Gaur aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmo berria eta bertatik jaiotako Publikatu.com iragarki zerbitzua. Laborategiko arduradun Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek eman dituzte azalpenak prentsaurrekoan
Lehenengoaren hitzetan, Arraytxiki Web Laborategia orain arte pertsona ezberdinek interneten, eta nagusiki euskaraz, sortu dituzten web aplikazioen bilgune izateko bokazioarekin jaio da. Izan ere, Juliok eta Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu dituzte azken urteotan, besteak beste, bideoak partekatzeko Euskaltube.com, lastermarkak gordetzeko Bildu.net, euskarazko albisteak bilatzeko Zerberri.com baita Txioka.net izeneko sare soziala.
Bada , aurrerantzean, egitasmo horien guztien garapena eta mantentzea bere gain hartuko du Arraytxiki Web Laborategiak, eta hemendik aurrera sortuko diren proiektu berriak ere laborategi horren baitan garatuko dituzte elkarlanean. Gainera, laborategitik irtetzen diren egitasmoen arteko trakzioa indartzea ere du helburu, haien erabilpena sustatuz.
Laborategiak, bestalde, parte hartzeko tresnak ere jarriko ditu behar dituenaren eskura. Arraytxiki.com izeneko webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gain, egitasmo hau ostatu hartuta dagoen zerbitzarian badago beste batzuentzako tokia ere, eta toki hori jendeak esperimentuak egin ditzan erabiltzea nahi dugu, esan du Juliok. Akuariuma izeneko atalaren bitartez, Arraytxiki Web Laborategiak webgune berrien sorkuntza sustatu nahi du eta, horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu ondoren doako ostalaritza eskainiko zaie egitasmoak garatu nahi dituzten norbanako edo elkarteei, inolako konpromisorik gabe.
Gorka Juliok adierazi duenaren arabera, hala ere, Arraytxiki Web Laborategiak mundu birtualean ez ezik mundu fisikoan ere indartu nahi du pertsona berritzaileen arteko harremana. Helburu horrekin antolatuko dituzte hilabetero Blogs&Beers bilkuren atzerakoa izan nahi duten Fish&Txips topaketak.
Arraytxiki Web Laborategiaren topagune nagusia, hala ere, blog moduan sortu duten webgunea izango da. Bertan egongo da laborategiaren inguruko informazio guztia, hala nola, Arraytxiki Sarea, Akuariuma eta bestelako albisteak. Gainera, harremanetarako bide nagusi bilakatzea espero dute arduradunek.
Haritz Rodriguezek, bere adetik, laborategitik atera berri den lehenengo egitasmoaren xehetasunak eman ditu. Publikatu.com du izena eta, funtsean, interneten publizitatea zerbitzatzeko sistema aurreratua da. Rodriguezen esanetan, Arraytxiki.com eta Publikatu.com egitasmo anaiak dira, proiektu berberaren bi oinak. Gaineratu duenez, bata ez litzateke posible izango bestea gabe, eta alderantziz. Publikatu, beraz, Arraytxikiren finantzaketa sistema da nagusiki.
Arduradunaren aburuz, euskaraz dauden webguneentzat, maiz, oso zaila da publizitatearen merkatuan txoko bat egitea. Askotan, iragarleentzako, alegia, iragarkiak kontratatzen dituztenentzako, ez dira erakargatrri ustez bisita kopuru gutxi dutelako. Horregatik, eta Arraytxikiren indar metaketaren filosofiari jarraituz, Publikatu.com-ek iragarkiak hainbat webgunetan banatzeko aukera ahalbidetuko du. Guztien trafikoa batuta, iragarkien merkatuan erakargarri bilakatuko den eskaintza izango dela uste baitugu, esan du aurkezpenean. Arraytxikik, beraz, publizitate hori zentralizatu eta erakusleiho sare zabal batean banatuko du.
Mementuz, Publikatu.com zerbitzuak iragarkiak hilabetero 100.000 aldiz erakusteko gaitasuna duela esan du Rodriguezek. Izan ere, dagoeneko Euskaltube.com, Txioka.net, Bildu.net, Zerberri.com eta Zabaldu.com webguneetan jarriko ditu ikusgai iragarkiak. Azken hau, azpimarratu duenez, euskarazko hedabideen artean webgunerik bisitatuenetakoa da. Zerbitzua abian jarri dutela ospatzeko, eskatzen duten lehenengo 50 entitateei 2.000 inpresio oparituko dizkiete, gainera.
