktore nuklearretako hondakin nuklearrak hobeto tratatzeko balioko luketenetan ere bai. Oinarrizko mailan aztertzen ditugu materialak, aplikazio desberdinetarako bata edo bestea zergatik den hobea ulertzen saiatzen. Zehazki, ordenagailuko simulazioak egiten ditut nik, materialak aztertuz eskala atomikoan, jakiteko eskala atomikoko propietate horiek nola gidatzen duten materialen portaera ingurune nuklear desberdinetan.


© Lisa Van De Graaff (Blasen emaztea)

Hor asmatu zuten bonba atomikoa... Beldurra izan beharko genioke leku horri?

Bonba hemen asmatu zen, bai, II. Mundu Gerran, naziak ere bonba garatzen ari zirelako kezka akuilatuta (behintzat neurri batean). Munduko zientzialari azkarrenetakoak Los Alamosen zeuden orduan, besteak beste Feynman, Oppenheimer eta Bethe. Gaur laborategiak misio anitzak ditu, eta armagintza lanaren parte handi bat den arren oraindik, egiten den lanean beste alor asko daude, eta horien artean ditugu energia alternatiboan ikerketa (eguzkikoa, biomasa, nuklearra eta ikatz garbia), HIESa, super-kondukzioa, arriskuen detekzio eta murriztapena, eta beste hainbat. Nire ustez, ez da beldurra izateko leku bat. Puntako zientzia gertatzen den leku bat da, Estatu Batuen zerbitzura, eta munduaren zerbitzu guztiontzat inportanteak diren alor askotan.

Esaiguzu zure ikuspuntua energia nuklearraz.

Tira, nuklearraren aldekoa naiz, pro-nuklearra. Materialetan egiten dugun lanak ez du gaur diferentzia handirik egiten, baina agian oinarriak ezarriko ditu hurrengo belaunaldi nuklearrean hobekuntzak gertatzeko. Munduak izango duen energia behar gero eta handiagoei erantzuteko modu bakarra, nire iritziz, energia nuklearrean dugu. Ez dago inolako modurik energia berriztagarriekin nahikoa energia sortzeko, batez ere mundua oro har AEBetako kontsumo mailetara hurbiltzen bada (eta horixe gertatuko dela ematen du, zenbat eta aberatsago bihurtu herrialdeak, erlazio zuzena dago aberastasunaren eta energiaren erabilpenaren artean).

Era berean, onartuz energia nuklearrak badakartzala arazoak, eta hondakinena arantzatsua bereziki, bere baitan lekututako kontua da. Toki jakin batean kokatua egon daiteke. Ikatzaren hondakina airera jaurtitzen dugu, eta ez du inork ikusten, baina kantitate ikaragarrietan isurtzen da eta hura kontrolatzea askoz zailagoa da. Gigawatio 1 indarra emango duen zentrala martxan izateko, 8000 tona ikatz behar dituzu, edo hiru libra uranio (1,36 kilo). Horregatik naiz nuklearraren aldekoa.

Nuklearraren hobekuntza horiekin zein harreman du zure lan zehatzak?

Erradiazioari materialek nola erantzuten dioten aztertzen dugu, zein materialek eusten dioten, eta zein desintegratzen diren, eta zergatik. Material berriak iragartzea da kontua, erreaktore hobeak egiteko balioko dutenak, agian 30 urte barru. Hobekuntzek efizientzia ekarri beharko lukete. Hondakinen arazoan ere oso sartuta gaude, zein materialek isolatuko duten ondoen hondakin nuklearra, eta horrekin, energia nuklearraren kezka iturri nagusietako bati erantzuten diogu. Hondakinentzako estrategia hobearekin, industria nuklearrak publikoaren kezka batzuei erantzun ahal izango die, onargarriagoa izan dadin energia azpiegituren berezko parte izatea energia nuklearra.

Energia berriztagarriak, klima aldaketa kontrolatu beharra... ez ote dira gai finantza krisiagatik estaliak geratu?