Baina publikaturen zerbitzua ez da hor amaitzen. Izan ere, erakusleiho hori handitzea da zerbitzuaren helburua orain, sareak ahalik eta bisitari kopuru handiena izan dezan eta iragarleentzako gero eta erakargarriagoa suertatu dadin. Horregatik, Publikatu.com zerbitzuari kontratatzen zaion publizitatea beste webgune batzuetan ikusgai egoteko aukera zabalduko du zerbitzuak. Alegia, hirugarren webguneei ere eskainiko diete iragarkiak atari horietan ikusgai jartzeko aukera, ondoren irabaziak partekatzeko.
Arraytxikiren helburua webgune ezberdinen arteko trakzioa eta erabilpena sustatzea denez, erakusleiho sareko kide bilakatzen diren webguneek beren publizitatea ezarri eta kudeatzeko gaitasuna izango dute. Alegia, kanpoko publizitatea erakusteaz gain, erakusleiho sareko kide diren webguneen bannerrak ere egongo dira bueltaka Publikatu zerbitzuaren bitartez. Beraz, lankidetza formula hau beste webguneentzako erakargarri izatea espero dute, batetik, dirua irabazteko aukera eskainiko dielako eta, bestetik, beren webgunea sare horretan sustatzea ahalbidetuko duelako.
Amaitzeko, Publikatu.com zerbitzuak ere bere webgune propioa duela gogorarazi du Rodriguezek. Atari honen bitartez, nahi duenak publizitate tarifa lehiakorrak ikus ditzake eta interesgarriak iruditzen bazaizkio harreman formularioaren bitartez administrazioarekin kontaktuan jar daiteke. Erakusleiho sarea handitzen joan ahala, webgunean egongo da zerrendatua, halaber. Eta, azkenik, bezeroek nahiz erakusleiho lanak egiten dituzten lankideek publizitate kanpaina guztien gaineko kontrola izango dute, erabiltzaile izen eta pasahitza emango baitzaie kudeaketa sistemako sarbidea izan dezaten.
Mundu mailako krisi ekonomikoarekin kapitalismoaren zimenduak kolokan zeudela esan duenik badago. Baita kapitalismo berri baten atarian gaudela. Bai zera. Munduko 8 edo 20 estatu aberatsenek zer arraio egingo dute gizarte gehienak kutxatu dituen gaixotasun baten aurka? Fidel Castrok esan zuen bezala, gizateria kapitalismoa deitzen den segada ebolutibo batetan jausi da.
Baleak dezagertzen lagundu genuen euskaldunok, Ipar Amerikako biztanleriaren %90a garbitzen lagundu genuen euskaldunok, "deslokalizazioa" bezalako hitz eleganteekin XXI. mendeko imperialismoa praktikatzen dugun euskaldunok, Euskal Herrian ekoiztutako armak herri txiroetako arazoak betikotzeko erabiltzen direla ulertu nahi ez dugun euskaldunok, gosez hiltzen ari diren Afrikar herrien kostaldetan lasaitasunez arrantzan egiteko eskubidea osoa dugula uste dugun euskaldunok, orain, Internet bitartez kontsumismoa laguntzen hasten gara. Kontsumismo euskalduna, kontuz.
Gizartea askatzeko boterea ei duten webgune modernoetan ageriko leku bat erreserbatzen diogu kontsumismoaren tresna garrantzitsuenetako bati, publizitateari. Eta noski, aldi berean kanon digitalaren aurka gaude lapurketa bat delako, Abiadura Handiko Trenaren aurka gaude inposaketa bat delako eta Petronor gorrotatzen dugu koke planta berria egingo duelako. Errua besteena da, beti besteena. Nik, askok eta askok bezala, hipoteka bat daukat, kontsumitu egiten dut eta abar. Guztiok bezala, nire inkongruentziekin bizi beharra daukat, baina lau ogerleko irabazteko (edo kasu honetan aurrezteko) ez dut euskal blogolanda publizitatez betetzerik nahi. Eta hori da hain zuzen ekimen honen emaitza. Batzuk merezi duela pentsatuko duzue, edo are gehiago, ezinbestekoa dela. Nik ez dut horrelakorik uste.
Oharra: Mezu honekin ez dut inor iraindu nahi. Bakoitzak berea egiten du eta nik errespetatzen dut. Ni ere errespetatua izatea espero dut ekimen hau gustoko ez dudala esaten dudanean. Euskal webguneak publizitatez josi aurretik aukera gehiago aztertu zitezkeela bakarrik esaten dut. Ekimen honi esker jende berriak webguneak sortuko baditu, poztuko naiz, baina oraingoak eta etorkizuneko euskal webgunetan publizitatea barra-barra ikusi behar badugu, nire ikuspuntu pertsonaletik, onurek ez dute merezi.
Aupa Luistxo:
Eskerrik asko. Eta, bai, bihar Gorka eta biok, eta nahi duen beste edonor, Donostiako Kafe Antzokian egongo gara 20:00etatik aurrera pote batzuk hartu eta hitz egiteko. Egia esateko, gaur, aurkezpenaren ostean, izan dugu lehenengo Fish&Txips topaketa bertaratu diren lagunekin. Geure blogetan kronikak idazteko asmoa ere badugu, prentsa oharraz harago. KMKk streamingean eskaini duen bideoa ere badugu. Ea aurki sareratzerik dugun.
Iepa Txopi. Nahi baduzu etor zaitez zu ere, gustura entzungo ditugu eta (gai bagara) erantzungo diegu zure kritikei.
Eta, esan dezadan aldez aurretik, eskatzen duzun bezala errespetatzen dugu zure iritzia, jakina. Kritikak guztiz zilegi dira, ados egon ala ez.
Erantzun ere erantzuteko asmoa dut nik behintzat, baina nahiago dut ongi pentsatu zer esan. Bota dituzun guztiei argumentuekin erantzun nahi baitiet, eta argumentu horiek ongi txukundu nahi nituzke.
Eta ez, ni behintzat ez naiz iraindua sentitu. Lasai beraz.
Aukera bat da
Aukera bat gehiago da publizitatea euskal komunitatean baliatzeko tresna bat behar zen eta hori sortu nahi izan dugu. Tresna bikoitza da web guneek beraien arteko ezagutza landuko duena (beraien bannerrak beste webguneetan erakutsiz) baina baita kanpoko iragarleen publizitate komertziala erakutsiz. Orain arte proiektu asko beraien burua autogestionatzeko arazoak zituzten honek ez dakit konpondu baina beharbada aukera berri bat agertzen zaie hori egiteko. Gogoratu aukera bat besterik ez da.
Ez da berdina
"Kapitalismoarentzako txoko bat utzi duzue". Beste era batera ere ikus dezakegu. Autogestiorako era xume bat sortzen saiatu gara. Publizitatea jartzea erabaki bat da (oker egon edo ez) baina webgunearen jabeak erabakitzen du eta horrela proiektuak aurrera ekitea lortzen badu...
Beste bide batzuk daude... BAI dudarik ez bestela gure webguneek orain arte ez zuten bizirauterik izango, beste lehio bat ireki nahi izan dugu, besterik ez.
Banner bat erakustea burukoan... Ez dut uste "Blogolanda publizitatez betetzea denik".
Proiektuaren atal bakar bati begiratu diozu
Proiektuaren atal bakar bati heldu diozu kritika egiterakoan:
Batez ere
Publikatutik ateratzen den dirua proiektu hauek guztiak mantendu, hobetu eta aurreratzeko bideratuko da. Hau kapitalismo berri baten hasierarekin lotzen baduzu kasu honetan ez nago ados. Diru horren onurak zuzenean euskal interneteko esparrua hobetzera zuzentzen dira.
Hala ere
Hurrengo barrikadan elkarrekin egotea espero dugu denok. Pozten naiz kritika hau egin izanagatik zure iritzia beti dut (eta izango dut) kontutan.
Mikel Iturriak bere blogean egin du proiektu honen aurkezpenaren kronika.
Haritzen erantzunaren zain nengoen baina artikulu hau Sustatuko artxiboetan murgildu aurretik, Teketen, zuri behintzat erantzun nahi dizut.
Proiektu hau innobazioaz doa, berrikuntzaz doa. Barrikadak aipatzen dituzunez, ez dakit zure burua aktibista bat bezala ikusten duzun, edo pertsona berritzaile bat bezala. Agian aktibismo berritzailea da zurea, ez dakit.
Nik dakidana da Delicius.com-ek eta Twitter.com-ek inoiz ez dutela publizitaterik eduki (naiz eta .com izan), baina beraien kopiak diren Bildu.net eta Txioka.net webguneek berriz bai. Munduan zehar hainbeste zabaldu diren proiektu horiek (baita Wikipediak ere, edo Indymediak) publizitate gabe lortu dute hainbeste jende erakartzea. Publizitaterik ez zutelako bakarrik lortu dute arrakasta? Noski ezetz. Kasualitate hutsa da? Ez dut uste. Publizitaterik ez izatea arrakastaren aldagaietako bat izan da? Posibleena da.