Kezka dago, bai. Estatu Batuetan bakarrik, hain arazo handiak ditugu, ezen diru kantitate ikaragarriak beharko dira horiei aurre egiteko, eta mozketak egingo dituzte presio gutxiago egiten duten kontuetan (hala ere, egia esateko, klima aldaketa gertatzen ari direla sinesten dudan aldetik, ezin dut irudikatu hau baino kontu kritikoagorik, behintzat epe luzera). Beraz, kezkatua nago energia berriztagarrien eta energia nuklearraren ikerketa eta garapenean mozketak egongo ote diren. Nolanahi ere, hau arazo globala da.

Estatu Batuak dira energiaren per capita kontsumoan lehenetarikoa (baina Kanadak behintzat energia gehiago darabil per capita), eta munduan ekonomiak garatzen joan ahala, jendea aberatsagoa izango da, eta energia gehiago eskatuko dute. Gainera, aldaketa klimatikoa ez da karbono dioxido gehien isurtzen duten estatuetara mugatzen, arazo globala da. Hortaz, mundu mailako elkarlanerako grina gehiago ikustea espero dut, klima aldaketa eta energia gehiagoren beharra, bi kontuak konpondu behar ditugulako. Horretara iristen bagara, mundua elkarlanean arazo hauei serio aurre eginez, arrakastarako gakoa ez da herrialde jakin baten ekonomia zehatzaren baitan egongo. Hori esanda, oraingo krisia globala da berez, eta beharbada horren ondoren inongo estatuk ez du behar bezainbesteko baliabiderik jarriko arazo hauei aurre egiteko.

Krisia nabaritzen da Amerikako auzuneetan? Zu bizi zaren lekuan, inguratzen zaituen jendearengan?

Baietz esango nuke. Gure auzunean, zailagoa da etxeak saltzea, baina nik dakidala, ez da desjabetzerik izan. Nolanahi ere, Santa Fe-n, eta nazio osoan, hau arazo handia da, jende asko ukitzen duena. Dendak ikusten ditugu ixten, horien artean kate handietakoak asko. Neure emaztea fisioterapeuta da, eta haien artean ere nabari omen da krisia, jendeak masajeak alde batera uzten dituelako, funtsezkoak ez diren gauzetan gastua murrizteko. Kaleko jendeak gero eta gehiago nabaritzen du, beraz.

Eta, esan dizudan bezala, kezkatzen nau ea gobernuari eragingo dion honek guztiak, presio egiten ez duten gauzak finantziatzeko, horien artean ikerketa eta garapena.

Jendeak gasolina merkea nahi du. Baina ez ote da gasolina garestia planetarentzat hobea agian?

Bat etor naiteke esaldi horrekin. Dagoeneko, AEBetan, ikusi dugu jendea hasi dela kamioneta handiak eta noranahikoak albo batera uzten, auto txiki eta konpaktoagoen alde. 1970eko energia krisian, gasolina prezioak oso gora joan zirenean, gobernuak aukera izan zuen ibilgailu eraginkorragoak bultzatzeko. Gaurko egoeran, gasolina jaisten bada berriro, jendea berriz auto inefizienteetara itzuliko da. Uste dut gasolina garestiagoak merkatuaren bi muturrak bultzatzen dituela: kontsumitzaileak garraio modu eraginkorragoetara bultzatzen ditu (ez bakarrik ibilgailuak, baita garraio publikoa ere, zeina hemen asko igo den gasolina igo denetik) eta behartuko ditu auto egileak beren garapen planak egitera, merkatuan auto efizienteak hartzera. Beraz, banaka sufrituko dugu apur bat gasolina garestiagoarekin, baina epe luzera, auto eraginkorragoak izango ditugu, eta kutsadura ere gutxituko da.

Zer espero duzu Berack Obama hurrengo presidentearengandik energia kontsumo eta ekoizpenaren alorrean?

Obamak adierazi du energia independentzia gehiago behar dugula. Nire ustez, termino desegokia da hori, ez gara sekula energian independenteak izango, beti jasoko dugu energiaren parte bat beste estatu batzuetatik. Helburua behar luke ez harrapatuta egotea energia ekarpen kritikoak egin ditzaketen estatu ez-lagunen eskuetan. Espero dut Obamak energia berriztagarrietan ikerketa berriak finantzatuko dituela, baldin eta finantza krisiaren arazoak eta Irak eta Afganistango gerrak kudeatu ditzakeen. Energia nuklearra onartzen duela ere iradoki izan du, baina hondakinekiz kezka ere azaldu du. Beraz, uste dut ziklo nuklearraren parte horretan ikerketa berria finantzatuko dituela. Baina aurrekontu federalari eskaera asko egiten zaizkio, eta ez dakit nola erantzungo dien guztiei gobernuak.

Obamak irabazita, sentitu duzu "aldaketa iritsi dela Amerikara"?

Tira, aldaketa zehatzak ikusteko goizegi dela uste dut, baina giroa aldatu dela iruditzen zait. Esperantza dut, baina errealista naiz. Eskaera asko zuzentzen zaizkio bai Obamari eta bai gobernuari oro har, eta kontu guztietan ez da hobekuntzarik izango berehala. Esperantza dut dena den, energia ikerketan ez dela merkealdirik izango, beste kontu batzuek garrantzia irabazi ahala. Ez dut uste energiaren arazoari muzin egin diezaiokegunik, jakinda ere beste gauza batzuek gure arreta merezi dutela. Baina uste dut gizon argia dela Obama, jende jantziaz inguratuko dena, eta inork kontu hauei erantzuna eman badiezaioke, itxaropena dut berak ahal izango duela.

Uste duzu Obamak eragingo duela AEBen nazioarteko politikan? Ba ote du alternatibarik Irak edo Afganistanen?

Uste dut eragin handia izango duela, batez ere beste herrialde batzuekin ditugun harremanetan. Estatu Batuek lehen, Bush-en aurretik, zuen posizioaren parte bat berregingo duela uste dut. Bera aukeratu izanarekin soilik, horretarako bidean jarri gara jada, baina asko dago egiteko.

Irak eta Afganistanen, uste dut plan alternatiboak badituela, baina kontu delikatua da. Gerra horiek amaitu behar ditugu, baina ez dezala horrek esan nahi orain baino okerrago geratzen direla gauzak. Nik uste dut pertsonalki Iraken sartu ez bagina, gure energia Afganistanen bildu izan bagenu, nazioarteko laguntza genuenez hartarako, agian egingo genuen herrialde egonkor bat, Taliban berrindarturik gabe. Beraz, Obamak aditu militarrekin kontsultatuko du ibilbidea, baina hortik zer irtengo den, ez naiz ausartzen iragartzen.

Eta Iran?

Uste dut Bush bera ere iritsi dela ondorioztatzera etsaiekin hitz egin behar dela, tentsioak konpondu behar baditugu. Uste dut haratago iritsiko dela Obama. Diplomazia gehiago erabiliz, lan sakonagoa konponbideen bila. Irani buruz, ez dut argi benetako arazoa den, ala hala marraztu diguten, etsai berria balitz bezala. Itxaropena dut Obamak egoera berraztertuz, guretzako edo gure aliatuentzako mehatxuaren benetako maila neurtuko duela, eta hori baretzeko lan egin.

Erreaktore nuklear hobeak, energia ekoizpen hobe baterako. Bapo, egin ditzagun, energia mota hori bultzatu dezagun garatzen ari diren herrialdeetan ere. Ez ote du horrek, aldi berean, armentzako moduko materialaren sorkuntza erraztuko, eta proliferazio nuklearra ekarriko.