Berrikuntzari eta aktibismoari dagoekionez, Indymediak adibidez, orain "weblog" izenarekin ezagutzen dugun webgune bat sortuz hasi zen. Berritzailea izan zela esan dezakegu (eta berritzaileago izateko proiektu berriak daude martxan) baina innobazioa zentzu politikoan erabili zuen. Software librea arrazoi politikoengatik (FSF) edo arrazoi pragmatikoengatik (OSI) garatzen dutenak dauden bezala, innobazioa oso arrazoi desberdinengatik bilatzen dutenak daude. Bestela, "berrikuntza" mota batzuk ulertezinak izango lirateke. Agian horregatik, pertsona batzuek berrikuntza eta garapena sinonimotzat hartzen dituzte, innobazioak derrigorrez desarrolismoa ekarri behar duela ondorioztatuz. Nire ustez, softwarea garatzeko era bat baino gehiago dagoen bezala, berritzailea izateko era bat baino gehiago dago. Aktibismoak, innobazioa gizarte zuzenago bat lortzeko tresna bezala erabiltzen du, berrikuntzaren bitartez gizartea hackeatu egiten du. Trasna baten ordez innobazioa bera helburu bezala hartzen dutenak, frikiak izaten dira, teknopatak (hau ez da indirekta bat), gatchet adiktoak.
Guzti hau filosofikoegia delakoan nago eta nekez lortuko dut diodana inork ulertzeko moduan azaltzea. Zorte txar pizkatekin, gaizki ulertua izatea lortuko dudanaren susmoa daukat... Beraz, ona hemen iruzkin honekin igorri nahi dudan mezua labur-labur: innobazioa orokorrean begi honez ikusten dut, baina berritzailea izateko hamaika modu daude (eta hamaika eragile sozialek egiten dute), eta nire ikuspuntutik era guztiak ez dira egokiak. Thoureauk desobedientzia zibila asmatu zuenean berritzailea izan zen, baina Hitlerrek juduak, ijitoak eta abar hiltzeko gas labeak asmatu zituenean ere bai. Berrikuntza bakoitza, helburu baterako edo besterako erabili daiteke (batzutan bietarako, medikuntza ikerketei esker sortu zen bonba atomikoa bezala).
Atzo EiTBko mundo.hoy programan azaldu zutenez, datorren hamarkadetan petrolio gabeziak zekulako arazoak eta liskarrak ekarriko ditu, munduko biztanleriaren portzentai handi baten iraupena koloka larrian jarriz. Ulertu ere egiten ez ditugun munduko ekosistema ahulduek laster sorpresa txarrenak ematez hasiko diren arriskua dugu. Eta bitartean, euskaldunok kontzumitzen jarraitzen dugu. Are gehiago esango nuke, kontsumismoan sakontzen jarraitzen dugu, kapitalismoaren eta garapen etengabearen ilusioak itsututa. Publizitateak diozkunari jaramon eginez, gure aztarna ekologikoa puztu eta puztu besterik egiten dugula ez dugu ikusi nahi.
Arraytxiki/Publikatu binomioa, eratuta dagoen bezala, euskaldunak gehiago kontsumitzera bultzatuko dituen publizitate sistema errazago eta eraginkorrago bat bilatzen du, eta argi dago hori berritzailea dela. Baina epe ertain eta luzean euskal gizartea hobetzen lagunduko du? Nire ustez ez.
Teknologiaren bitartez adierazpen askatasuna bermatzea positiboa ikusten dut. Botere lobbyen eskuetatik at funtzionatzen duten gizarte antolaketan laguntzea, software eta kultura librearen alde egitea, demokrazia zuzena garatzeko moduak aztertzea eta abar, "innobazio sozial" interesgarriak iruditzen zaizkit. Baina berrikuntzaren jatorrizko arrazoiak gidatutako bide horretan, hau da gizakia laguntzeko ingenioaren bilaketan, ahal den heinean behintzat kalterik ez sortzen saiatu beharra daukagula uste dut. Nik publizitatea, beste diru iturri batzurekin alderatuz, saihesten saiatu behar garen zerbait dela deritzot. Ez hori bakarrik, herritik sortutako euskal irrati, talde, elkarte eta abar mordoak publizitatea diru iturri bezala baztertzen duten moduan, herritik sortutako euskal webguneok ere publizitatea baztertu behar dugula uste dut. Baina beno, hau nire ustea besterik ez da eta dakigun moduan usteak erdi uztel ;-)
Zorionak, Gorka eta Haritz, eta zorte on. Lehen minutuak galdu ditut, baina zuen aurkezpena ikusi ahal izan dut sarearen bidez.
Arraytxikin irakurri dudanez, Fish & Txips topaketak
hilabetero, lehenengo ostegunean izango dira, 20:00etatik aurrera Donostiako Doka Kafe Antzokian.
Azaroko lehen osteguna bihar da, hilak 6. Bihar da lehen Fish & Txips hori?