Apur bat nire jakintza esparrutik kanpo geratzen da hori, baina kontu garrantzitsua da. Proliferazio nuklearraren beldurrez ez dute Estatu Batuek gastatzen duten erregai nuklearra birprozesatzen. Nolanahi ere, orain esploratzen ari garen kontzeptuetan, hau ere kontuan hartu behar da, eta energia nuklearra globalki hedatzen bada, honetaz arduratu beharra dago. Hori esanik, guk zer egin ere, Txinak aurrera egingo du energia nuklearrarekin. Eta nire iritziz hobe genuke haiekin batera lan egin kontsentsuaren bila, bakoitza bere bidetik joan baino.

Lan egin duzu ez bakarrik material nuklearrekin, baita puntako beste esparru batzuetan ere, erdieroaleak esaterako (ingelesez semiconductor, txipak egiteko propietate elektriko bereziak dituzten materialak). Kontatu apur bat horretaz.

Erdieroaleek gizarte modernoan duten garrantzia ikaragarria da. Ordenagailua eta txipak alde guztietan daude, haiek gabe bizimodua oso desberdina litzateke. Bultzada dago txipetako materialen ezaugarriak etengabe hobetzeko, txikiago, azkarrago, merkeago bihurtzeko. Promesa dakarren bide germanioarena da, txipetan germanioa izan, egun silizioa dagoen lekua. Ezaugarri politak ditu germanioan silizioarekin alderatuta, baina erdieroaleen teknologiarako behar den produktu hutsa lortzea zailagoa da. Gu ikertzen ari gara germanioarekin batera zein beste material egon daitezkeen, nahita ala ausaz, nahasketa horren propietateak aztertzeko. Materialaren gaineko ezagutza handitu nahi dugu, ingeniariek fabrikazio prozesuan kontuan hartzeko eta funtzionamendu hobea lortzeko.

Germanioak ez du gero Polonioa inbadituko.

Ez naiz atzerri politikan aditua, baina ez dut uste aukera handirik dagoenik. Alabaina, Germanioak Polonioa inbaditzen badu, Amerizioa Polonioaren defentsan joango dela uste dut.

Beste zerbait gehitu nahi zenuke?

Elkarrizketa itxi nahi nuke esanez energia dela gizateriak datozen 50 urteetan aurre egin beharreko erronka handienetakoa. Mendebaldean, bereziki, gure gizartea energia hornikuntzan dago oinarritua, eta munduko beste parte batzuk estandar horretara hurbiltzean, energia eskaria handituko da. Gainera, beroketa globalari aurre egiteko energia garbia behar dugu. Beraz, ez bakarrik behar dugu energia gehiago, oraingo iturrien aurrean alternatibak ere behar ditugu. Ahalegin masiboa behar dugu energiaren arazoari aurre egiteko. Epe luzeko arazoa da, tamalez, eta epe luzeko plangintza behar dugu, eta horrek talka egiten du Mendebaldeko hauteskunde zikloen laburrarekin. Nolabait, hauteskundeetako epe motzetatik askatu behar dugu plangintza egiteko. Gure gobernuen lehenbiziko erronka hori izan behar dela uste dut.

Erantzunak

xabi
2008-11-25 : 13:19

Onartzen det energia nuklearra irtenbide bat izan daitekeela epe luzeera (gaur egungo teknologiakin ez da beste biderik ikusten, baina denborarekin auskalo), baina zer gertatzen da gaur dauden instalazio zaharkituekin? Beste 10 urte Garoña martxan? Hasi gaitezen zaharrak kentzen eta gero-gerokoak, eta bitartean energia berriztagarriari indarra ematea beste aukerarik ez dago.


www.hitzakdantzan.blogspot.com


Luistxo Fernandez
2008-11-27 : 09:21

Blasek elkarrizketaren originala, ingelesez, argitaratu du bere blogean.


Zerbait komentatu nahi duenak, ingelesez moldatzen bada, mesedez han utzi erantzuna eta hariari jarraituko dio Blasek, halaxe adierazi dit berak.


Erantzun

Sartu